EUSKAL LITERATURA

Gipuzkera literarioaren hasiera

Iparraldean zer-nolako aurrerapenak egin ziren ikusita, mendebaldean euskal literatura suspertzen hasi zen. Horrela, hainbat idazle oparo sortzen hasi ziren.

Larramendi

Aita Manuel Larramendi Andoainen jaio zen 1690ean, eta 1766an hil zen Loiolan. Jatorriz Aita Manuel de Garagorri zen arren, Larramendik amaren abizena erabili zuen, dirudienez, ez zelako aitarekin ondo konpontzen.

Hamabi urte zituela aita hil zitzaion, eta horrek erabaki zuen Larramendiren etorkizuna. Antonio de Miner izeneko osaba jesuita Bilboko Lagundian zebilen lanean, eta Larramendi hara eraman zuen morroi txiki gisa aritzera. 17 urterekin Lagundi horretan hasi zen ikasten. Ondoren, Salamancan ikasketak jarraitu zituen. Irakasle ere izan zen, besteak beste, Salamancan eta Valladoliden. 1730ean Baionara joan eta han erreginaren konfesore lanetan aritu zen. 1733an, ordea, Donostiara ihes egin, eta azkenik, 1734an Loiolara erretiratu zen.

Larramendi euskararen apologista sutsua izan zen, Sarako Etxeberri bezala. Hala ere, Sarakoak ez bezala, ia lan guztiak gazteleraz idatzi zituen. Euskaraz dauden lanen artean zenbait gutun eta hitzaurre besterik ez du: guztira 200 orritara ere ez dira iristen.

Hona hemen izenburu garrantzitsuenak:

  • De la antigüedad y universalidad del bascuence en España.
  • El imposible vencido: arte de la lengua bascongada. Lehen euskal gramatika.
  • Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria.
  • Diccionario Trilingüe. Bi ale.
  • Coreografía de Guipúzcoa, Autobiografía y otros escritos eta Sobre los Fueros de Guipúzcoa.

Larramendik estilo pertsonala eta ironikoa du. Oso idazle ona eta oparoa izan da, eta horregatik, hainbat idazlek jarraitu diete haren urratsei: Mendiburu, Kardaberaz, Elkanoko Lizarraga, besteak beste.

Kardaberaz

Agustin Kardaberaz 1703. urtean jaio zen Hernanin, eta 1770. urtean hil zen Bolognan. 1731. urtera arte Oñatin Teologiako irakasle ibili zen. Ondoren, 1731n, Loiolara joan zen, eta geroztik Euskal Herria osoan sermoigile aritu zen; horregatik menperatzen zituen euskalki guztiak. Bere hizkera gipuzkera zen. Oso erretorikoa zen, eta horregatik Erretorikoa goitizena ipini zioten.

Kardaberazen estiloa ahozkotasunean oinarritzen zen, hau da, esaten zituen bezala idazten zituen gauzak. Hori dela eta, garbizaleen indarra handitu ahala, Kardaberazena behera zihoan.

Hainbat obrak osatzen dute haren bibliografia:

  • San Isidororen bizitza.
  • San Ignazioren bizitza.
  • San Ignazioren ejerzizio zabalduak.
  • Eusqueraren berri onac.
  • Cristauaren bizitza.

Mendiburu

Sebastian Mendiburu Oiartzunen jaio zen, 1708an, eta Bolognan hil, 1782an. Iruñean egin zituen Filosofia eta Teologia ikasketak. Berak zerabilen hizkera gipuzkera eta goi-nafarrera zen. Estilo bikaina zuen; hizkuntza ondo menperatzen zuen, zalantzarik gabe. Hori zela eta, askok Zizeron euskalduna deitzen zioten.

Mendiburuk dantza eta zezenketa gorrotatzen zituenez, horri buruzko hainbat lan argitaratu zituen.

Bere lanen artean honakoak aurki ditzakegu:

  • Jesusen bihotzaren debozioa.
  • Jesusen amore nequeei dagozten cenbait otoitz gai.
  • Kristau onaren biziera.
  • Euskal Doktrina (Larramendi eta Kardaberazen laguntzarekin).
  • Hamar mandamentuen inguruko zenbait idazki (Larramendik zentsuratutako lana).

Jesusen Bihotzaren Devocioa

Hona hemen aipatutako gutunaren zatitxo bat. Larramendiren Jesusen Bihotzaren Devocioa liburuaren hitzaurrea izango zena.

"Esán biezat norcnahi, cembat, zor diotén zure Eusquéra onéc, beste hor dabiltzán hizcuúndeen náspillai? Esán beguit, ceñetan Jesusen biotzaréquico devocioaren gáya obetó, ederquiago, gozoroágo berecia dagoán, zuzendua ta apaindúa?"