EUSKAL LITERATURA

Euskal Poesia

1927an Arrasaten Euskaltzaleak sortu zen, euskal prensa sustatu eta euskera eta euskal literatura hedatzeko sortutako elkartea. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz desagertu zen. Gerra ostean poesiak hiru epe desberdin izango ditu.

XX. mende hasierako poesia

Baserri-munduko gaiak ziren nagusi. Hala ere, herri abertzaletasunak ez zuen horrelako poesiarik onartzen, ez baitzituen Euskadiko arazo sozialak islatzen.

Gerra aurreko poesia horretan izen handiko poetak izan ziren: Jose Ariztimuņo Aitzol, Jose Mari Agirre Lizardi, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Nikolas Ormaetxea Orixe.

Jose Ariztimuño, Aitzol (Tolosa, 1896-1936)

Aitzolek Euskal kulturaren garapenean asko lagundu zuen. 1930ean Euskaltzaleak elkartearen zuzendaritza hartu zuen; ondoren, Eusko Pizkundea mugimenduaren hastapenetako oinarriak jarri zituen.

Gerra pizturik, EAJ eta karlisten arteko akordioa lortzen saiatu zen, eta jardun horretan ari zela, frankistek harrapatu zuten Pasaian. Hernanin fusilatu zuten, eta orduko prentsak ez zion losintxarik eskaini.

Jose Mari Agirre, Lizardi (Zarautz, 1896-1933)

Euskal literatura idatzian, egile modernoen artean, poeta onenetariko bat da. Lizardik, Lauaxetarekin bat eginik, euskal lirika maila gorenera eraman zuen.

Hainbat obra idatzi zituen: 1932an argitaratu zuen lehen liburua, Biotz Begietan. Bertako olerkien gaiak bere betiko gaiak izan ziren: heriotza, natura, aberria, eta euskara. Urte berean hiru antzezlan eman zituen argitara: Laño ta Izar, Bi ahizpak eta Ezkondu ezin ziteken mutilla.

1934an, hil eta urtebetera, Aitzolek Umezurtz Olerkiak liburua argitaratu zuen, Lizardiren hainbat olerki argitaragabe bilduta. Geroago, bi liburu horiek batean eman dira: Olerkiak (1983).

Hitz landuak dira bereak, baina praktikotasuna bilatzen dutenak. Oinak lurrean zituen izadiaren poeta izan zen. Euskarak hezkuntzan behar zuen sarbidea, euskarak egunkaria behar zuen, eta Lizardi "euskara yakintza egoez ornitzen" ahalegindu zen.

Esteban Urkiaga, Lauaxeta (Laukiz, 1905-1937)

Lauaxeta poeta garrantzitsua izan da. Bere iturri nagusia erromantizismoa izan zen; hala ere, bestelako eraginak ere nabari dira: sinbolismoa eta abangoardismoa.

Bere poesia sinbolista zen: kultua, zaila eta minoritarioa. Nolabaiteko kultura-maila beharrezkoa zen Lauaxetaren mezua ulertu ahal izateko, hau da, ez zen herri-poesia.

Bi obra argitaratu zituen: Bide Barrijak eta Arrats beran. Bertan oso hizkera konplexua darabil. Lauaxetak euskal poesia Europako poesiaren mailan jarri zuen.

Nikolas Ormaetxea, Orixe (Orexa, 1888-1961)

Euskal lanetan murgildu zen buru-belarri. Itzulpenak, poemak eta beste hainbat sorkuntza-lan idatzi zituen.

Orixek itzulpen bikainak egin zituen, eta baita otoitzari buruzko saiakera interesgarriak ere. Narratibari dagokionez, 1929an argitaratutako Santa Kruz Apaiza dugu lanik politena.

Poesiari bagagozkio, Orixek baztertu egiten zituen literaturako azken mugimenduak. Nahiago zituen klasikoak. Baserri giroan hazia, giro horretako poemek toki berezia dute Orixeren lanetan. Euskaldunak (1935) da bere olerki-obrarik landuena.

Gerra aurreko belaunaldi harentzat Orixe zen euskal gauzetan jakintsurik handiena, eta baita "euskal arima" adierazteko idazle egokiena ere.

Gerra ondoko euskal poesia

Gerra ondoko garai honetan, poesigintzaren ardatza Gabriel Arestiren Harri eta herri (1964) da. Gerra ondoko olerkigintza hiru ataletan bereiz daitezke.

1945 - 1964: gerra aurretikoaren jarraipena

Gerrak ez zuen hainbesteko eragina izan poesigintzan; beraz, oro har, joera berarekin jarraitu zen.

1930ean poeta batzuek Euskaltzaleak elkartea sortu zuten, besteak beste: Lauaxetak, Lizardik, Aitzolek... Horrenbestez, Euskaltzalearen bideari jarraitu zitzaion, nahiz eta gerraren ondorioz suntsituta geratu zen.

Gerra ondorengo garai honetako ezaugarriak ihes egiteko nahia eta errealitateari bizkarra ematea izan ziren.

Hala ere, joera horren aurkako poesia berria ere sortu zen hainbat egileren bidez, besteak beste: Krutwig, Mirande eta Aresti. Honako ezaugarriak zituzten:

  1. Poesiaren hermetismoa eta formalismoa (ondorioz, irakurlea urrunduz doa).
  2. Euskara kultur hizkuntza bilakatu nahi da, eta horretarako lapurtera klasikoa proposatzen da.
  3. Poetak errealitateari ihes egiten dio.

1964-1968: poesia soziala edo protesta-poesia

Garai honetan Gabriel Arestiren Harri eta herri obra da ardatz. Esan bezala, Arestik 1964an idatzi zuen, Maldan behera obraren porrotaren ondoren. Aurretiko obra horretan, Lizardi eta Orixe kritikatzen zituen.

Poesia sozial horren bidez, giroan zeuden eskakizunei erantzun nahi zitzaien; horregatik, euskara berritu eta suspertzeaz gain, ezkertiar joera hartu zuen. Hala ere, ez zuen tradizioarekin hautsi.

Arestiren eraginez mugimendu berri bat sortu zen, poesia sozialaren ezaugarriak biltzen zituena. Mugimendu horrek batez ere hizkera poetikoan jarri zuen arreta. Poesia sozial horretan, Arestiz gain, beste batzuk ere aipatu behar dira: Xabier Lete (Egunetik egunera orduen gurpillean), Sarasola (Poemagintza), eta Lasa (Poema bilduma).

1968-70eko hamarraldia: borroka armatua eta Burgoseko prozesua

Poesia hau zailtasun handikoa zen. Berriro intimismora itzuli ziren, eta beraz, ulermen-maila handia eskatzen zuen. Barnerako bideari jarraitzen zitzaion, hau da, gauzak ezin ziren garbi eta zuzen esan.

Garai honetan Arantxa Urretabizkaiaren San Pedro bezperaren ondokoak obra azpimarratu behar da. Horren bidez, "ni" pertsonaren hurbiltze bat egiten du.

Poetak ez ziren berriak, aurreko mugimendukoak ziren, baina helduagoak. Herri-literaturak indarra hartu zuen, eta poesia soziala eta existentzialismoa gainditu zituen. Sinbolismoaren joerak nabarmendu egin ziren.

Laburbilduz, garai honetan hiru korronte desberdin sailka ditzakegu:

  1. SINBOLISMOA:
  2. SURREALISMOA:
    • Xabier Lete: Bigarren poema liburua.
    • Zabaleta: Ezten gorriak.
  3. ESPAZIALA: