Mintzagaia, iruzkina eta galdegaia
Komunikazio ekintzaren helburua informazioa trukatzea da. Honela, perpaus bat eratzen dugunean, informazio berria ematen ari gara. Horretarako gauza bi zehaztu beharko ditugu: zertaz ari garen eta gai horretaz daukagun informazioa zein den.
Horren arabera, perpaus guztietan bi atal nagusi bereiz ditzakegu: mintzagaia eta iruzkina.
Mintzagaia
Mintzagaia hizketaren edo solasaldiaren gaia da, argumentuaren ardatz nagusia. Perpausa ezin da modu isolatuan adierazi, alegia, solasaldi batean perpausa izateaz gain, testutik at dauden bestelako elementuak ere badira.
Bi solaskide hizketan ari direnean egoera oso bat sortzen da, hau da, jadanik biek ezagutzen dute esaldiak barneratzen duen informazioaren atal bat eta, horregatik, isilpean utzi ahal dute, adibidez: Non dago katua? (katua) Ohe azpian (dago). Baina informazio berria ezin da isilpean gorde.
Mintzagaia bi osagai ezberdinez osatuta dago:
- Mintzagai hanpatua: Garrantzitsuena da eta beti perpausaren hasieran doa.
- Gainerakoak: Mintzagai hanpatuaren atzean, perpausaren amaieran edo isilpean mantentzen direnak dira.
Amaiak bere gelan ohe bat dauka.
Amaiak ohe bat dauka bere gelan.
Amaiak ohe bat dauka.
Iruzkina
Iruzkina, perpausaren beste elementua da eta haren definizioa honakoa dugu: mintzagaiari buruz ematen den informazio berria.
Mintzagaia ez bezala, iruzkinak beti agertu behar du, bestela ez dago komunikazio eraginkorrik. Zenbait kasutan, perpaus osoa da iruzkina, esaten den guztia berria denean, adibidez: Zer gertatu da? Jonek istripu bat izan du. Horrelakoetan, ordena ez-markatua erabiltzen da (subjektua, objektua eta aditza). Hemen ere bi multzo daude:
- Iruzkin hanpatua edo galdegaia (garrantzitsuena da eta aditzaren aurrean kokatzen da): Inor joango da? Neu joango naiz Iñakirekin.
- Gainerako osagaiak (informazio berria izan arren, atzean doa): Nor joango da? Neu joango naiz Iñakirekin.
Iruzkina perpaus osoa denean ere, beste hainbeste gertatzen da: galdegaia aditzaren aurrean jartzen da eta iruzkinaren gainerako osagaiak atzean, adibidez: Zer gertatu da? Jonek istripu bat izan du errepidean.
Aditza galdegai
Euskaraz, perpausaren osagaiak, normalean, duten edo eman nahi zaien garrantziaren arabera ordenatzen dira, eta osagairik garrantzitsuena aditzaren aurrean jartzen da: galdegaia. Galdegaia galderari erantzuten dion elementua da, eta aditzari lotuta ahoskatzen da, adibidez: Zer erosi du Jonek? Jonek auto bat erosi du.
Batzuetan aditza da azpimarratu nahi dugun osagaia, hots, aditza bera da galdegaia. Beraz, galdegaia aditza dela adierazteko bi era desberdinetan egin daiteke, lehenengoa aditz perifrastikoekin eta bigarrena aditz trinkoekin egiten da.
Aditz perifrastikoak
Galdegaia aditza bera denean egin aditza bezalako beste elementu bat tartekatu behar dugu azpimarratzeko, adibidez: Irabazi egin dugu.
Beraz, egin da aditz nagusia, eta irabazi galdegaia. Egin aditzak aspektu-marka ere badarama, alegia: egiten da, egingo da... Aditz nagusia egin bera bada, errepikatu beharko da, esaterako: Egin egin behar da.
Aditz trinkoak
Bizkaieran oso arrunta den egitura bat aditza bera errepikatzea da, lehenbizi partizipio gisa eta, bigarrenik, era jokatuan. Adibidez: Eguna joan doa / Edaria ekarri dakart.
Egun nahiko zabaldua dagoen beste egitura, ba- partikula aditzaren aurrean jartzearena da galdegaia dela adierazteko: Jakin badakit ondo egin dudala.
