EUSKAL LITERATURA

Andima Ibiñagabeitia (1906-1967)

Andima Ibinagabeitia

Andima Ibinagabeitia

Jesuitetan ikasle

Elantxoben jaio zen 1906an familia abertzale batean. Aita mitinetan kantari aritzen zen.Hamar urte zituela Tuterako jesuiten ikastetxera joan zen batxilergoa ikastera. Han Orixe izan zuen latineko maisu. 1921ean Loiolako nobizio-etxean sartu zen jesulagun egiteko asmoz. Hango nagusiak ez ziren euskaltzaleak baina lagunetako batzuk eta zenbait irakasle bai. Gazteen artean zeuden, esate baterako, Zaitegi, Lauaxeta eta Plazido Mujika.

Gero Oñara joan zen Filosofia ikastera. Aldi hori bukatutakoan bi aukera zituen: soldadutza egitera joan edo Kolonbiara maisutza egitera joan. Bigarrena hautatu zuen eta hiru urte eman zituen eginkizun horretan. Gero Belgikako Marneffe-ra joan behar izan zuen Teologia ikastera, Espainiako Errepublikak egotzi zituelako jesulagunak. Hurrengo urratsa apaiztea zen, baina gutxi falta zitzaiola irten egin zen.

Gerra-garaia eta espioitza-lana

1935ean Bilbora itzuli eta Unión de Explosivos enpresan lanean hasi zen bulegari gisa. Enpresa horrek bidalita Portugalen ari zen lanean Espainiako Errepublikaren aurkako altxamendua gertatu zenean eta hantxe jarraitu zuen. 1939an Espainiako Gerra amaitzearekin batera, II. Mundu Gerra hasi zen. 1942-43an Jose Antonio Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzarentzako espioitza-lana egiteko eskatu zion. Portugalen bizi zen, baina sarri egiten zituen bidaiak Espainiara, eginkizun horretan zebilela.

Erbesteratuta Parisera eta gero Guatemalara

1947an polizia atxilotzera joan zitzaion etxera, baina ihes egitea lortu zuen eta Parisera joan zen. Urte batzuk eman zituen han Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuan lanean. 1947an, Jokin Zaitegi gero Euzko Gogoa izango zen aldizkaria ateratzeko asmotan zebilela Andimarekin harremanetan jarri zen. Aldizkariaren lehen alea 1950ean kaleratu zen Guatemalan eta Ibinagabeitia lankide izaten hasi zen Parisetik.

Zailtasun handiak eta estutasun ekonomikoak zituen Zaitegik aldizkaria bizirik mantentzeko. Orixeri deitu zion orduan Guatemalara, laguntzaile izan zedin, baina gauzak gero eta okerrago zihoazkion eta hilabete batzuk barru Orixe Guatemala utzi eta El Salvador-era joango da Zaitegik bideak eginda. Zaitegik Ibinagabeitiari deituko dio laguntzera joateko.

Ezkerrean Ibinagabeitia, erdian Zaitegi eta eskuinean Orixe, Guatemalan, 1954an, Orixe handik joan aurretxotik

1954an Andima Zaitegiren ondora doa. Han aldizkarian arituko da lanean, literatur kritika egiten, prosazko lanak idazten, itzulpenak egiten. Ovidio-ren Ars amandi itzuli zuen, euskara irakasteko metodo bat egin zuen eta euskal literaturaren historia egiteko materialak biltzen ere ibili zen. Bi urte egin zituen Ibinagabeitiak Guatemalan.

Venezuelara

1956an Zaitegik Biarritzera aldatzea erabakitzen du Ipar Euskal Herrian Euzko Gogoa argitaratzea errazagoa gertatuko zaiola pentsatuta. Andimak ez du ezer egitekorik Guatemalan eta iloba baten etxera joaten da Venezuelara. Han euskarazko eskolak eta hitzaldiak ematen hasi zen.

Ideologiaren aldetik desadostasunak zituen EAJko agintariekin, Espainiako politikara lotuegi ikusten zituelako. Jarrera kritikoa zuen halaber Eliza katolikoarekiko eta euskal burgesiarekiko. 1958an Irrintzi aldizkaria atera zuen. 1961ean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Hala ere ez zuen batere gogoko euskara batuaren bidea eta Azkueren gipuzkera osatuaren aldeko zen. 1967an hil zen.

Erbestetik

Patri Urkizuk Andima Ibinagabeitiaren 253 gutun bildu ditu. Euskal kulturak eta politikak gerraoste luzeko iluntasunean bizi izan zuten egoera erakusten dute gutunok.

Ibinagabeitia proiektua

Susa argitaletxea 2001etik aurrera euskarazko literatur aldizkarien biltegi bat mantentzen ari da Interneten. Doan kontsulta daiteke. Argitaratzeari utzitako literatur aldizkari garrantzitsuenak aurkitzen dira bertan: Gernika (1945-53), Egan (1948- ), Euzko Gogoa (1950-59), Olerti (1959-95), Igela (1962-63), Ustela (1975-76), Pott (1978-80), Oh! Euzkadi (1979-83), Susa (1980-94), Xaguxarra (1980-81), Idatz & Mintz (1981-...), Maiatz (1982-...), Stultifera Navis (1982-83), Txistu y Tamboliñ (1983-93), Pamiela (1983-93), Kandela (1983-84), Korrok (1984-89), Ttu-Ttuá (1984-85), Txortan (1984-85), Porrot (1984-90), Plazara (1985-92), Literatur Gazeta (1985-89), Zintzhilik (1986-94), Enseiucarrean (1986-99), Mazantini (1991-93), Garziarena (1992-94), Zantzoa (1996-98), Garziarena Berria (1997-98), Vladimir (1997-2000).

www.armiarma.com/andima

 

Ibinagabeitia saria

Caracas-eko Euskera Lagunen Elkarteak (E.L.E.) izen buru honekin eratutako urteroko saria, euskal idazle eta jakintsuentzat euskararen indarberritze, sakontze eta batasuna helburutzat hartuta.