XVII mendeko literatura Iparraldean
- GRAFIKOA: XVII mendeko euskal literatura
- TEST: Egia edo gezurra?
- TEST: Gezi bidez lotu
XVII. mendea espiritualtasun garaia izan zen, eta kultura erlijioarekin estu lotuta zegoen. Kultura erlijioaren mende zegoenez, abadeei zegokien kultura zabaltzea, eta, horretarako, herriko hizkuntza aukeratu behar zuten kristau guztiengana iristeko. Garai ona izan zen euskal kulturarentzat. Sarako Eskola mende honetan sortuko da, euskal kultura hedatzearen aldeko lehenengo taldea izan zena. Oihenart eta Ivan de Tartas mende honetako autoreak ere badira.
Sarako Eskola
Partaideak Sara, Donibane Lohizune eta Ziburukoak ziren. Axular eta Etxeberri Ziburukoa eskolakiderik narbarmenetarikoak izan ziren. Hala ere, bertan, Esteve Materre, Klaberia, Hirigoyti eta Guillentena moduko autoreak egon ziren.
Sarako Eskolako idazle guztiek ezaugarri komunak zituzten, esaterako:
- Gehienak elizgizonak zirenez, liburu erlijiosoak argitaratzen zituzten.
- Bertako kide guztiak giza zientzietan jantziak ziren.
- Hizkera aldetik, euskara arrunta eta herrikoia erabiltzen zuten, Leizarragaren latinerako joera edo kutsua alde batera utzita.
- Idazle-taldea osatzen zuten, eta, oro har, elkarri aplikatzen zioten zentsura.
- Batik bat bertsogintza jorratu zuten.
Oihenart
Arnaud Oihenart 1592an jaio zen Maulen. Familia apalekoa izan zen. 1667an Joana d'Erdoy noble aberatsarekin ezkondu ondoren, Behe Nafarroara joan zen bizitzera. Han Nafarroako Parlamentuko ordezkari eta hiriko zinegotzi izan zen. 1653an alargun geratu eta 1667an hil egin zen Donepaleun.
Oihenart gizon kultua zen: eskolatua eta ikasia (bost hizkuntza hitz egiten zituen). Politikaz gain, bestelako arloak jorratu zituen: historia, bertsogintza, literatura... Oihenart izan zen Euskal Herria osotasunean hartu zuen lehena. Lehen kritikaria ere izan zen, eta beste idazleei buruzko kritikak idatzi zituen, batez ere Ziburuko Etxeberriri buruz.
Bere obrarik garrantzitsuenak hauek dira:
- Notitia Utriusque Vasconiae (1638) Hiru liburutan banatuta dago: lehena, 14 kapitulukoa, Hitzaurrea; bigarrena, 17 kapitulukoa, Nafarroako antzinako historiari buruzkoa; eta azkenik, 13 kapituluko lana, Baskoniari buruzkoa.
- Les proverbes Basques recueillis par le Sr. d´Oihenart. Bi zati ditu:
- Atsotizac edo Refrauac: guztira 706 poema, frantsesera itzulita daude.
- Oihenarten gaztaroa neurtitzetan: amodiozko poemak dira, oso landutako estiloarekin. Obra honekin, euskaraz poesia ezin dela landu dioen ustearekin amaitu nahi du, arau horiek kalte egiten ziotelako euskarari.
- L'art Poéthique. Ez zen bere garaian argitaratu, eta Lafittek egin zuen, XX. mendean, bi ataletan bananduz: poesiaren erregela orokorrak eta erregela horien aplikazioa euskaran.
Egun Oihenart merezi duen bezala goraipatzen den arren, garai batean gutxietsia izan zen. Oso gizon zorrotza izanik, besteei egiten zizkien kritikak izugarri gogorrak ziren. Horregatik, Koldo Mitxelenaren esanean, Oihenarten ideiak ez dira ongi hartu: "Oihenartek eragin txikia izan du gure literaturan, kritiko intelektual handia izan arren".
Luis Villasante Kortabitarteren ustez, Oihenartek kritika eta objektibotasuna aitzakia hartzen zituen geroko idazleak kritikatzeko eta juzkatzeko, eta horregatik, ez dute estimu handitan izan.
Hala ere, geroko idazleak gogor astindu arren ("bertsogile arruntak" deitzen zien), bera ez zen uste zuten bezain harroputza; izan ere, berak ez zuen uste poeta zenik. Bere hitzetan: "Nire burua poetatzat ez dut, dibertimendua besterik ez dut bilatzen".
Ivan de Tartas
Ivan de Tartas 1611n jaio zen Zuberoako Soroetan (Cheraute), Mauletik gertu. Nekazari dirudun baten semea zen. Ikasketei dagokienez, zalantza ugari daude: badirudi Leskarren bertan zegoen Bernabetarren komentuan ikasi zuela. Ondoren apaiztu, eta Oloroeko koakjutore izan zen. Horretaz gain, Arueko erretore izendatu zuten, eta han bi liburu idatzi zituen: Onsa hilceco bidia (1666) eta Arima penitentearen occupatione devotac (1672).
- Onsa hilceco bidia, aszetika liburua da; bertan aipatzen du ongi bizitzeko heriotzaz sarri oroitzea dela onena, horrela era kristauaz obratuko baita. Lau zati ditu: paganoen eskriturak, eskritura zaharrak, Testamentu Berriko eskriturak eta giza arrazoia.
- Arima penitentearen occupatione devotac bigarren liburuaren gaia kristauaren eginbeharrak dira. Bertan hiru kapitulu bereizten dira: otoitza, baraua eta limosna.
Tartas oso idazle zaila da, eta horregatik inor ez da bere liburua zuzentzen ausartu. Oso idazle traketsa eta nahasia da: batetik, puntuen ordez, gehienetan, komak erabiltzen ditu, eta, bestetik, lexikoari eta ortografiari dagokienez, ez dio irizpide finko bati jarraitzen; hortaz, askotan zail samarra da bere literatura ulertzea. Bere lanetan frantsesaren kutsu nabaria ikus dezakegu, alegia, hizkuntza horren egitura darabil. Horretaz gain, sermoiak egiteko hainbat baliabidetara jotzen du bere obra sortzeko.
Tartasen hizkerari dagokionez, aipatu behar da bere euskarak hainbat eragin izan dituela: zuberera, lapurtera, behe-nafarrera eta Arueko euskara. Hasieran, Mitxelenak esan zuen Onsa hilceco bidia zubererako lehen liburua zela, baina hori ez da zuzena. Esandakoa zuzendu ondoren, Tartasen hizkera Amikuzeko (Mixe) behe-nafarrera zela esan zuen. Tartasek berak dio bere hizkera Aruekoa dela.

