EUSKARA

Lexikoa. Eratorbidea: atzizkiak eta aurrezkiak

Gure hizkuntza eranskaria da, hots, hitz berriak sortzeko jadanik ditugun hitzak erabiltzen ditugu. Euskarak bi baliabide desberdin dauzka bere lexikoa berritzeko: eratorpena eta elkarketa. Lexiko berrien ortografia eta ahoskera arautzea zaila da eta horretaz arduratzen den erakundea Euskaltzaindia da.

Lexikoa eta hitz motak

Euskaraz, izen sintagma eta aditz sintagma bereizten dira eta, horien barnean, hainbat hitz mota aurkitzen dira.

  • Izena: bi izen mota daude: izen arruntak (neska) eta izen bereziak (Donostia). Izen arruntetan, hein berean, hainbat azpi multzo bereizten dira: konkretuak (mahai) edo abstraktuak (beldur); bizidunak (animalia), gizakiak (ama) edo bizigabeak (arkatza); eta zenbakarriak (aulki) edo zenbakaitzak (bero).
  • Izenordainak: bi bereizten dira: izenordain zehaztuak (ni) eta izenordain zehaztugabeak (nor).
  • Determinatzaileak: izena arrunta bada, izen sintagma osatzeko beharrezkoak dira (hau, hori, hura, asko, gutxi...).
  • Adjektiboak: bi daude: izenondoak, izenaren eskuinera jartzen direnak (handia); eta izenlagunak, izenaren ezkerretara doazenak (mendiko, nire).
  • Aditzondoak: bi bereizten dira: aditzlagunak, izen sintagma eta atzizkiz osatua (etxera); eta aditzondoak (gaur).
  • Aditza: aditz trinkoak (ibili, jakin) eta adizki perifrastikoak (afaldu, aurkitu) bereizten dira.

Eratorbidea: atzizkiak eta aurrezkiak

Eratorpena egiteko hainbat atzizkiz eta aurrizkiz baliatzen gara. Atzizkien sailkapena sortzen duten hitz berriaren araberakoa da: izenak, izenondoak, aditzak eta aditzondoak. Azkenik, hitzaren kategoria aldatzen ez dituen atzizkiak ditugu: handigileak, txikigileak eta indargarriak.

Atzizkiez gain, hitzak eratortzeko aurrizkiak ere erabil daitezke: hitzaren hasieran ipinita, aurrizki bat jarri ondoren sortzen den hitz berriak kategoria bera du.

Izenak eratortzen dituzten atzizkiak

Izen-sortzaileen artean emankorrenak -tasun eta -keria dira, hitz abstraktuak sortzen dituztenak.

Hitz eratorri batek osatutako hitza oinarri gisa ere har daiteke, beste hitz eratorri bat sortzeko: bertso + -lari > bertsolari + -tza > bertsolaritza.

Izen-sortzaileak emaitzazko hitzaren arabera sailkatzen dira, eta horrela hainbat hitz berri ditugu:

  • Abstraktuak: maitasun, zikinkeria.
  • Egilea: dendari, zaunkari.
  • Multzoa: pagadi, dirutza.
  • Tresna: entzungailu, lokarri.
  • Produktua: zerriki, gerriko.
  • Lekua: harategi.
  • Garaia: haizete, eurite.
  • Ekintza: ateratze, abiadura.

Izenondo-sortzaileak

Mota honetako atzizki bat izen bati erantsiz gero, izenondoak sortzen dira. Normalean oinarria izena konkretua edo aditza izaten da.

Izenondo-sortzaileen sailkapena:

  • Ugaritasuna / maiztasuna: abegitsu.
  • Jatorria: albaniar.
  • Joera, erraztasuna: egosbera, emankor.
  • Gaitasuna: negargarri, sendakizun.
  • Jabegoa: ugaztun.

Aditz-sortzaileak

Emaitzazko hitz eratorria aditz bilakatzen da, mota honetako atzizkia harturik. Orokorrean, oinarria izen edo izenondo bat izaten da. Sail honetan, aurrekoetan ez bezala, atzizki bakarra dugu: -tu. Atzizki hau euskaraz partizipioa egiteko forma bakarra da, eta bere jatorria latineko -tum atzizkian du.

Badugu ere -du atzizkia baina azken hori aldaketa fonetikoa baino ez da, hots, hitz oinarria l edo n amaitzen denean -tu -du bilakatzen da:

Adiskidetu, ahuldu, biziagotu, gaurkotu, etxeratu, aireztatu, izendatu, adarkatu...

Aditzondo-sortzaileak

Emaitzazko hitza aditzondo bilakatuko da, mota horrelako atzizki bat hartzean. Aditzondo-sortzaileek, aditz-sortzaileek bezala, oso atzizki gutxi dituzte.

Sail honetan sartzen diren atzizkiak hauek dira:

  • -ki: aiseki, egiazki.
  • -to (-do): ederto.
  • -ro: berriro.
  • -ka: urka, keinuka, asteka, eskainka.

Atzizki handigileak eta txikigileak

Beste hizkuntzetan bezala, sail honetako atzizkiek txikitasun edo handitasun adiera eransten diote, hau da, ñabardura semantikoa bakarrik eransten diote hitz berriari. Horregatik, oinarriaren kategoriaren arabera aztertuko ditugu.

Atzizki handigileen eta txikigileen sailkapena:

  • Izenari eransten zaizkion txikigileak: iruditxo, mordoxka.
  • Izenari eransten zaizkion handigileak: liburukote.
  • Izenondoari eransten zaizkion txikigileak: berdexka, zurikara.
  • Bestelako oinarriarekin: nolatsu, bezalatsu.

Aurrizkiak

Euskaraz aurrizki gutxi batzuk besterik ez daude. Aurrizkien ezaugarria da oinarriaren gramatika-kategoria ezin aldatzea. Aurrizki arruntenak hauexek dira:

  • Bir-/ber-: berriro egin esanahi du (berresan, berpiztu, birsortu).
  • Des-: kontrakoa adierazten duen aurrizki negatiboa, gaztelerako maileguek ez dute lekurik hemen (destenore, desgarai).
  • Ez-: ez da des- bezalakoa; izan ere, des- aurkakoa adierazteko erabiltzen da, oinarrian batez ere aditza duela; eta ez-, ukazioa egiteko, oinarrian izena duela (ezegonkor, ezberdin).
  • Aurre-: aurretik egindakoa esanahi du (aurrekontu, aurreikusten, aurreiritzi).
  • Azpi-: azpiko maila batean dagoela adierazten du (azpiegitura, azpijoko, azpigeruza).
  • Gain-: ohikoa baino handiagoa esan nahi du (gainbalioa, gainpopulazio).