Jose Maria Agirre "Xabier Lizardi" (1896-1933)
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Primo de Riveraren diktadura eta euskal kultura
- LINK: Kanpo loturak (12)
- BIBLIO: Bibliografia (13)

Eusko Pizkundeko poeta
Jose Maria Agirre " Xabier Lizardi" 1896an jaio zen Zarautzen, baina Tolosan bizi izan zen. Legelari-ikasketak egin Madrilen eta ondoren gerente lanetan jardun zuen bizitza guztian, lanaren ondorioz asko bidaiatuz.
Primo de Riveraren diktadurapean euskal abertzaletasunak jazarpena sufritu zuen. Egoera horretan kulturgintzak berebiziko indarra eta garrantzia hartu zituen euskal abertzaletasunaren ideiak zabaltzeko. Testuinguru horretan euskal poetek lehen mailako garrantzia hartzen dute. Izan ere, garaiko nazio-berpizkundeko prozesuetan indarra hartu zuten nazio-izaera goratzen zuten poesiek. Eta euskal poetek ere Euskal Herriak hori behar zuela uste zuten.
Aitzol, Lauaxeta, Orixe eta Lizardik ordezkatzen dute batez ere desio hori, eta bakoitzak bere modura erantzun zioten. Aitzolek "Euskaltzaleak" elkartea antolatu eta bultzatuz, Orixek euskal kontzeptismoa landuz, Lauaxetak eta Lizardik kultur ekintzaile eta poeta gisa. Honen guztiaren adierazgarri Euskaltzaleak elkarteak antolatu zituen Olerti egunak: 1930ean Lauaxetak irabazi zuen, 1931n berriz Lizardik(" Urte giroak ene begian").
Giro honetan berritzaile eta klasikoen arteko eztabaida garratza gertatu zen, euskara herrikoia eta euskara berria, jasoa, lantzen zutenen artean. Lizardik guztien beharra defendatu zuen, Euskal Herriak behar zuen kultur berpizkundean guztientzako lana ikusten zuelako: bertsolarientzat, euskara herrikoian idazten zutenentzat zein euskara berri jasoan idazten saiatzen zirenentzat. Bere poesia-lanik garrantzitsuena: Biotz begietan, 1932an argitaratua.
Natura, bizitza eta heriotzari buruzko poesia liriko sinbolista
Hizkuntza poetiko sakona landu eta euskal lirikari balio berriak ekarri zizkion. Gai nagusia izadia erabili zuen, euskal paisaia adierazteko agertu zuen sentikortasuna azpimarragarria da, horren bidez gogo-barruko sentimenduak metafora bidez azaltzen ditu: denboraren iragana, bizitza eta heriotza, berpizteko itxaropena.
Famili barruan izan zituen zoritxarreko gertaerak poesiaz adierazi zituen: alabaren heriotza ("Otartxo utsa"), semearena ("Xabierren eriotza"); amonarenak asko hunkitu zuen ("Biotzean min dut"): "Biotzean min dut, min etsia negar ixila darion mina". "Ots, ots, bizion oņok": amonaren hiletan jendearen pausoak adieraziz.
Olerki idealista da berea, barne-gogoa eta munduko errealitatea elkartzen saiatzen da. Aberria eta euskara ere izan zituen olerkigai: "Baina nik, izkuntza larrekoa, nahi aunat ere noranaikoa; yakite-egoek igoa; soņa zaar, berri gogoa; azal orizta, muin betirakoa" Idazteko era oso berezia zuen, apartekoa. Hala ere, erabili zituen gaiak eta jarrerak Europan garaiko idazleengan ikusten dira: izadira begiratzea, herri-poesiaren funtzioa, etab.
1933an hil zen.
Lizardi politikaria
Lizardik oso jarduera desberdinak izan zituen bere bizitzan: enpresa-gizona, idazlea, kultur eragilea eta politikaria izan zen. EAJko militantea izan zen, "Tolosako Euzko Gaztedia"ren lehendakari, EAJren Aberri eta Comunión adar bananduen arteko elkarrizketetan parte hartu zuen eta Gipuzko Buru Batzarraren idazkari izan zen.
Euskarazko egunkariaren egitasmoa
1929an Primo de Rivera-ren, diktadura desagertu aurretxotik, euskaltzaleak askatasun pixka bat izaten hasi ziren. Orduan, debeku-giroak garatzen utzi ez zuen asmo zahar bat berpiztu zen. Pare bat urte lehenago, Eusko Ikaskuntzak Gasteizen egin zituen udako ikastaroetan kazetaritzaren irakaskuntza bultzatzeko asmoa agertu zen.
Asmo aurrerakoia zen hura, Espainia osoan ez baitzegoen artean jarduera horretarako trebakuntzaz arduratzen zen ikastetxerik.
1929an Eusko Ikaskuntzak Donostian egin zituen udako ikastaroak eta bertan Lizardik euskarazko egunkari baten egitasmoa aurkeztu zuen eta egitasmoa ez ezik baita zero alea ere.
Egitasmoaren xehetasun guztiak eztabidatu ziren ikastaroan parte hartu zutenen artean eta egunkaria abiarazteko batzorde bat izendatu zuten
Proposatzen zena euskara hutsezko egunkari bat zen, Argia aldizkariaren azpiegituran oinarrituko zena eta kristaua.
Dena ongi aztertua eta prestatua zegoen arren, diru faltagatik ez zen egitasmoa aurrera irten.

