Nikolas Ormaetxea "Orixe" (1888-1961)
- GURUTZEGRAMA
- TEST: Egia edo gezurra?
- BIBLIO: Bibliografia (28)

Lehen urteak eta jesuita-ikasketak
Gipuzkoako Orexan jaio zen 1888an. Hirukiak jaio ziren eta, etxean hazitzeko modurik ez zutelako, Nafarroako Uitzira eraman zuten. Hantxe hazi zen, nekazari-giroan, hamazazpi urte zituela Xabierko jesuiten ikastetxera bidali zuten arte. Han bi urte egin zituen ikasten. 1907an Loiolara joan zen jesuita-ikasketak egitera. 1910ean Burgosen jarraitu zuen ikasten. Urte hauetan jaso zuen formazioari esker Grezia eta Erromako klasikoak ondo ezagutu zituen. 1912an Burgosko Oñara joan zen eta han 1915 arte egon zen Filosofia ikasten. Jesulagunek ikasketa hauek burutu ondoren hiru urte igaro ohi zituzten euren ikastetxe batean hezkuntza-lanetan. Orixeren kasuan aldi hori sei urtekoa izan zen. Nagusiekin zituen arazoen ondorioa zen itxuraz luzapen hori. 1923an, harreman txar horien ondorioz, Lagunditik egotzi egin zuten. Ordurako argitaratuak zituen lan batzuk Jesusen Biotzaren Deya eta RIEV aldizkarietan.
Gerra aurrean Euskaltzaindian eta Euzkadi egunkarian
Jesusen Lagunditik irten zenean Bilbora joan zen. Han 1931 arte jardun zen lanean, lehenbizi, 1928 arte Euskaltzaindian Azkueri laguntzen eta ondoren Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren arduradun gisa, lan hura egiten ari zen Kirikiño zendu zenetik aurrera. 1927az geroztik kolaboratzailea zen egunkari honetan, batez ere erdaraz, euskarari eta literaturari buruzko gaietan. Kirikiño hil zenean euskarazko atalaz arduratu zen. Kritika literario asko egin zituen egunkari hartan.
Denbora hartan hiru liburu argitaratu zituen Orixek Tormes?ko itsu-mutilla (1929), Mireio (1930) eta Santa Kruz Apaiza (1929). Lehenbiziko biak itzulpenak dira. Tormes?ko itsu-mutillaren kasuan Orixeren pentsakera kontserbadorea nabarmen agertzen da, zeren eta jatorrizko testuan gordintxoak iruditzen zitzaizkion pasarteak ezabatu edo guztiz aldatu egin baitzituen. Mireio itzultzeko proposamena adiskidea zuen Lauaxeta olerkariak egin zion. Santa Kruz Apaiza, berriz, eleberri antzera idatzitako biografia bat da, karlistaldietan gerrillari ibili zen apaizaz.
1931an Euskaltzaleak elkarteak poema epiko nazional bat egiteko eskatu zion. Lan hori buruzteko Orexara joan zen bizitzera. Hantxe ondu zuen Euskaldunak, baserri-giroko Euskal Herri tradizionalaren goresmenezko poema epiko-folklorikoa. Gerra piztu zenerako bukatua zeukan arren, ez zen argitaratu ahal izan 1950 arte. 1934an Barne-muinetan poema mistikoa argitaratu zuen.
Gerrakoan atxilotuta Iruñeko San Kristobalgo gotorlekuan sei hilabete eduki zuten. Handik irten ondoren, 1938an berriz atxilotzera joan ziztzaizkion, baina Ipar Euskal Herrira ihes egitea lortu zuen. Dozena bat urtetan zehar batetik bestera ibili zen han: aurrena Lapurdiko Donibane Lohizunen. Han bi urte zeramatzala II. Mundu-Gerrakoan alemanak sartu zirenean Gurs-eko kontzentrazio-zelaian hiru hilabete eta erdi egon zen.
Gurs-eko kontzentrazio-zelaia
Askatu zutenean Landesetako Saubion-en hiru urte egin zituen eta Biarnoko Betharram-en beste hiru, Nafarroa Behereko Bidarrain bi urte eta berriro Donibane Lohizunen 1950 arte. Iparraldean egon zen denbora honetan, enkarguz, Urte Guziko Meza-Bezperak itzuli zuen.
Bidarrai
1950ean Amerikara joaten da. Jokin Zaitegik, Euzko Gogoa aldizkaria eramaten laguntzeko, Guatemalara deitzen dio. Han, ordea, gauzak zailak daude. Diru-arazo larriak dituzte. Sei hilabete igaro orduko, Zaitegik El Salvador-eko Zaragoza herrian dituen adiskide aberats batzuen etxean bizilekua eta mantenua segurtatzen dizkio. Hantxe bizi izan zen 1954 arte eta bertan euskaratu zituen San Agustin-en Aitorkizunak.
Andima Ibinagabeitia, Jokin Zaitegi eta Nikolas Ormaetxea "Orixe" Guatemalan 1954an.
1954an Hego Euskal Herrira itzuli zen Orixe. Lazkaoko beneditarren konbentuan jarri zen bizi izaten. Zahartuta, gaixorik eta bera erbestean bizi izan zen denboran asko aldatu zen Euskal Herria arrotz ikusten zuela aurkitzen zen. Halere, bazuen oraindik lanerako gogorik. Azken urte hauetan idatzi zuen Jainkoaren bila.
Azken urteak batera eta bestera ibili zen berriro: Lazkaotik Tolosara, handik Orexara, eta 1958tik 1961ean hil arte iloba zuen Jose Mari Aranalde apaizarekin, lehenbizi Araman eta azkenean Añorgan.
Orixek Azkuez zioena
Azkue jauna gizon mardula zan gorputzez, apaiz eredua, biotz oneko gizona. Zortzi urtez egunero jardunarekin zerbait ezagutu nula iduri zaida. Langille gogorra zan. Euskeraz ari geranok Azkue jaunari zor diogu geienik, eta euskerak ere bai: ark atera zun gaixoa bere zarpilletatik eta soiñeko apaiñez jantzirik ikusi. Gure oroimenetik ezta beiñere galduko aren izena, euskera bizi daño
Euzkadi egunkaria
Egunkari nazionalista, EAJren organo ofiziala (Bilbo, 1913). Alderdiaren ideologiaren propaganda egiten zuen. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako artikuluak argitaratu zituen. Engrazio Aranzadi "Kizkitza" izan zen lehen zuzendaria.

