EUSKAL LITERATURA

Leizarraga

Leizarragaren bizitza Karlos I. eta Felipe II.aren erregealdien artean igaro zen. Espainia Gaztela eta Aragoiko erregeen menpe zegoen bitartean, Nafarroa Frantzia eta Aragoiko erresumen artean eztabaidan zebilen. Nafarroako erregina Joana Albretekoa zen.

Leizarraga: bizitza

Joannes Leizarraga Beskoitzen jaio zen 1525ean. Jaiotzez lapurtarra izan arren, behe-nafarrera zen bere hizkera. 1601. urtean hil zen Lapurtiko Bastidan.

1560. urtean, Nafarroako erreginak erlijio katolikoa utzi, eta protestante bilakatu zen. Leizarraga ere protestantismora aldatu zen.

Giro horretan, Nafarroako erregina Joana III.a Albretekoak Testamentu Berria itzultzeko eskatu zion Leizarragari. Horretarako, lau laguntzaile protestante izendatu zituen Leizarragaren lana aztertzeko eta zuzentzeko. Leizarragak hala egin zuen: Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria itzuli zuen. Esan daiteke lan hori, 1571n argitaratua, euskal literaturaren lehen euskal prosa dela, nahiz eta batzuek esan Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren hitzaurrea dela lehena.

1567an ministro izendatu zuten eta Bastidara (Labastide-Clairence) bidali zuten.

Leizarragaren obra

Leizarraga ez da sortzailea, ez baitu sortu bere baitako obrarik. Beraz, itzultzailea da, eta, askoren ustez, euskal literaturak izan duen onena.

Leizarragak 1571n Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria argitaratu zuen, Nafarroako erreginak eskatuta. Liburuan bertan, "Gomendiozko carta" eta "Heuscalduney" izeneko atalak idatzi zituen. Lehenengoa Nafarroako erreginari zuzenduriko gutun bat da, eta bertan Leizarragak dio ez dakiela gai izango den agindutakoa ondo egiteko; beraz, horrelako galderak egiten dizkio bere buruari: Nor zara zu erreginari itzulpena eskaintzeko? Hobeto egingo al luke beste batek? Bigarrena lexiko zerrenda bat da, lapurterako eta zubererako hainbat hitz azaltzeko.

Horretaz gain, beste obra batzuk idatzi ditu:

Leizarragaren estiloa

Leizarragaren hizkera aztergai izan da sarritan. Testamentu Berria liburuko hasierako zatian aipatzen duen bezala, bere nahia ahalik eta gehienek ulertzeko moduko euskara aukeratzea da; izan ere, kontuan hartu behar da zein zen obraren helburu erlijiosoa.

Hala ere, Leizarraga oso mugatuta zegoen:

  • Bere herriko euskarak, lapurtera, ez zion balio, ez baitzuten denek ulertuko.
  • Itzulpena ahalik eta fidelena egin nahi zuen eta horretarako ez zion edozein euskarak balio.
  • Prosa landu gabe zegoen eta, beraz, ez zeukan jarraitzeko eredurik.

Hamaika azterketa egin arren, oraindik ez dute zehaztu zein izan zen Leizarragak aukeratu zuen euskara. Hala ere, zerbait badakite: Testamentu Berria liburu osoan zehar lapurtera da nagusi, eta behe-nafarrerako eta zubererako hainbat forma azaltzen dira; beraz, pentsa daiteke hirurak batu zituela jende gehiagorengana iristeko, ala bere euskalkia horrelakoa zen?

Hizkuntzalarien iritziak

Zein euskalki aukeratu zuen Leizarragak, Testamentu Berria itzultzeko? Zenbat aldiz galdetu ote zioten hori beren buruari Koldo Mitxelenak, Louis Lucien Bonapartek, Lafittek, Hugo Schuchardtek

Leizarragaren euskalkia zalantzaz inguratuta dago, eta hizkuntzalariek hipotesiak besterik ez dituzte egin:

  • Lafitteren ustez, Leizarragaren euskara bere etxekoa da, liburuan aipatzen duen bezala. Leizarraga Lapurdikoa zen eta Lapurdiko apaiz katolikoengandik ikasitako euskara erabili zuen.
  • Bonapartek dio garai batean bere herrian, Beraskoitzen, lapurtera, behe-nafarrera eta zuberera bat zirela eta Leizarragak itzulpena egin zuenean oraindik hirurak bereizi gabe zeuden. Horregatik, hiru euskalkietako hitzak agertzen dira.
  • Mathieu René Lafonek esan zuen Beskoitzen baxenafar eta zuberotar asko bizi zirela. Horretaz gain, gurasoak eta aitona-amonak baxenafarrak zituen eta erreginak ezarritako laguntzaileak zuberotarrak ziren.

Iritziak iritzi, badirudi Leizarragak aipatutako hiru euskalkietatik hartutako formak dituela; hala ere, ez dakigu zein euskalki aukeratu zuen Leizarragak.