EUSKAL LITERATURA

XVIII mendeko antzerkia

XVIII. mendean Ilustrazio izeneko mugimendu kultural bat sortu zen Europa guztian. Argien mendea deitu zioten, hain zuzen ere, mende honi. Ilustrazioak eragin handia izan zuen Estatu espainiarrean, eta batez ere Frantzian. Azken honetan entziklopedia sortu zen Dideroten eskutik. Horretaz gain, aski ezagunak dira garai horretako Rousseau, Montesquieu eta Voltaire. Baina Ilustrazioa ez da mugimendu literarioa bakarrik, kulturala baizik. Literaturari dagokionez, Neoklasizismoa sortu zen.

Herri-antzerkia: Ilustrazioa

Giro horren erdian, Euskal Herrian Bergarako Mintegia eta Azkoitiko Zalduntxoak aipatu behar ditugu. Bertan Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea sortu zen, ikaskuntza zabaltzea helburu zutela: lur-langintza, giza zientziak, fisika, kimika, hizkuntza modernoak eta klasikoak.

Garai hartan, literatur genero nagusia antzerkia zen, alegia, ikasteko eta denbora pasatzeko baliabide bat. Xabier Munibek, Peñafloridako Kondea eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen buruak, herri-antzerkia ere landu zuen. Bere antzerkiaren hiru unitateen erregela klasikoa ekintza, denbora eta tokia garaiko herri-antzerkiaren berrikuntza nagusia dela esan daiteke.

XVIII. mendeko antzerki-egileak

Pedro Ignacio de Barrutia

Oso gutxi dakigu Pedro Ignacio de Barrutia arabarrari buruz. 1682an Aramaion jaio zen eta 1759 Arrasaten hil zen. Batik bat, Accto para la Nochebuena antzerkiarengatik da ezaguna: obra hau R.M. Azkuek argitaratu zuen lehen aldiz Euskalzale izeneko aldizkarian 1897an (Gabonetako Ikuskizunak euskarazko izenburuaz). Hego Euskal Herrian egindako lehen antzerki-lana da, eta lotura asko ditu pastoralarekin: biak herri-antzerki dira, ekitaldi bakarra dute, eta ez dituzte espazio eta denbora unitateak errespetatzen. Baina, bestalde, badira aldeak bi antzerki-mota horien artean: arabarraren obran pertsonaia onen eta gaiztoen arteko banaketa ez da hain handia; bestetik, askoz ere laburragoa da (500 ahapaldi ditu, eta pastoralek 1.500 inguru).

Gabonetako Ikuskizunak bertsoz idatzia dago; euskara, berriz, erdarakadaz beterik dago, baina literatur balio handiko lana da. Garai neoklasikoan sortua izanik, orduko antzezpen orok bezala, helburu didaktikoa zuen; horretarako, obra honek Gabonetako misterioa azaltzen du, erlijioari jarraituz, baina ikusleak dibertitzeko asmoz ere eginda dago. Obra honetako euskara ulerterraza da, umoretsua, herri-esaerez josia eta neurri desberdineko bertsoz osatua (luzeak eta laburrak nahastuz).

Xabier Munibe, Peñafloridako kondea

Xabier Munibek Frantziako Tolosako josulagunekin ikasi zuen 18 urte bete zituen arte. Bere jaiotetxea, Azkoitiko Insausti jauregia, kultur gaiez mintzatzen ziren hainbat lagunen topaleku bihurtuko zen. Ilunabarrean, lagunarteko bilera horiek alaitzeko, musika eta antzerki emanaldiak antolatzen zituzten, Munibe bera bultzatzaile, egile, antzezle eta zuzendari zelarik; El borracho burlado izan zen horietako bat. Obra honetan euskara ere erabiltzen da, gutxiagotan ordea: ahoz esatekoa den testu guztia gaztelaniaz dago, baina kantatzekoak diren zatiak euskaraz. Antzerki komiko eta musikala da, argumentu eta egitura dramatiko sinplekoa, eta betiere "gozaraziz irakatsi" nahi duena, baina, aldi berean, baita euskara gustagarri bihurtu ere.

Muniberenak dira Gabon Sariak (1762), Azkoitiko parrokian kantatzeko sortutako gabon-kantak.