«« Itzuli
Literaktum letra eta lengoaien jaialdiak laugarren edizioa beteko du

2008/05/07
Literaktum letra eta lengoaien jaialdia hartuko du Donostiak maiatzaren 12tik 17ra bitartean. Publikoari ekintza erakargarriak eskainiz literatura hurbiltzea du helburu nagusi, eta horretarako, tailer bat, mahainguru bat, errezitaldi bat eta topaketak prestatu dituzte. Aurten, besteak beste, Espido Freire eta Fernando Iwasaki idazleak, Mauro Entrialgo ilustratzailea eta Juan Miguel Diaz de Guereñu artikulugilea izango dira bertan.
Jaialdia 12an hasiko da, Liburutegi Nagusian, eta Angel Erro eta Ixiar Rozas olerkariek euskal literaturako "Beste joerak" aztertuko dituzte. Maiatzaren 13an, Espido Freire eleberrigilea Okendoko kultur etxean izango da, publikoarekin aurrez aurre.
Maiatzaren 14an, Fernando Iwasaki Renacimiento literatur aldizkariaren zuzendariak mikrofikzioa lantzen irakasteko tailer bat gidatuko du, Liburutegi Nagusian. Hurrengo egunean, Ernest Lluch kultur etxeak komikien eta kritika sozialaren gaineko eztabaida hartuko du. Bertan, Mauro Entrialgok, TMEO argitalpeneko ilustratzaileak, eta Juan Manuel Diaz de Guereñuk, komikigile eta literatur kritikariak, hartuko dute parte.
"Historia Ahoz Aho: Belaunaldiz belaunaldi" izeneko mahaingurua izango da maiatzaren 16an, Tomasene kultur etxean. Amir Valle idazlea, literatur kritikaria eta kazetaria, eta Juan Gutierrez, arrazoi politikoen ondoriozko indarkeriaren biktimen elkarteen aholkularia, hartuko dituzte bertan gonbidatu.
Ekintzen programa 17an itxiko da Loiolako Benartegi baserrian. Bertan, Zehra Cirac, Xenia Dyakonova eta Angel Erro olerkariek poesia errezitaldia eskainiko dute Urumea bazterrean, musika etnikoaz lagunduta.

