EUSKAL LITERATURA

Esteban Urkiaga, "Lauaxeta" (1905-1937)

Lauaxeta

Ikasketak jesulagunekin

Esteban Urkiaga, "Lauaxeta" Laukizen jaio zen 1905ean eta Mungian bizi. Durangoko jesulagunen ikastetxean latina eta erretorika ikasi ondoren, abadetza-ikasketak egin zituen Loiolan eta Oñan, baina mezaberria eman baino lehenago utzi egin zuen komentua. Loiolan euskaltzaletu eta literatur zaletu zen, aita Estefania irakasle euskaltzalearen eta Euskal Akademia osatzen zuten lagunekin, Zaitegi eta Ibinagabeitiarekin, besteak beste, Garai hartan latineko klasikoen itzulpenak egin zituen.

Euzkadi egunkarian kazetari-lanetan

Komentua utzi zuenean Euzkadi egunkari nazionalistan hasi zen lanean. Hasieran Orixeren laguntzaile izan zen eta, hau Orexara, Euskaldunak poema idaztera, joan zenetik aurrera, euskal orrialdearen arduradun. Garaiko bizitzaren gaineko kronikak idazten zituen egunero-egunero.

Literaturan, kultur sustapenean eta politikan murgildurik

Europako literatur joerak ondo baino hobeto ezagutzen zituen, mitinak ematen zituen, kultur ekitaldi eta irratsaioetan parte hartzen zuen, euskara irakasten zuen, herri-abestien bilketa bultzatu zuen, poeta gazteei laguntzen zien. Hitz batean euskararen eta Euskal Herriaren aldeko langile nekagaitza zen Lauaxeta.

Zorigaitzeko gerrak eraman zuen

Espainian Francoren Altxamendua sortu zenean, zeregin guztiak alde batera utzi eta Eusko Gudarostean sartu zen. Komandante-graduarekin, milizien antolaketan eta propaganda-lanetan aritu zen. Gudari aldizkaria eta euskarazko Eguna egunkaria kaleratu zituen.

Eginkizun horietan ari zela, Gernikako bonbardaketaren ondorioez argazkiak egin nahi zituen kazetari frantses bati laguntzera joan zen. Faxistek preso harrapatu eta Gasteizera eraman zuten Lauaxeta. Heriotza-zigorra ezarri eta fusilatu egin zuten. Heriotzaren zain zegoela idazki hunkigarriak idatzi zituen.

Poeta bikaina

1930ean I. Olerti-Eguneko sari nagusia irabazi zuen Maitale kutuna poemarekin. Hurrengo urtean lehen poema-liburua argitara eman zuen: Bide barrijak, estetika ere berrituz. Europako modernitatea euskaraz eman nahi zuen, gaia eta hizkuntza berritu: maitasuna, existentzialismoa, heriotza. Liburuak eztabaida sortu zuen euskaltzaleen artean planteatzen zituen ideia modernoak zirela eta.

Bigarren liburuan Arrats beran (1935) olerkigintza herrikoia landu zuen: herriko pertsonaiengan oinarrituriko balada, erromantze, irri-kantak. Herri poesia eta sinbolismoa uztartu zituen estilo berrituaz: musika, metaforak, kolore eta sentsazioak, denboraren iragana adieraziz.

Lauaxeta-Antton Valverde

Antton Valverderen diskoa Lauaxetaren poemetan oinarritua

Idazkera zaila dauka, garbizalekerien erabiltzailea, baina gainera apropos zailtzen zuen olerkia iradokizuna erabiliz eta mamia ezkutatuz. Euskalkietako esamoldeak, arkaismoak, herri-txokoetako hitzak, denetarik erabiltzen zuen. Antzerkia ere idatzi zuen: Asarre aldija, Epaiya, irria sortzeko eginak. Balbeak, Iru gudari itzulpenak dira. Ipuingintzan ere jardun zuen: Iluntzeko izarra, El fusil del abuelo, Campa de guztiz ederra, gerra garaiko giroa erakutsiz. Euskadi nazioa bakezaletasunean eta kulturan eraikitzearen aldeko zen; zuzentasuna arrazoiaren indarrez defendatu behar zela idatzi zuen sarri. Euskadi ikasia eta kulturaduna nahi zuen, herria kulturaz jantzi beharra zegoela eta abertzale ezjakinik ez zuela onartzen esaten zuen.

Agur Euzkadi!

Agur, Euzkadi, Jaunak naroa
Aberri eder argira.
Neure negarrak jarion neuzan
zeure mendiai begira.

 

Euzko basterrak

Eder yatazan euzko basterrak,
eder itxaso zabala;
baña oraintxe ederrago yat
eriotz orren itzala.

 

Koldo Izagirreren ikuspegia

"Aberrigintza omen zelako irten zen Lauaxeta inspirazioaren bila, itxuraz. Baina poeta izan gabe, edo bokazioz hala izan gabe, poesiaren mekanika ez ezik haren edertasuna atzeman eta zabaltzeko gai izan zen. Poesiak kutsatu egin zuen, eta hala ageri zaigu Lauaxeta zorionez kontradiktorio bat: katolikotasun probintzianoa osoro gainditzen ez duen arren sentsualtasun mistikoaren zale, hiriko azpimunduari hastio dion hedonista, "Gexorik nago" hasperen eginez malenkoniatsu biziagatik "Itsasora!" dei egiten duen abertzale... Sabinianoa da eta Baudelaire maite du. Lauaxeta ez da nazionalismoaren abaroan gizendu nahi duen mediokritate bat, Lauaxetak amateurismoaren aurkako borroka abiatzen du".