Piarres Larzabal (1915-1988)
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Nere mendixkatik (1978)
- BIBLIO: Bibliografia (24)

Piarres Larzabal
Piarres Larzabal Azkainen jaio zen 1915eko maiatzaren 5ean. Aita, Alexandre Larzabal eta ama, Maria Carrera, Urruña eta Berakoa zituen, hurrenez hurren. Aita 1914ko Gerrara joana zen eta hiru urte ondoren gerratik itzulitakoan ezagutu zuen.
Azkaineko eskolaz eta maisuaz ez zuen oroitzapen onik gorde. Kristau-ikasbidean, Debidart jaun erretorea izan zuen irakasle eta hark bultzatu zuen, familiaren baimenarekin eta jaunartzea egin ondoren, Piarres apaiz-ikasketak egitera. 1926an, Hazparneko ikastetxean ekin zien ikasketei eta bi urte eman zituen bertan. Hango eskolako maisuek, Azkainekoen antzera, euskaraz hitz egitea debekatu egingo zioten.
1928tik 1933ra Uztaritzeko apaizgaitegian bigarren mailako ikasketak egin ondoren, Parisera abiatu zen soldadu. Parisen eman zituen urte haietan erizaintza ikasi zuen, filosofia eta teologiako ikasketak egin zituen eta antzerki-munduan ere sartu zen. Gure Herria aldizkarian argitara eman zuen 1934an bere euskarazko lehen ikusgarria Irri eta Nigar.
1939an, apeztu orduko, Hazparnera bidali zuten bikario, baina aste gutxiren buruan II. Mundu Gerra piztu zenez, gerrara abiatu zen. Alemania, Polonia eta Txekoslovakiako espetxetan preso eduki zuten. Alemaniako preso-zelai batean zegoela, Gurutze Gorriaren ikuskariek eri ikusi eta Suitzara eraman zuten. Handik, jada sendaturik, Hazparneko bikario-etxera itzuli zen 1942an.
1942tik 1945era arte Hazparneko bikario izan zen. Larzabalen esanetan, urte zoriontsuak izan ziren haiek, bai apaiz-lagunen artean egindako adiskideengatik eta baita egokitu zitzaion Zelaiko auzo ederrarengatik ere.
Piarresek gau-eskolak antolatu zituen hazpandar gazte langile eta laborariak eskolatu ahal izateko. Une gogorrak ere bizi izan zituen; gerra amaitu baino lehen jaun eta jabe zebiltzan alemaniarrek bikario-etxe ondoan bi hazpandar gazte tiroz hil zutenekoa, esaterako.
Gerra amaitu ostean, Europa mendebalde guztian bezala, Hazparnen herrigintza eta sindikalismoa indartu ziren, eta sortu ziren eztabaidetan parte hartu zuen Larzabalek. 1951ean, ordea, Baionako apezpikuak Zokoako parrokia berria eraikitzera bidali zuen.
Larzabal antzerkigile
Zokoara iritsi zenerako jada bazuen ospea antzerkigile gisa, ez soilik gaztedanik antzerkirako zuen trebetasunagatik edo Hazparnen beste apaiz batzuek ireki zuten bidea jarraitzeagatik, baina bai antzerkia gazteak eskolatzeko tresna gisa erabiltzeagatik.
Hastapenean idatzitako antzerkiek irria eginaraztea besterik ez zuten helburu; Kontrabandistak, Dendarietan, Manez ohoretan ala Xirrixti-mirrixti lanek adibidez. Ondoren, ikus-entzuleari zenbait gogoeta eginarazteko helburuarekin hizkuntza zorroztu zuen; Etxahun dugu lekuko, 1951ean idatzitako lana, esaterako.
Bordaxuri, Okilomendi, Nork hil du Oihanalde, Hila espos eta 1950eko hamarkadan idatzitako lanak gizarte arazoak harrotzen dituzten komediak izango dira. Ondoko hamarkadetan, Euskal Herriaren historian eta Larzabal apaizaren bizitzan gertatuko diren gorabeherek haren idazlanen bilakaeran eragina izango dute.
1951n Piarres Zokoako erretore izendatu zutenean, ez zuen ez apaiz-etxerik ezta elizarik ere. Eliza eraiki bitartean, Urruñako elizari utzitako El Sol izeneko etxe ttipia izan zen Piarresen egoitza. Urruñako herriari lurra erosi zion eta parrokiako elkartea eratzen eta diru-iturriak eta laguntzak biltzen aritu zen. Eta lehen bilkurak eta elizkizunak ahal zuen lekuan ospatzen zituen.

Zokoako eliza
Lehen harriaren bedeinkatzea 1952an egin zuten, 1954an lehen sendotza eman zuen teilatupe berrian eta 1959an, elizaren barneko lanak amaitu ondoren, lehen bataioa ospatu zuen. Erretore-lanetan nahikoa zeregin eduki arren, ez zion uko egin idazteari.
Euskal idazle eta euskaltzaina
Inoiz ez zion utzi Gure Herrian eta geroago Herria aldizkarietan idazteari. 1959an, Aljeriako gerra hasi zenean, gerraren inguruan Herria aldizkarian idatzitako artikulu batengatik auzitegietara eraman zituzten Larzabal eta aldizkariaren zuzendari Piarres Laffite. Ez zuten halere zigorrik jaso.
1960an, Miarritzeko kasinotik udatiarrentzat eskaintzen ziren irrati-emankizunetan euskarazko saioren bat sartzea lortu zuten iparraldeko euskaldunek. Piarres Larzabali saioa osatzeko eskatu eta bere hitzez, berak asmatutako bertsoez hala nola Mixel Lebergueriek sortutako kantuez osatu zituen irratsaio haiek. Zazpi-zortzi urte iraun zuten emankizun horiek, sekulako arrakastarekin gainera.
Bestalde, urte berean sortu zen Enbata izeneko Iparraldeko abertzaleen lehen aldizkaria eta alderdi politikoa; Piarres Larzabal izan zen sortzaileetako bat.
Gainera, 1963an Euskaltzaindian sartu zen Jean Elissalde Zerbitzari zenaren aulkian. Geroztik idatzi zituen bere antzerki garrantzitsuenak: Orreaga, Paper mende, Sarako lorea, Urriki latza 1964an, Lana eri, Suedako neskatxa 1965ean eta Matalas, 1968an. Azkenean, pastoral gisako zenbait ikusgarri idatziko ditu; Lartaun, Orria eta Aralar, adibidez.

Larzabalen oroitzapenak Piarres Xarritonek paratu eta Elkarrek argitaratuak
60. hamarkadan iheslari abertzaleak Ipar Euskal Herrira joaten hasi zirenean, Larzabalek, Telesforo Monzon eta beste zenbait lagunekin batera, Anai Artea elkartea eta biltokia sortzea bultzatu zuen. Orduan, Beihl Donostiako kontsul alemaniarra ETAk bahitu zuen eta Anai Arteari ararteko lana egitea proposatu zitzaion.
70. eta 80. hamarkadetan, bestalde, Zokoa eta Zokoako apaiza mintzagai izango dira iheslarien kanporaketak, hilketak, gose-grebak edo ehorzketak direla eta. Jakina da, Zokoako elizan ospatu izan direla hegoaldetik iparraldera ihesi abiatu zirenen ezkontzak, bataioak eta hil-mezak. 1979an, gaixorik, Zokoako erretoretza utzi behar izan zuen.
1988ko urtarrilaren 11n hil zen. Hil-meza, ordea, Piarres Larzabal berak zortzi urte lehenago idatzia, adiskide zuen Roger Idiart apaizak irakurri zuen.
Anai-artea
Anai artean (Txalaparta 1996)
Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohizunen 1969an, euskal errefuxiatu politikoei laguntza eskaintzeko sortutako erakundea izan zen. Hego Euskal Herriko egoera politikoak beharturik ihes egiten zutenak hartzen zituen etxea izan zen hasieran. Telesforo Monzon lehendakaria izan zen eta Piarres Larzabal idazkaria.
Piarres Larzabalek garai hartako gertakizunak, egunez egun kontatuak, egunkari moduan Anai artean liburuan utzi zizkigun: parapolizialek iheslarien artean eragindako hilketak, Beihl kontsularen bahiketa, etab.

