Jules Martin Moulier "Oxobi" (1888-1957)
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Belea eta Axeria
- BIBLIO: Bibliografia (3)

Jules Martin Moulier, Oxobi, 1888-1957
Bidarrain jaio zen Jules Martin Moulier "Oxobi" 1888an. Aita, sortzez kanboarra zen eta ama, berriz, itsasuarra. Aitaren lana zela eta, urte batzuk Itsasuko inguruetan bizi ondoren, 1897an Baionara abiatu ziren, gero Zokoara eta azkenik, Ahurtira, 1904an. Goiz erakutsi zuen gazteak apaiz izateko grina, eta gurasoek Larresoroko apaizgaitegira eraman zuten. Hala ere, Frantziako gobernuak fraide eta seroren aurka zeraman egitasmoaren ondorioz, seminarioaz jabetu ziren eta Biarnoko Nay herrira joan behar izan zuten ikasle eta irakasleek. Bertan apaiztu zen 1912an eta berehala Hiriburuko apaizlagun izendatu zuten. Donoztiriko eta Arrangoitzeko erretore ere izan zen gero. 1955ean, osasunez ahul, Hiriburuko apaizen zahar-etxera bildu zen eta bertan hil zen, 1957an, Jules Martin Moulier "Oxobi", XX. mendeko iparraldeko euskal literaturan lekurik behinena duen olerkariak.
Euskaltzalea
Oxobik euskara menderatzen zuen, amarengandik ikasita, eta gaskoi apur bat ere bazekien, aitaren lagunei entzunda. Bere haurtzaroan euskal giroan izandako bizipenak, Larresoroko seminarioan eduki zituen Arnaud Abbadie eta Manex Hiriart-Urruty bezalako irakasle euskaltzaleak eta apaizgai urteetan Frantziako gobernuak euskarari jarritako trabak ikusita (katixima frantsesez irakatsi ordez euskaraz irakasteagatik Paueko prefetak zigortutako apaizak), apaiz-lanetan euskara bultzatzen ahaleginduko zen beti Oxobi. Apaizen bilkuretan beti saiatu zen euskara zaintzeaz eta lantzeaz, baita Eskualzaleen Biltzarrean ere.
Lehen bertsoak eta artikuluak
Oraindik apaizgai zela, 1911n hasi zen bere lehen bertsoak argitaratzen. Eskualduna astekarian argitaratu zituen eta Otsobi (gero Oxobi) ezizena hartu zuen. 1913an, Baionan argitaratu zuen Botz, oihu, deiadar, nigar, bere lehen liburua, eta bertan jaso zituen hasierako bertso horiek. Dagoeneko doinuak ongi hautatzen dakiela erakusten du Oxobi gazteak. Eta bere bertsoetako gaiak, XIX. mendeko bertsolari ezagunek erabiltzen zituztenak ziren: laboraria, arotza, sardina-saltzailea, haurrak, sagarrak, arrosak, Euskal Herria, euskara, adiskide zaharrak edo antzinako bertsolariak.
Bestalde, laster hasi zen hitz lauz idazten; bere irakasle izan zen Manex Hiriart-Urruty-ri artikuluak bidaltzen zizkion eta Eskualduna aldizkariarentzat edo Eskualdunen Almanaka-rako artikuluak argitaratzen zituen. 1915ean, Hiriart-Urruty hil zenean, euskaltzale gehienak gerran zirenez, Oxobik hartu zuen Eskualduna aldizkariko idazkaritza.
Kazetari-lanak
Halabeharrez bilakatu zen, beraz, Oxobi, kazetari. Eta Jean Saint-Pierre eta Jean Elissalde adiskideekin batera, Kirikiñori Euzkadi egunkarira iparraldeko berriak helerazi zizkion bizpahiru urtez (1919-1922). Urte haietan sortu zuten Gure Herria hilabetekaria, Oxobik eta bere adiskide Saint-Pierre, Elissalde, Dassance, Apesteguy, Choribit eta Barbier-ek. 1921 eta 1924 artean, Bertzen Irakurgaietan izenburupean artikulu-sail bat argitaratu zuen; eta aldizkari horretan bertan hasi zen argitaratzen Belea eta Axeria eta beste alegiak.
Alegiak eta olerkiak
Oxobi euskal literaturak eman dituen alegia-idazle guztien gainetik dagoela diote adituek. 1926an, Baionan argitara eman zuen Alegiak izeneko liburuxkari esker, Euskal Herri osora zabaldu zen egilearen, Oxobi apaizaren, omena.
Liburu handia ez izan arren, 13-14 alegia besterik ez, harrigarria da hitz neurtuaren betea, hotsen musika edo ipuinak daraman urratsaren zuzena. Zenbait urte geroago, 1944an, beste horrenbeste alegia jasotzen zituen liburu bat argitaratu zuen, Haur elhe haurrentzat izenburuarekin. Hil baino lehen Gure Herria aldizkarian beste bospasei alegia idatzi zituen. Beraz, hogeita hamar bat alegia dira orotara bidarraitar apaizak utzi dituenak; gehienak, ikasiz gero, erraz ahazten ez direnak, hala nola Bele beltza-rena, Jaun Erretoraren mando mula xuriarena edo Aker adar makurrarena.
Alegiek hitz neurtuetan Oxobik zuen trebezia islatzen badute, beste bertso askotan ere ikus daiteke trebetasun hori. Oxobiren olerki aberatsenak, adituen ustez, 1935ean Baionan argitara eman zuen liburuxkan aurkitzen dira, Heiatik Zerura izenburupean. Besteak beste, Agur Maria, Zurginaren semea, Oren Beltza, Amaren Altzoan edo Aitaren eskuinerat bezalako olerki beteak agertzen dira bertan.
Heiatik zerura-ko irudia
Azkenik, nabarmentzekoak dira Oxobiren mintzaldiak eta predikuak. Zuzenak, argiak, zorrotzak eta sarkorrak ziren, hizlari eder eta handiaren fama eman ziotenak Euskal Herrian.

