EUSKAL LITERATURA

Gabriel Aresti Segurola (1933-1975)

Gabriel Aresti

Gabriel Aresti

Euskaldun berri urte zailetan

Bilbon jaio zen 1933an eta Francoren errepresio-urteak ezagutu zituen. Merkataritzako peritu-ikasketak egin eta gero kontularitza-lanetan jardun zuen Bilboko portuko zamaketa-enpresetan. Arestiren familiak euskararen galera ezagutu zuen eta berak bere kasa ikasi behar izan zuen: 12 urterekin hasi zen, baliabide normalizaturik ez zen garaian, eta gainera garbizalekeriaren eraginpean. Ikasi zuen euskara garbizaleak ez zion balio herriarekin jarduteko, gerora konturatu zen bezala, eta herri-hizkera ikasi beharraz jabetu zen. Arestik bere bizitzarekin erakutsi zuen gogoz eta sentimenduz hartuta bigarren hizkuntza norberaren lehen hizkuntza ere bihur daitekeela.

Oso gaztetatik idazle eta intelektual

21 urterekin hasi zen idazten Euzko Gogoan. Alfontso Irigoienen bidez euskal poesia eta bertsolaritza ezagutu zituen. Munduko literatura zuzenean ezagutzen zuen, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez irakurtzen zuelako. Bilboko literatur tertulietan ezkerreko idazle erdaldun asko ezagutu zituen eta horien bidez Blas de Otero eta Gabriel Celaya.

Juan San Martin, Karlos Santamaria eta Gregorio Monreal-ekin ere harremanak izan zituen. Baita Jon Miranderekin ere. Eragin hauen guztien erdian bere ekarpena izan zen erakustea euskara gai zela goi-mailako literatura egiteko; izan ere ordu arte baserriari eta gizarte zaharrari loturiko irudia erakusten zuen euskal literaturak.

Jarrera kritikoa

Bere bidez ideologia sozialista eta komunistako idazleak bestelako begiekin hasi ziren ikusten euskal aldarrikapenak. Marxista zurruna zen, baina ez zuen onartzen alderdi komunistaren jarrera euskal arazoaren aurrean. Alabaina, berdin kritikatzen zituen abertzaleak euskararekiko erakusten zuten epelkeriarengatik. Era guztietako hipokrisia, injustizia, zapalketaren aurka zintzo eta jator aritzen zen.

Goi-mailako poeta poliglota

Idazle galiziar eta katalanekin ere izan zituen harremanak: Euskal Herriko Galiziarren Etxeetako literatur lehiaketetan epaimahaiko aritzen zen, galizierazko poeten lanak itzuli zituen (Castelao, de Portela), Espriu eta Salvatekin harremanak izan zituen. Hainbat herrialde eta hizkuntzatako poeten lanak ere itzuli zituen: Shakespeare, Brecht, Blas de Otero, Bocaccio, Juan Ramon Jimenez, Baudelaire, etab.

Euskara literaturarako hizkuntza gisa nobletu zuen. Poesia landu zuen gehien. Sari ugari jaso zuen: Loramendi saria (1959), Orixe saria (1963), Lizardi saria (1966), Iparragirre saria (1968). Bere lehen lan garrantzitsua Maldan behera izan zen, Euskera aldizkarian 1960an argitaratua: gizakiaren bilakaera eta poesiarena bilbatu zituen bertan. Entzute gehiago izan zuen Harri eta herrik (1963). Honek hiriko gizonaren ikuspuntutik azalduriko sentimenduak, eta protestako gai sozialak biltzen ditu. Bide beretik etorri ziren Euskal harria (1967) eta Harrizko herri hau ( 1970).

Euskal Harria

Euskal Harria

Lan hauek arrakasta handia izan zuten gazteen artean, ordu arteko poesia klasikoaren lekuan kezka biziagoak eta forma hurbilagoak erakusten zituelako euskara ulergarriagoan. Haren lanak aldi berean euskaldun eta aurrerazale izan zitekeela aldarrikatu zuen eta euskaraz idazteari balioa eman zion.

Musikarien eta artista plastikoen inspiratzaile

Garaiko kantari gazteek haren poemak kantatu zituzten eta batzuk jada klasiko bihurtu dira: San Simon eta San Juda, Egun da Santimamina. Oteiza eta Ibarrola ezagutu zituen eta haien lanetan eragin. Txillidak Gure aitaren etxea lana egin zuen geroago.

Antzerkigile, eleberrigile eta artikulugile

Antzerkia ere idatzi zuen eta XVIII. mendeko lehenbiziko euskal teatro-lana, Gabonetako ikuskizuna, aztertu zuen, lan honen literatur balioak erakutsiz. Berak idatzitakoen artean Mugaldeko herrian eginikako tobera, Justizia txistulari, Etxe aberatseko seme galdua eta Madalenaren seme santua, eta eta gure heriotzeko orduan daude.

Eleberri bakarra idatzi zuen eta bera helburu didaktikoz: Mundu-munduan.

Artikulu asko idatzi zituen euskal aldizkarietan: Zeruko Argian, Olertin, Eganen, Anaitasunan. Horietako asko probokatzeko asmoz eginak.

Inor hotz uzten ez zuen gizona

Askok pertsona zakartzat zuten arren, lagunkoia eta umore onekoa zen. Zirikatzailea eta istiluzalea ere bai. Euskal kulturan borroka- eta eztabaida-giroa sortu eta eragin nahi zuen, euskarak aurrera egiteko, mundu tradizionaletik atera behar zuela pentsatzen zuelako. Batzuetan eskandaluak ere antolatzen zituen, dela ortografia, dela ideologia gaitzat hartuta, eztabaidak sustatzeko. Askok ez zioten barkatu eta zokoratzen ahalegindu ziren, baina alferrik: abertzale batzuen alderdikeria kritikatzen zuen, komunisten aurrean euskararen defentsan jarduten zuen. Hala ere elizgizon askoren laguna ere izan zen.

Nire aitaren etxea (1963)

Gure aitaren etxea

Gernikan dagoen Txillidaren Gure aitaren etxea

Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.