Aditza
Euskararen adizkiak nahikoa konplexuak dira bertan informazio-kopuru handia bildua dagoelako, bai ekintzan parte hartzen duten elementuei buruz (subjektua, osagarri zuzena eta zeharkako osagarria), bai aspektuari buruz (burutua, ez-burutua, geroa), eta bai denborari buruz ere (oraina, iragana, baldintzazkoa).
Aditzak, oro har, beren partizipio-formaren arabera (jolastu) izendatzen ditugu. Aditz horren erroa jolas izango litzateke, eta halaxe agertzen da adizki potentzialetan (jolas dezakezu), edo aditz arazleak osatzerakoan (jolasarazi).
Adizkiak, jokatuak ala ez-jokatuak izan daitezke.
Adizki ez-jokatuak
Aditzek jokatu gabe erabiltzen direnean ez dute denborarik eta pertsonarik adierazten, esate baterako: joan! Aditz horrek agindu bat adierazten du, eta ikus dezakegun moduan, ez du denbora-markarik (oraina, iragana eta geroa), eta ez pertsona-markarik ere (nor, nor-nori, nor-nork o nor-nori-nork). Aditz horrek, beraz, bere testuingurutik kanpo, oso informazio gutxi ematen digu aipatutako agindu horren inguruan. Agindu hori, gainera, adizki jokatu baten bidez ere eman genezake: joan zaitez! Horrek aurrekoak baino informazio gehiago eskaintzen du, badakigu orainean dagoela eta singularreko bigarren pertsonari (zu) zuzendua dagoela.
Adizki ez-jokatuak hiru eratara ager daitezke:
- Aditz-oina bakarrik: joan!
- Aginduak emateko.
- Galdera erretorikoak eta harridurazkoak egiteko.
- Errefrauetan.
- Kontakizunetan.
- Antzerkiko didaskalietan.
- Partizipioa: euskal partizipio zaharrarenen
amaierak -i eta -n dira (ikasi, eduki, joan, edan...), eta -tu/-du
partizipio-amaiera hizkuntza erromantzeetatik jasoa dugu. Gainera, -tu
amaiera hori erabiliko dugu aditz berriak osatzeko (ligatu,
nabigatu...).
- Aditz-izena: izen bihurturiko aditz hauek izen-sintagma osatuz ager daitezke, eta horregatik, kasu-markak ere har ditzakete. Zu etortzea nahi dut. Menditik ibiltzea gustatzen zait.
Adizki trinkoak
Aditz trinkoak aditz laguntzaile baten beharrik gabe jokatzen dira. Aditzaren informazio guztia hitz bakarrean biltzen dute: pertsona, ekintzaren esanahia, modua, tempusa eta aspektua. Esate baterako: noa, nindoan, dator, daukat, zatozte, zegoen.
Egungo euskaran sintetikoki jokatu daitezkeen adizkien kopurua nahikoa mugatua da, aditz perifrastikoen aldean. Euskaltzaindiaren arabera 24 inguru aditz sintetiko edo aditz trinko izango genituzke, eta horien guztien artetik, hizkuntza mintzatuan hauek lirateke arruntenak: egon, joan, ibili, etorri, izan, jakin, eduki, ekarri, eraman, esan, jakin; beste aditz trinko batzuk hirugarren pertsonan bakarrik dira arruntak (etzan > datza; jarrio > dario, iraun > dirau) eta horietako batzuk hizkuntza idatzian edo hizkuntza landuan bakarrik erabiltzen dira. Aditz sintetiko edo trinko guztien partizipioak -i, -n amaiera dute, hots, aditz-amaiera zaharrak, eta aditz perifrastiko gehienen amaiera -du edo -tu da.
Adizki perifrastikoak
Adizki perifrastikoak jokatu ahal izateko aditz laguntzaile baten beharra dutenak dira..
Era honetako aditz gehienak -tu /-du amaieraz baliatzen dira partizipioa osatzeko: aurki > aurkitu; lagun > lagundu; bila > bilatu
Baina badira, halaber, -i edo -n amaiera dutenak: sinetsi, bidali; jan, irakin.
Forma perifrastikoek aditz nagusi bat eta aditz laguntzaile bat dute.
- Aditz nagusiak: aditzaren esanahia eta aspektua ematen digu. Lau eratara ager daitezke: aditz-oina (har), partizipio burutua (hartu), ez-burutua (hartzen) edo geroa (hartuko).
- Aditz laguntzailea: aditzaren pertsona, tempusa eta modua adierazten du, esate baterako: naiz, nintzen, naiteke, nadin, dut, nuen, dezaket.
Aditz guztiek forma perifrastiko bat har dezakete, hau da, laguntzaile batekin jokatu daitezke, baina denak ezin daitezke sintetiko izan. Esate baterako, ibili bezalako aditz trinko bat hitz bakarrean (nabil) edo laguntzaile batekin (ibiltzen naiz) aurki dezakegu. Halere, aditz perifrastiko batek (apurtu) beti behar du laguntzaile bat jokatu ahal izateko (apurtzen dut).
