EUSKAL LITERATURA

Salbatore Mitxelena (1919-1965)

Salbatore Mitxelena

Frantziskotarra

Zarautzen jaio zen 1919an, familia euskaltzale eta fededunean. Bere familiako beste batzuek bezala fraide-ikasketak egin zituen Arantzazun eta Foruan, gerra aurreko urteotan, eta, frantziskotar zelarik, Erriberriko seminarioan hartu zuen gerrak. Ikasketak utzi eta gerrara joan behar izan zuen. Hainbat kuartel eta frontetan ibili ondoren Erriberrira itzuli zen 1939an, 20 urterekin, bizi izan zituen une garratzek bihotza erdiratuta. Handik gero Arantzazura joan zen ikasketak bukatzera.

Gerra osteko ilunaldiko olerkaria

Apaiz egin (1943) eta bere lehen apaiz-urteak Donostian eman zituen (1944-1954). Salbatore Mitxelenari gerra ondoko giroak, Euskal Herriak bizi zuen hondamendiak, izugarri eragin zion, eta gerra osteko Euskal Herriaren minaren adierazlerik nabarmenena da. Arantzazuko garai hartako giroak inspiratu zuen horretan: jende euskalduna erromesaldietan joaten zen bertara eta herri-sena zabaltzen zen ekitaldietan. Horretan oinarrituz idatzi zuen Arantzazu: Euskal Poema, 1949an argitaratua.

Arantzazu

Arantzazu euskal-poema

Euskaltzaleen artean ilusio handiz hartu zen, izan ere, gerra ostean euskaraz argitaratu zen lehen liburua izan zen. Liburuan Arantzazuren historia olerki bihurtu zuen, giro epikoa emanez hango istorio zaharrei. Euskal Herriaren sinbolo bihurtu zuen Arantzazu:

"Gure Euskal Erri eta
Gure Arantzazu
Zori berak behin beti
Zinuzen uztartu"

Obrak jarraipena izan zuen 1955.ean Euzko Gogoa aldizkarian: Euskal Poemaren 3. atala argitaratu zuen bertan: Euskal Herria hiltzat jotzen zutenen aurrean bizi nahia aldarrikatzen zuen. Gerora Ama semeak Arantzazuko kondairan prosan idatzi zuen 1951n.

Ama-semeak Arantzazuko kondairan

Giroak itota Amerikara

Izaera menperagaitza izaki, eliza ofizialaren doktrinaren aurrean kritiko jardun zuen: gerran faxistak bedeinkatu zituen eliza horrek hainbat konturen inguruan ezartzen zuen debekua, libertate faltak sortzen zion kezkak gauzetan sakontzera eta dogmatismoak ez onartzera bultzatzen zuen. Gipuzkoa eta Nafarroako herrietan zehar misioetan sermolari jardun zuen, estilo gazte eta aurrerakoiaz. Jarrera horren ondorioz salatua izan zen eta Ameriketara joatea erabaki zuen hemengo askoren aholkuaren kontra.

1954tik 1962ra, Erdi eta Hego Ameriketan ibili zen misiolari-talde ibiltari batekin: Uruguaytik hasi eta Bolivia, Ekuador, Peru, Kolonbia, Kuba, Panama, El Salvador, Costa Rican zehar misioak ematen. Kubako iraultzak herrialde hartan harrapatu zuen, hain zuzen

Urruntasunak ez zuen galdu euskal idazlea; Ameriketan , bere misio lanak herrialdez herrialde zabaltzeaz aparte, euskaraz idazten jarraitu zuen: Aberriak min dit gaztetako olerkien bilduma, Aboz abo: Arantzazuko kanta zaharren bilduma, Hogei kanta Arantzazuko. Antzerkia ere idatzi zuen Herri bat guruzbidean: estilo modernoz olerkia, bertsoa, musika, elkarrizketa tartekatuz.

Saiakera bat ere idatzi zuen Amerikan zela: Unamuno ta Abendats.

Unamuno ta Abendats

Unamuno ta Abendats

Ongi ezagutzen zituen Salbatorek filosofo bilbotarraren lanak eta gauza askotan oso hurbil sentitzen zen haren pentsakeratik, nahiz eta garai hartan Eliza ofizialak gaitzesten zuen filosofo baten lanak irakurtzea bera fraide batentzat ez zen batere samurra.

Ez zen Salbatore axalean geratzeko gizona eta, agian horregatik, jakin zuen Unamunorengan sakoneko euskaltasuna eta fedea aurkitzen

Suitzan azken urteak

Bere bizitza laburreko azken urteak Suitzako La Chaux de Fonds-en eman zituen kapilau-lanetan, hara iristen ziren langile espainiarrei laguntzen. 1965ean hil zen. Gorpua Zarautzera ekarri zuten eta omenaldia egon ondoren Arantzun hilobiratu zuten.

Zein ederra dan!

Zein ederra dan
olerkaritza
biotzak min duanean!
Zein ederra dan
somatu nuen
ama, zu il ziņanean.

Zeruaņoxe
kanta jaso nai
nizuke, otoitz-antzean;
berez ezinda,
bidaltzen dizut
otoitzarekin batean.

Zein ederra dan
olerkaritza
otoi biurtzen danean!

 

Amodiorik ez duenak ez du miņik biotzean

UDAZKENEZ IGARTZEAN
LORATXOAK BARATZEAN,
AMODIORIK EZ DUENAK
EZ DU MIŅIK BIOTZEAN.

Aberriak zetzan iltzer...
Batzuk zesaten: guri zer?
ta ajolagabe lekutu ziran
Ama utzita, biotz anker.

GAUR ARROSA BAT-BATEAN
BERRITZEN ASI DENEAN
AMODIORIK EZ DUENAK
EZ DU MIŅIK BIOTZEAN.

Min orain eta miņa len
Aberriak sorrarazten...
Atzo oņarez ta orain lei berriz
ezin ezertan atseden.

Biotz orrek ez atseden
Euskalerria jasotzen.
Aberrimiņez izor dagonak
ez du askirik izaten.

Zenbaitzuk diote: gaur jai!
jolaserako txit alai.
Abertzaleak Erri oindian
ziņitza: Ama, agindu, zer nai?

Euskotarrak: ez atseden
Euskalerria jasotzen.
Aberri miņez izor dagonak
ez du naikorik egiņen...

EDERREN DANEN ARTEAN
ABERRIA AMESTEAN
AMODIORIK EZ DUENAK
EZ DU MIŅIK BIOTZEAN