Nemesio Etxaniz (1899-1982)
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Anttoni
- BIBLIO: Bibliografia (14)

Nemesio Etxaniz Azkoitian jaio zen 1899ko abenduaren 19an, familia oso euskaldun eta erlijiosoan. Hamabi urte zituela Comillasko Unibertsitate Pontifizioan sartu zen apaiz-ikasketak egitera. Jokin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia eta Aitzol ikasketakide izan zituen. Erakundeak euskalduntasunik batere ez zuen arren, giro euskaltzalea zegoen ikasle batzuen artean eta horrek euskaltzaletu zuen Nemesio.
Gasteizko Elizbarrutian apaiz ordenatu berriekin egin ohi zutenaren arabera, apaiztu eta berehala Arabara bidali zuten, Bernedoko Urarte auzora bere kasuan. Laster Bergarara bidali zuten handik apaiz-laguntzaile izateko.
Han egiten ditu lehen antzerki-lantxoak parrokiako gazteentzat eta Donostiako El Día egunkarian artikuluak argitaratzen dizkiote.
Gerra Zibilekoan erreketeak Bergaran sartu zirenean Burgosera erbesteratu zuten eta apaiz-lanetan jardutea debekatu. Handik Gasteizera joan zen eta gero Debara. Zumaian 1940ko Aste Santuan egin zuen sermoiagatik istilu larriak izan zituen gotzainarekin. Apaiz izaten jarraitu zuen arren Gotzainarekiko loturak hautsi egin zituen eta Estatutik kobratzen zuenari uko egin zion eta meza-dirutatik soilik bizitzen hasi zen.
Idazle herrikoia eta era askotako lanak egindakoa
Euskal kulturaren barruan herri xehearentzako lanak egiteari ekiten dio: antzerkiak, kantuak, irratigintza, etab. landu zituen.
1923an Arraldea ipui zarra argitaratu zuen, 1951n Kanta kantari izenburupean kantu-bilduma bat osatu zuen euskal kantu tradizionalekin eta euskarazko letra jarritako atzerriko kantu modernoekin, antzerki irrigarriak idatzi zituen: Izeko Aberatsa (1952). Lan erlijioso batzuk ere idatzi zituen: Kristau-ikasbidea bertsotan (1953), Arantzazuko Amari poz-jarioak (1954), Itziar'ko Andre Maria'ren goramenak (1959).

Bere lanen bilduma bat argitaratu zuen 1967an Lur berri billa izenburuarekin.
1965ean kutsu autobiografiko handiko Izotz kandelak eleberria idatzi zuen, Ximon apaizaren kezkak kontatuz. Diktadurapean agintariei gutunak idazten zizkien, egiten ari ziren gehiegikeriak salatuz.
1982an Donostian hil zen.

