EUSKAL LITERATURA

Luis Jauregi, "Jautarkol" (1896-1971)

Jautarkol

Jautarkol

Lehen urteak eta apaiz-ikasketak

Luis Jauregui "Jautarkol" 1896.ean Errenterian sortu zen. Nahiz eta gero kanpoan bizi izan, beti jo zuen bere burua errenteriartzat eta herri horretako hainbat konturen gainean idatzi zuen bizitzan zehar. Lehen ikasketak Errenterian egin ondoren, hamahiru bat urte zituela Comillaseko jesulagunen ikastetxera joan zen ikastera. Han euskal letretan gerora izena izango zuten beste euskaldun batzuk aurkitu zituen: Nikolas Ormaetxea "Orixe", Nemesio Etxaniz, Jose Ariztimuño "Aitzol", Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia, Joseba Markiegi. Orixe besteak baino zaharragoa zen eta berak ematen zizkien euskarazko eskolak. Giro euskaltzalea eta literaturazalea sortu zuen Orixek talde hartan. Espainierazko literaturako eskolak, berriz, aita Estefania euskaltzaleak ematen zizkien. Jautarkolek bere idazteko grina gidatuko zuten lerroak aurkitu zituen beraz: Orixeren gidaritza euskal kontuetan eta erdal klasikoen eredua. Giro horretan hasi zen Jautarkol olerkiak idazten eta aldizkarietara bidaltzen.

1921ean, 25 urte zituela, apaiztu zen. Ondoren ikasten jarraitu zuen, Zuzenbide Kanonikoko lizentziatura eta Teologiako doktoregoa lortu arte. Comillasen ikasi arren, ez zen jesulagun egin, apaiz sekular baizik.

Apaiz lanean eta idazle gisa ospea irabazten

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzen zituen Gasteizko elizbarrutiko Gotzainak Arabako Buradon Gatzagara bidali zuen apaiz. Garai honetan aldizkarietan olerkiak eta euskarazko nahiz espainierazko artikuluak argitaratzen zizkioten, olerki-sariketak irabazten hasi zen eta baita ipuingintza lantzen ere.

Ipuiak

Ipuiak (1924) 1953an berrargitaratua

1926an Arabatik Gipuzkoako Ataun San Gregoriora lehenbizi eta urte berean Altzo Muinora bidali zuten Jautarkol. Altzo euskaltzale eta abertzaleen habia bihurtu zuen Jautarkolek. Garai hartako kulturan eta politikan itzal handikoak ziren gizon eta emakume asko biltzen ziren han. Hauetako batzuk, Jose Antonio Agirre lehendakaria izango zena bere emaztegaiarekin, esate baterako, edo Manuel Irujoren arreba Maritxu, Jautarkolen euskarazko eskolak hartzera joaten ziren. Beste batzuk, berriz, Jautarkol adiskideak erakarrita: Aitzol edo Olano anaiak, kaputxino altzotarrak, adibidez. Jautarkol idazle ospetsua bihurtzen joan zen, prentsan idazten zituen artikuluengatik, eta bereziki Biozkadak izenburupean argitaratu zuen olerki-liburuarengatik.

Biozkadak

Biozkadak (1929)

Garrantzi berezia izan zuen lan honek bere garaian, une hartan poesian jarria zegoelako herri-kontzientzia pizteko esperantza. Europan askatasuna lortu berria zuten herrialdeetan beti agertzen zen eginkizun hori bete zuen poeta bat. Adibiderik nabarmenena Finlandiakoa zen. Han Elias Lönrot-en Kalevala poema epikoak finlandiarrek euren buruaz zuten irudia jaso baitzuen eta askatasun-egarria piztu.

Giroa berotzeko hainbat ospakizun antolatzen ari ziren: 1926an Elgoibarren egin zen jaialdia, 1927an Arrasaten egin zen Euskararen Eguna. Giro honetan sortzen da Euskaltzaleak elkartea. 1929an Haur Euskaldunaren Eguna antolatzen da, 1929an kazetaritza sustatzeko Kirikiño Saria, 1930ean Homenaje de la Mujer al Euskara. Urte horretan bertan Euskaltzaleak elkarteak batzarra egiten du. Jeltzaleek El Día egunkariaren lehen alea atera zuten egun berean, Jautarkolen jaioterrian, Errenterian, Euskal Olerti Eguna ospatzen dute. Ez da kasualitatea, giroak eta obraren arrakastak Jautarkoli bere herrian omenaldi bat egitea eskatzen baitzuten.

Handik aurrera, gerra etorri zen arte, urtero egin ziren Olerti Egunak. 1932koa Loramendi kaputxino Bedoñatarrak irabazi zuen. Horregatik, honen jaioterrian egin zen 1935ekoa eta Jautarkolek irabazi zuen, hain zuzen. Ordurako, 1933az geroztik, Anoetan zegoen apaiz Jautarkol. Idazten ez ezik kultur sustapenean ere lehiatuki jardutekoak izan ziren Jautarkolentzat Errepublikaren urteak (1931-1936).

Gerra-denbora eta gerraoste luzea

1936ko irailean hasi ziren matxinatuak Gipuzkoan sartzen eta euskaltzaleen aurkako errepresio bortitzean. Apaiz batzuk fusilatu egin zituzten, hala nola Martin Lekuona eta Jose Ariztimuño Aitzol, beste batzuk ihesi joan ziren erbestera. Jautarkolek uste izan zuen, politikan ez zelako inoiz sartu, ez zitzaiola ezer gertatuko eta horregatik Anoetan geratu zen. Preso hartu zuten, ordea, eta Tolosako Eskolapioetan kartzelatu. Apaiz karlista bat bere alde azaldu zelari eskerrak, aske utzi zuten halere.

Orduko eliz agintari frankistek Aratz-Mantximentara bidali zuten apaiz, zokoratzeko asmoz. Han hiru bat urte egin ondoren, Urrestillara bidali zuten. 1936tik 1952ra arte konta ahala dira Jautarkolek argitara emandako lanak eta olerkirik batere ez 1952an erbestean ateratzen zen Euzko Gogoan lehenbizikoek argia ikusi zuten arte. Beldurra, zentsura, iluntasuna eta nahigabea nagusitu zitzaizkion, gerra aurrean hain poeta handia izan zenari.

Zarautzen

1958an Zarauzko moja karmeldarren komentura bidali zuten kapilau. Bere gustuko lagun-giro gozoa aurkitu zuen han: Basarri bertsolaria, Itxaropenako Patxi Unzurrunzaga argitaratzailea, etab. Berriro literatur lanean hasten da. Aro honetako lanik aipagarriena Camilo Jose Celaren La Familia de Pascual Duarte eleberriaren itzulpena da.

Paskual Duarteren sendia

Paskual Duarteren sendia

Beti izan zion begirune handia Euskaltzaindiari, Euskera aldizkarian artikuluak idatzi ohi zituen eta 1965ean euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Jautarkolen poemagintza

El Dia

Jautarkolek EAJren inguruko "El Día" egunkarian argitaratu zituen olerki asko

Hitz lauz idazten, itzultzen, hitzaldiak ematen, saiakera sakonak egiten ona baldin bazen Jautarkol, olerkari gisa bikaina zen. Olerki asko idatzi zituen, 150 inguru, eta ez nolanahikoak gainera. Olerkari lirikoa genuen. Genero hau ez zen asko lantzen euskaraz bera idazten hasi zenean. Arrese Beitia kenduz gero ia besterik ez da ageri 1920ko hamarkadan. Hizkuntza ulerterraz baina landuz, bere barne-mundua islatzen zuten olerkiak egiten zituen. Erromantikoen kutsua darie haien irudi-ugaritasunari eta sentimendu-agerpenei.