EUSKAL LITERATURA

Jon Etxaide (1920-1998)

Jon Etxaide

Jon Etxaide Itharte 1920ko martxoaren 27an jaio zen Donostian. Aita Inazio Maria Etxaide euskal idazlea eta ingeniaria zuen, Euskaltzainburu izan zena eta militante integrista sutsua. Etxean giro guztiz euskaltzalea ezagutu zuen. Espainiako Gerra Zibila lehertu zenean 16 urte zituen. Bere bi anaia zaharragoak gerran zirelako libratu zen gerran parte hartzetik. Lanbidez delineatzailea izan zen. Gernika aldizkariaren ale batzuk zituela harrapatu zuten mugan eta sei hilabete egon zen kartzelan. Doan eta ezkutuan euskara irakasten ibili zen gerraostean.

Izaeraz bakartia, erromantikoa, bere buruarekin estua zen Jon, eta tristurarako joera zuen. Bere lanbidea ez zuen gustukoa eta bizitza bera ere nahikoa jasangaitza egiten zitzaion. Kristautasunean aurkitzen zuen aurrera egiteko adorea. Beste ezer baino gustukoagoa euskaraz idaztea zuen.

Idazle trebe eta oparoa

Gerra aurretxoan, hamabost urte zituela, itzulpenak egiten hasi zen aitak bultzatuta. Till Eulenspiegel-en abenturak itzuli eta argitaratzen hasi zen La Cruz astekari katolikoan. Gerraren etorrerak eten zuen lan hura.

1950ean Alos torrea ipuin-liburua argitaratu zuen. Erdi Aroko erromantze batean oinarritua da lan hau.

Alos torrea

1951an Euzko Gogoa aldizkarian Amayur antzerki-lana atera zuen. Fernando Katolikoaren eta Karlos V.aren denboretan Nafarroaren independentziaren aldeko borroken ingurukoa da lan hau.

1953an Purra-Purra, ipuin barregarriz osatutako bilduma atera zuen.

Purra-purra

1955ean Joanak joan eleberria argitaratu zuen. Etxahun poeta zuberotarraren bizitzan oinarritua da. Bizitzaren alderdi garratzak tratatzen ditu bertan.

1956an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen.

1957an pasadizo barregarriz osatutako Pernando Plaentxiatarra argitaratu zuen .

1958an bi lan argitaratu zituen: bata Markesaren alaba antzerki-lana, Egan aldizkarian, eta bestea Amasei seme Euskalerriko, euskal idazleen biografiak.

1959an Pio Barojaren Las Inquietudes de Shanti Andia euskaratuta argitaratu zuen Itxasoa laño dago... Xanti andia itxas-gizonaren bizitza ta kezkak izenburuarekin.

1962an Bereterretxeren kantuan oinarrituriko Begia begi truk drama historikoa eman zuen argitara. Lan honekin Txomin Agirre saria irabazi zuen eta hurrengo urtean sari hori bera jaso zuen Gorrotoa lege eleberriarekin.

1969an Etxahunen bertsoak gipuzkeraz atera zituen, Jon Miranderen laguntzaz baliatu zen itzulpenean aurkitu zituen eragozpenak gainditzeko.

1991n Euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

1993an Arturo Kanpion-en bost euskal-narrazio argitaratu zuen.

Artikulu asko idatzi zuen euskaraz hainbat aldizkaritan: Egan, Euzko-Gogoa, Gernika, Yakin, Aranzazu, Karmel, Gure Herria, Olerti, Zeruko Argia, BRSVAP eta El Diario Vasco-n. Izengoiti askorekin sinatu zituen lan horiek: Karranka, Uarrain, Etxaithar, Aldapeko, Zelai, Igeldo, eta abar.

1998an hil zen Jon Etxaide.

Idazle honen oparotasuna eta zintzotasuna behar bezala aipatzeko, ezin da esan gabe utzi bere lanak askotan berrargitaratu zirela eta aldiko berridazketa egiten zuela, ez zelako lasai geratzen egindako lanarekin. Beti ikusten zuen zer hobetu. Halakoxe estua zen bere buruarekin.

Pierre Topet "Etxahun"

Jon Etxaideren Joanak joan eleberria Etxahunen bizitzan oinarritua da. Etxahun Zuberoako Barkoxen jaio zen 1786an. Familiako giro txarrak eraginda, izaera bortitz eta arriskutsuko pertsona bilakatu zen. Amodiozko krimen bategatik epaitu eta kartzelaratua izan zen. Bere etxe eta herritik desterratu egin zuten; Santiago eta Erroman ibili zen bere zoritxarra kantatuz. Euskal Herrira itzuli eta festa eta ezteietan koplari gisa ibili eta Santa Grazin artzain egon zen. Ez zuen inoiz bere lana argitaratu; bere bertsoak ahozko tradizioari esker gorde dira, idatzitako koadernoak sendikoek erre egin baitzituzten. Bi eratako bertsoak idatzi zituen: satirak eta elegiak. Satirak gazte-denborako lana izan ziren, Oi laborari gaxua. Elegietan, herriko giroa azaldu zuen: Ahaide delicious huntan; Bi berset dolorusik; Mündian malerusik; Gaztalondoko neskatillak; Sarrantzeko pastorala; Hiltzerako kantoriak. Bertsolari izateaz gain, poeta ere bazen eta bere bizi zorigabearen emaitza ziren olerkiak idatzi zituen.

 

Bereterretxe

Ezagutzen diren euskarazko kantu epikorik zaharrenak XV. mendekoak dira. Jon Etxaidek Begia begi truk drama kantu epiko horietako batean, Bereterretxen khantoria izenekoan oinarritu zuen. Kantu horren pertsonaia nagusia, Bereterretxe, Larraņeko zaldun agramontarra da, Leringo konde beamontarrak traizioz hil zuena. Kantu horren lehen bertsoak oso ezagunak ditugu gaur egungo kantariei esker:

Haltzak eztü bihotzik
> ez gaztanberak ezürrik:> enian uste erraiten ziela aitunen semek gezürrik