Euskalkiak: XVII eta XVIII mendeak
Euskalkiei buruzko lehen aipamena Joannes Leizarragak egin zuen Iesus Christ Iaunaren testamentu berria izeneko bere obran (1571). Hitzaurrean euskaldunei (Heuscalduney) azaltzen die nolako zailtasunak izan zituen euskalki bat hautatzeko orduan ahalik eta euskaldun gehienengana iristeko. Leizarragak lapurtera hartu zuen bere lana idazteko oinarri lexikografiko gisa, eta behe-nafarrerazko eta zubererazko zenbait hitz eta egitura erabili zituen.
XVII. mendean Axularrek eta Juan de Tartasek beste aipamen batzuk egin zituzten euskalkiei buruz eta horiek literaturan erabiltzeari buruz. Baina euskalkien araberako sailkapen bat egitea proposatu zuen lehen idazlea Oihenart izan genuen.
Orduz geroztik, euskalkien, beren sailkapenaren eta literatura klasikoan duten erabileraren inguruko eztabaida luzea bezain zabala izan da.
XVII eta XVIII. mendeak: Oihenart eta Larramendi
XVIII. mendea arrazionalismoaren eta Ilustrazioaren mendea dugu. Gizakiak bere inguruko guztia ulertu eta gauzen egiaraino iritsi nahi zuen. Testuinguru horretan garrantzi handia ematen hasiko zaio hizkuntzari, eta horren ondorioz, gramatikak eta hiztegiak ugaltzen hasiko dira. Dialektologiaren (dialektoak aztertzen dituen zientzia) eremuan teknika berri bat sortuko da: azterketarako oinarri gisa toki bakoitzeko material autoktonoa erabiltzea.
Arnaud Oihenart (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667) euskara aztertzeari eman beharreko balioaz ohartu zen lehen idazlea dugu, eta ahalegin handia egin zuen helburu hori lortzearren. Euskararen egitura aztertu nahi horretan, hainbat eta hainbat datu bildu zituen, eta horiei esker gramatika txiki bat idatzi ahal izan zuen: Notitia Utriusque Vasconiae. Bertan lau euskalki bereizi zituen:
- Ekialdekoa (Iparraldea).
- Nafarroakoa.
- Bizkaikoa.
- Gipuzkoa eta Arabakoa (Arabako euskara gipuzkeratik hurbil zegoela zioen).
Larramendi (Andoain, 1690 - Loiola, 1766) teknikaren alorrean idazle berritzailea izateagatik nabarmenduko da. Material autoktonoa erabiltzen du, bere azterketa egiten duen tokiko biztanleei zuzenean galdetuz. Bere lehenengo bi lanetan honela sailkatu zituen euskalkiak: Gipuzkoakoa, Bizkaikoa eta Nafarroakoa. Bere hirugarren lanean sailkapen berri bat egingo du eta bost euskalki bilduko ditu: zuberera, gipuzkera, lapurtera, nafarrera eta bizkaiera/arabakoa. Oihenartek ez bezala, Arabako euskara bizkaieratik hurbil kokatu zuen, eta ez gipuzkeratik hurbil. Larramendik zioen jatorrizko forma Gipuzkoako euskalkiarena zela, eta gainerakoak haren aldaerak zirela.
