EUSKAL LITERATURA

Jean Etxepare (1877-1935)

Argentinan jaioa, gazte zelarik Euskal Herrira itzuli zen bere gurasoekin (1883). Itsasoz bestalde jaiotako idazle laiko bakarrenetarikoa da Etxepare. Larresoroko apaizgaitegira bidali zuten (1889) apaiztu zedin, baina ez zuen bokaziorik. Atzerriko hizkuntzak atsegin zituen eta lana, pilota eta otoitza ziren garai hartako bere hiru amodioak. Bertan ezagutu zituen, Abbadia, Lilie eta Hiriart-Urruty, besteak beste.

1893an Filosofia ikasketei ekin zien, batik bat erlijio kezkak argitu nahian. Haren maisu zen Larraldek kezkak alde batera utzi eta Elizaren bidea eta Jesukristoren pausoei jarraitzeko aholkua eman zion. 1894an Bordeleko Unibertsitatera jo zuen Medikuntzako ikastetak egitera. Sendagile izateko, pilotariaren gorputzaren ezaugarriei eta eritasun bereziei buruzko ikerketa-liburua idatzi zuen. Liburuaren aitzin-solasean Euskal Herriko ohitura, hizkuntza eta erlijioa goraipatzen ditu. Fedea ahuldua zuen arren, inoiz ez zuen galduko.

24 urterekin sendagile egin zen. Lekornen 4 urte egin ondoren, 21 urtez Alduden aritu zen sendagile lanetan.

Lehen Gerrate Mundiala piztu zenean, parte hartu behar izan zuen. Garai hartan piztu zitzaion berriro erdi galdurik zuen fedea. Ondoren, ezkondu eta Kanbon sendagile-lanetan aritu zen. Lagunak egin zituen Hego Euskal Herrian eta euskal mugimenduaren ezagutzarekin batera hizkuntzaren garbizaletasunaren moduak jaso zituen.

Bizitza medikuntzari erabat lotua eman zuen. Are gehiago, alemaniera ikasi zuen bere lanbidearen inguruan sortzen ziren aurrekuntzen berri jakin ahal izateko. Lanean ziharduela hil zen.

Idazle lanak hainbat aldizkaritan

1902an Eskualduna aldizkarian hasi zen idazten, ohikoak ez ziren gaien inguruan: osasuna, ekonomia, Frantziako politika, nazioarteko politika, etab. Ez zuen aldizkarian erdi-euskaraz erdi-gaskoiz idatzi nahi; euskara garbiaren aldekoa zen.

Bere anai apaiza Pierrekin batera ere, Eskualdun laborarien almanaka egin eta argitaratu zuten hamar urtez, 1914an gerra piztu arte. Euskaltzaindia sortu aurretik euskararen inguruan hainbat bilkura egin ziren euskararen akademia sortzeko xedez. Etxeparek bilkura horietan parte hartu zuen. 1919an Euskaltzaindia sortu zenean, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Eskualzaleen Biltzarreko lehendakaria ere izan zen.

Bestalde, Gure Herria aldizkarian kolaboratzaile gisa aritu zen. Bertako orrietan agertu zen lehen aldiz Beribilez, bere bigarren liburua izango zena.

Buruchkak eta Beribilez, bere bi obrak

Bi liburu besterik ez zituen idatzi. 1910ean bere lehen obra eman zuen argitara, "Buruchkak" izeneko artikulu-bilduma. Liburu ederra, baina, bi artikulutan gai korapilatsuak jorratzen zituen: erlijioaren irakaskuntza eta seigarren mandamentua. Argitara eman baino lehen kopia bat bidali zion bere emaztegaiari; honek, irakurritakoan, liburua hautsi eta beraien arteko erlazioa eten egin zuen. Honen ondorioz, liburua ez argitaratzea erabaki zuen eta kopiaren bat edo beste lagunen artean banatu zuen.

1931an, bigarren liburua argitaratu zuen, Beribilez, Nafarroan eta Gipuzkoan barna eginiko ibilaldiaren kronika. Behe-nafarreraz idatzia dago eta bertan ere gai zorrotzak azaldu zituen. Izan ere, liburuaren kapitulu batean, bidaiariak Loiolako Santutegira joaten dira eta bertan dagoen jesuita batek San Inazioren eta beste santuen aurka hitz egiten die.

Literatur euskalki berri baten sortzailetzat hartu dute; behe-nafarreran oinarritua, baina lapurtera ahaztu gabe.

Laffitek Etxeparez zioena

Laffiten esanetan, Etxepare "euskaldun idazleetan nagusia", "maisua" eta "gure lehen entsegugilea" da. "Bere liburuak, Buruchkak eta Beribilez maisu lanak dira...Euskara berri bat sortu du, euskara aristokratikoa deituko nioke nik, Abbadiarena bezain ausarta eta aberatsagoa, Hiriart-Urrutyrena baino malgutasun gutxiagokoa, sentimenaren eta adimenaren ñabardurak erakusteko gai den euskara".