Joan Inazio Goikoetxea "Gaztelu" (1908-1983)
Joan Inazio Goikoetxea "Gaztelu"
Kaputxinoa
Gipuzkoako Gaztelun jaio zen 1908an. Hamaika urte zituela kaputxino izateko ikasketak egitera joan zen. Lehenbizi Altsasura, gero Zangozara, handik Hondarribira eta ondoren Lizarrara eta Iruñeara. 1933an apaiztu zen.
Ikasten jardun zuen denbora horretan ez zuen euskal girorik aurkitu kaputxinoen komentuetan, Iruñean salbu. Apaiztu ondoren Aragoiko Ijar-era bidaltzen dute.
Alabaina, 1930etik 1936ra bitartean Euskaltzaleak elkarteak antolatu zituen Olerti-Egunek poesiazaletasuna piztu zioten. Bereziki Lizardi eta Orixe miresten zituen. Beste hizkuntzetako poeta asko ere ondo ezagutzen ditu: Tagore, Witman, Aragón, Eluard, Juan Ramón Jimenez, Alberti, Neruda, Miguel Hernandez, León Felipe, Gerardo Diego, Gabriel Celaya, Blas de Otero, etab.
1934an Yakintza aldizkarian hasi zen idazten.

Gaztelu apaiztu zen egunean familiarekin
Argentinara misiolari kaputxino eta gero apaiz sekular
1935ean soldadu Afrikara joateko deia etortzen zaio eta horri aldegiteko bide bakarra misiolari joatea du. Argentinara joaten da. Han dagoela, ordena bereko fraide euskaltzale andana bat iristen da erbesteraturik Argentinara. Hogeita bi urte inguru egin zituen herrialde hartako zenbait lekutan: Lavallol-en, Mar de Plata-n, Córdoba-n eta Mendoza-n. 1952an kaputxinoen ordenatik irten egin zen eta apaiz-lanetan jarraitu zuen Mendozan beste sei urte.
Donostiara aldatzen da
1958an Donostiara aldatu zen eta bertan kapilau-lanetan ibili zen hasieran. Gero Auñamendi argitaletxean lan egin zuen. 1959an aipamen berezia jaso zuen Loramendi sariketan eta 1961ean Olerti saria jaso zuen, 1962an Musika ixilla tituluaren pean San Joan Gurutzekoaren eta Frai Luis Leongoaren poemen itzulpena argitaratu zituen. 1970ean eta 1971n, bi urtetan jarraian beraz, Irun hiria saria eman zioten. Lehenbizikoan Gauean oihu olerkiagatik eta bigarrenean Biziaren erroetan izenekoagatik. 1983an hil zen.


