Pastorala
- GRAFIKOA: Laburpen-taula
- AUDIOA: Maskaradari buruzko entzumena
Pastorala ahozko literaturaren beste adierazteko era bat zen, herri-antzerkiaren bidez. Eta beste literatura-mota batzuek bezala, bilakaera bat izan du urteetan zehar. Garai bateko pastoralak elizaren barruan egiten ziren, baina pastoralaren gordinkeriak zirela medio, elizatik kanpora atera zituzten.
PASTORALA
Pastoralean, musika eta dantza ezinbestekoak ziren, horiek pastoralari erritmoa ematen baitzioten.
Pertsonaietan, dualismoa aipatu behar da, hau da, pertsonaiak onak edo gaiztoak ziren. Pertsonaia onen artean, aingeruak, apaizak eta Jainkoa zeuden, baina azken hau ez zen inoiz agertzen, eta norbaiten ahotsa bakarrik entzuten zen. Gaiztoak, berriz, honakoak ziren: turkoak, frantsesak edo ingelesak.
Musikari dagokionez, pastoral zaharretan kantu gregorianoek garrantzi handia zuten; pertsonaiak sartzen eta irteten ziren bitartean abesten zituzten. Txirula eta atabala ziren nagusi.
Bestalde, dantza funtsezko osagaia zen, pastoralaren ardatza, alegia.
Antzina, goizean edo bezperan egiten zen deia inguruko auzoetan eta herrietan. Hori desfile baten bidez egiten zuten: munstra. Eszenatokira iristen zirenean, batek lehen pheredika botatzen zuen, hau da, agurra eta pastoralaren mezua. Ondoren pastorala hasten zen. Eszenak zenbatuta zeuden, jendeak istorioaren hariari hobeto jarraitzeko, eta musikariekin egoten zen mutiltxo batek eszenen zenbakiak erakusten zituen, jendeak istorioaren hariari hobeto jarraitzeko.
Amaitzean, azken pheredika botatzen zuten, alegia: eskerrak eman, pastoralaren mezua laburbildu eta azken agurra egiten zuten.
Pastoral modernoaren eta antzinakoaren arteko ezberdintasunak
Hasierako pastoraletan, batez ere, gizonezkoek hartzen zuten parte, eta emakumeren bat behar zutenean, emakumez mozorrotzen ziren. Oro har, eszenatokiak oso txikiak eta sinpleak ziren, baliabiderik ez zutelako; pastoral modernoek, berriz, eszenatoki handiago eta seguruagoak dituzte.
Pastoral modernoetako gai guztiak euskaldunak dira; antzina, Biblia eta Frantziako historiaren ingurukoak ziren.
Lehen, salmoak besterik ez ziren abesten; pastoral modernoan, koroak eta abesbatzak ikusteko aukera dago.
Pastoralak oro har anonimoak izaten dira, herrian bertan prestatzen direlarik. Egun erdia irauten dute: goizean partaideen desfilea, inguruko herri guztiak gonbidatuz; eta arratsaldean, antzerkia. Arrakasta handia dute, eta hegoaldeko nahiz iparraldeko jende asko biltzen da herri-antzerki hau ikustera.
Bertsolaritzaren eta pastoralaren arteko desberdintasunak
Bi literatur baliabide horien arteko desberdintasunak hobeto ulertzeko, ikus ditzagun beren antzekotasunak:
- Biak jende aurreko ekimenak dira.
- Biek bertsoa jorratzen dute (hitz neurtua): errima, erritmoa eta ahozko literatura.
- Bietan abestu egiten da.
- Bietan agurra eta sarrera bat dago.
Hala ere, parekoak iruditu arren, nahiko desberdinak dira, esaterako:
- Bertsolaritza herriko bazkarietan lagunen arteko desafio moduan hasi zen, eta geroxeago herriko plazetan aurkeztu zen lehiaketa publikoa bihurtuz. Pastoralek, berriz, erlijiozko antzerkian dute oinarri eta leku publikoetan antzezten badira ere, oholtza baten gainean sortutako eszenatoki batean egiten dira.
- Bertsolariak kaleko arropaz jantzita joaten dira, eta pastoraletakoak jantzi bereziekin; antzezten duten pertsonaiaz mozorrotuta, alegia.
- Pastorala mugimenduan dago etengabe, dinamikoa da. Bertsolaria, ordea, estatiko dago leku berean, mugitu gabe abesten duelako.
- Pastoralak zubereraz egiten dira; bertsoak, berriz, euskalki guztietan aurkitzen ditugu.

