EUSKARA

Hitz elkartuak

Hitz elkarketa hitz berriak sortu eta kontzeptu berriak adierazteko bideetako bat dugu. Adibidez: eskutitz (esku+hitz) edo telefono-zenbakia.

Hau oso baliabide emankorra da. Hala ere, hitz elkarketak bere mugak dauzka eta zenbaitetan, argitasunaren mesedetan, hobe da egitura sintaktikoetara jotzea, hau da, unibertsitateko irakasleak unibertsitate-irakasleak ordez.

Hitz elkartuak etengabeko bilakaera jasaten ari dira. Horrela, maiz, hasieran bi hitzek osatutako unitatea zena, denboraz, hitz bakar eta bakun izatera heltzen da.

Euskal hitz elkartuak gramatika-kategoriaren arabera sailkatuko ditugu. Ugarienak izen elkartuak dira.

Bi sail nagusi bereziko ditugu, osagaien arteko harremanean oinarrituz: hitz elkartu kopulatiboak eta mendekotasunezkoak.

Hitz kopulatiboak maila berekoak diren bi hitzen elkarketari dagozkio. Mendekotasunetan, berriz, osagaietako bat menderatzailea da, mugatzailea, eta bestea honen mendekoa, mugatua deritzona.

Hitz elkarketa

Hitzak elkartzerakoan edozein hitz mota har dezakegu; horrela, sailkapen hau ateratzen zaigu:

  • Izen elkartuak.
  • Izenondo elkartuak.
  • Aditz elkartuak.
  • Aditzondo elkartuak.

Hitz elkartuetan kopulatiboak eta mendekotasunezkoak bereizten direla ahaztu gabe.

Izen elkartuak

  • Kopulatiboak: hitz elkartua osatzen duten bi osagaiak maila gramatikal berekoak dira. Izen elkartu kopulatiboen barnean, hein berean, hainbat azpisail bereiz daitezke. Adibide batzuk honakoak dira: neska-mutilak, mediku-barberu, txakur eme, Antso Abarka errege...
  • Mendekotasunezkoak: osagai bat nagusia da eta bestea mendekoa. Osagai nagusia eskuinekoa da, eta hitz elkartuari esanahia ematen diona da. Ezkerrekoak mugatu edo zehaztu egiten du.
  • Honako sail nagusiak bereizten dira, mendekotasunezko izen elkartuei eutsiz:

    • Izena + izena: eguzki-lore.
    • Aditza + izena: sendabelar.
    • Aditz-izena + izena: euskaldun erakunde.
    • Izena + aditz-izena: arrain-saltzaile.

Izenondo elkartuak

Oraingo honetan, emaitzazko hitz elkartua izenondoa da. Hauetan, izen elkartuetan bezala, kopulatiboak eta mendekoak bereizten dira; beraz, hona hemen sailkapena:

  • Kopulatiboak: bi osagaiak maila berekoak dira. Kopulatiboetan izenondo + izenondo egiten dugu: emaitza, beraz, izenondoa izango da: txuri-gorri, txuri-urdin, alfer-nagi, ezti-mingots, gor-mutu...
  • Mendekotasunezkoak: hitzaren esanahia ordenaren arabera aldatzen da, ezkerreko hitzak hitz nagusia (eskuinekoa eta esanahia ematen duena) zehazten edo mugatzen duelako. Esate baterako, ez da berdina esne-behia (esnetarako den behia) eta behi-esnea (behiak ematen duen esnea).
  • Mendekotasunezko izenondoen sailkapena:

    • Aditzoina + izenondoa: adierraz, nekaezin.
    • Izena + izenondoa: begi-mingarri, gogo-pizgarri.
    • Izena + partizipioa: buru-jaso, gogo-landu.
    • Izena + -gabe: errugabe, lotsagabe.
    • Partizipioa + -berri (zehar, hurren, arin...): jaioberri, hil urren.
    • Izena + -zale: ardozale, neskazale.
    • Erdi + izenondoa: erdi hondatu, erdi biluzi.

Aditz elkartuak

Hitz eratua aditza dugu orain, gehienetan izenondo eta aditz bat elkartuz osatua eta beti hitz bakar batean idatzia: goraipatu, azpimarratu, gaitzetsi, alferretsi...

Aditz elkartu gehienak mendekotasunezkoak dira, honenbestez, eskuineko osagaia aditza dugu.

Bestaldetik, benetako aditz elkartuak eta aditz esapideak bereizi behar dira:

  • Benetako aditz elkartuak:
    Izenondoa +aditza > aditza: aurreikusi, berridatzi, goraltxatu...
    Izenondoa + etsi/iritzi >aditza: berantetsi, hobetsi, gaitziritzi, oniritzi...
  • Aditz esapideak: izena + egin/eman/hartu. Ez dira benetako aditz elkartuak, hitz elkartuek onartzen ez dituzten zenbait gertakari onartzen dituztelako. Bereiz idatziko dira, salbuespenak salbuespen: lo egin, negar egin, amore eman, min hartu, esku hartu, musu eman...

Aditzondo elkartuak

Hitz eratua aditzondoa da. Hemen ere kopulatiboen eta mendekoen arteko bereizketa egiten da.

  • Kopulatibo bi mota daude:
    • Izena + Izena > aditzondoa: buru-belarri, ezker-eskuin, gau-egun...
    • Aditzondo + aditzondo > aditzondoa: bihar-etzi, nola-hala, harat-honat...
  • Mendekoak: mugakizunak -ka atzizki aditzondo-sortzailea darama: aho-zabalka, gaizki-esaka...

Bi osagai baino gehiagoz osatutako bakar batzuk ere badaude, esaterako: ogi-arto taloak, Lazkao Txiki bertsolaria, barakuilu-zuri saski, bihotz-lore sorta...