Eusebio Erkiaga (1912-1993)
- TEST: Egia edo gezurra?
- BIBLIO: Bibliografia (9)

Gerra aurretik olerkia, antzerkia eta kazetaritza landu zituen
Eusebio Erkiaga Lekeition jaio zen 1912ko irailaren lauan. Merkataritzako Peritu ikasi zuen eta banketxe batean hasi zen lanean. Lauaxetaren adiskide egin zen hark Lekeition oporraldiak igarotzen zituenean. Errepublika garaian poemak argitaratzen hasi zen Yakintza eta Euzkerea aldizkarietan. Eusko Olerti Egunetan parte hartu zuen. Lekeition egin zen 1936ko ekitaldian ohorezko aipamena irabazi zuen Lora Gorriak olerkiarekin. Lauaxetaren eta sinbolisten jarraitzaile izan zen poemagintzan. Eusko Antzerti Egunetan ere esku hartu zuen eta bigarren saria jaso zuen. Antzerti aldizkarian Antzerki jayan izan naiz antzerki-lana argitaratu zioten.
Garai hartan kazetaritza-lanak argitaratzen zituen Bizkaitarra astekarian, Ekin aldizkarian eta Euzkadi egunkarian. Gerra-denboran Ziarsolok eta Zubikaraik zuzentzen zuten euskarazko Eguna egunkarian lan egin zuen.
Gerraostean berriro idazten hasi zen
Gerraondoko isilaldi luzearen ondoren, 1951n, Siniste gogorra antzerki-lana argitaratu zuen. Xabier Peñarekin euskal eskolak ematen zituen. 1952an euskaltzain urgazle izendatu zuten.1958an Arranegi ohitura-eleberria argitaratu zuen, 1959an Kanpaien atsekabez antzerki-lana eta 1962an bi eleberri: Araibar zalduna 1958an Txomin Agirre saria irabazi zuena eta Batetik bestera. 1963an euskaltzain oso egin zuten. Gerraondoan Gernika, Olerti, Karmel eta Egan aldizkarietan argitaratu zizkioten poesiak. Euskara hutsean irteten zen Bizkaiko Bankuaren Boletina zuzendu zuen 1964tik 1970era.

Erretiroa hartu ondoren egindako lanak
1984tik aurrera bere lan batzuen berrargitalpenak prestatzen aritu zen eta beste batzuk idatzi zituen: Jaioko dira (1984), Txurio Txoria (1986) eta Irribarrea galtzen denean (1987) eleberriak eta Ez zaitez Gernikara joan gerrakoan fusilatu zuten Lauaxetaren omenezko poesia. 1986an Bizkaiko Diputazioaren saria jaso zuen eta 1988an Eusko Jaurlaritzaren Euskal Letratako Merezimenduaren saria. 1993ko maiatzaren 31n zendu zen.
Ez zaitez Gernikara joan poemaren zatitxo bat
Ez zaitez Gernikara...
Hara beharko.
Laga egizu, adiskide,
laga biharko.
Hegalots lar dabil haizetan,
borondatea itzi neban
eta hor nabil zorka.
Ez al dozu gomutan
zu ezagutzeko
etorri jatzun
Garzia Lorka?
Etxeko bake ederrean
atxilotu eben
uda maminean,
eta berunez josi;
odol-lits
baratzeko hesi.
Gizon biloiz hari
jantzirik baltzena
eutsoen ezarri.
Halan ixilduko
betiko
gizon txintalaria,
txintazko txintan
txinta haria.
Gizarte batek
garbitu ezin daikean
orban gorria.
Al Andalus-eko Fede
gogortu dabenean,
zer dozu galtzekorik
Gernika aldean?

