XIX. mendea arteko euskalariak
- GURUTZEGRAMA
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Larramendi erreginaren aitor-entzule
- LINK: Kanpo loturak (2)
- BIBLIO: Bibliografia (9)
Landuchio, Nicolas
Idazle italiarra, Toskanako Luccan sortua (XVI. m.). Dictionarium Linguae Cantabricae lehen euskal hiztegia egin zuen (1562). Jatorri erromanikoko euskal hitz asko agertzen zirela eta, baztertua izan zen; gaur egun, ordea, beste hiztegietan jasotzen ez diren hitzak daudelako eta hitzen bilakaera ezagutzeko aukera ematen duelako oso aintzakotzat hartzen da.
Pouvreau, Silvain
Euskal idazlea, jaiotzez frantsesa (Bourges, ? - Paris, ~1675). Saint Cyrango abadearen idazkari eta San Bizente Paulekoaren laguna izan zen. Saint Cyrango abadeak euskaraz egiten zuen eta Pouvreauk euskara ikastea erabaki zuen. Baionara joan, Bidarteko erretoretza lortu(1640-44) eta sortu berria zen Sarako Eskola euskal literatur mugimenduko kidea izan zen. Parisera itzuli zen, baina Euskal Herriarekiko eta euskararekiko lotura ez zuen inoiz galdu. Gai erlijiosoko obrak euskaratu zituen (Guiristinoaren Dotrina, Paris 1656; Philothea; San Frantzisko Saleskoaren bizitza sainduaren sarrera, Paris 1664; Gudu Izpirituala,Paris 1665). Euskal gramatika eta hiztegiei buruz egindako lanak Vinsonek argitaratu zituen Revue Linguistique aldizkarian (1881). Argitaratu gabe dagoen euskara-frantsesa hiztegi bat ere idatzi zuen.
Larramendi, aita Manuel (j.i. Manuel Garagorri Larramendi)
Idazle, suspertzaile eta apologista (Andoain, 1690 - Loiolako jesuiten komentua, 1766). Hamazazpi urterekin jesuitetan sartu zen. Filosofia Medina del Campon eta teologia Salamancako Unibertsitatean ikasi zituen. Sermolari trebea eta entzute handiko hizlaria izanik,itzal handia lortu zuen. Baionan Maria Ana Neuburg alargunaren aitor-entzulea izan ondoren (1730-33), Loiolako komentura bildu zen (1734). Loiolan egindako urte haietan euskarari buruzko lanak idazteaz gain, Gipuzkoa osoan zehar sermolari ibili zen. Jenioz bizia eta alaia, borrokatzaile eta zirikatzaile abila zen eta euskararen etsaiak isilarazi nahi zituztenen hitzarekin jolas egitea atsegin zuen. Kultura handi eta zabalekoa zela erakutsi zuen euskararen eta euskaldunen jatorriari buruz edo euskal foruen defentsan eskainitako liburuetan. Jesuitetan halako giro literarioaren suspertzailea izan zen. Jakintsu eta zorrotza, hainbat euskaldun kultu euskara defendatzera eta euskaraz idaztera bultzatu zituen. Jarraitzaile ugari izan zituen: Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Lizarraga Elkanokoa, etab. Euskal apologista gartsua izan zen, baina oso gutxi idatzi zuen euskaraz: Mendibururen Jesusen Biotzaren Devocioa liburuaren hitzaurrea, eskutitzak eta berak erdaraz idatzitakoetan barreiaturiko euskarazko olerki eta hainbat pasarte. Lan politikoak ere prestatu zituen: De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España,1728; Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria, 1736; Sobre los Fueros de Guipúzcoa eta oso ezaguna den Corografía o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa (~1756).Euskarari buruzko lanetan, lehen euskal gramatikatzat hartu izan den El Imposible vencido (“Ezina egina” izenez ezaguna, 1729an Salamancan argitaratua) eta Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuencey Latín (1745) dira lan aipagarrienak. Azken honetan berak asmaturiko hitz eta neologismo ugari dago.

Astarloa Agirre, Pablo Pedro
Idazle eta hizkuntzalaria (Durango, 1752 - Madril, 1806). Gasteizen eta Oñatin egin zituen apaiz-ikasketak. Durangaldean euskaraz emandako sermoiak zirela eta, ospe handia lortu zuen. Humboldt hizkuntzalari alemaniarrak euskal gaietan laguntzaile izateko aukeratu zuen, honen asmakizunetan sinesten ez bazuen ere, egiten zituen ohar eta xehetasunak asko estimatzen baitzituen (1800). Obra ugari idatzi zuen. Astarloari ospea eman dion obra, Joaquín Traggiak bere liburuan Nafarroari buruz esandakoaren erantzun gisa idatzitako Apología de la lengua bascongada ó Ensayo crítico-filosófico de su perfección y antigüedad sobre las que se conocen izenekoa da(1803). Bertan euskara gizadiaren lehen hizkuntzatzat hartu eta euskarak beste hizkuntzek falta duten zuzentasuna duela dio; oinarririk gabeko etimologismoan harrapatuta, euskararen nagusitasuna bide horretatik frogatu nahi izan zuenez, alde horretatik kritika asko jaso ditu. Euskal gaiei buruzko lan ugari idatzi zuen erdaraz (galdua dagoen gramatika bat, aditzari buruzko lan bat eta abizenen hiztegia).
Humboldt, Karl Wilhelm von, baroia
Hizkuntzalari eta politikari alemaniarra (Potsdam,1767 - Tegel, 1835). Gramatika konparatzailearen mugak gaindituz, antropologia orokor baterako lehen urratsak eman zituen. Hizkuntza giza espirituak berez duen ahalmena dela eta hizkuntza bakoitzak mundu-ikuskera bat dakarrela zioen. Bestalde, gerora eragin handia izan duen ideia nagusi bat agertzen da Humboldtengan: hizkuntza jardueratzat hartuko du eta ez ekoizpentzat. Politikan erantzukizun handiko karguak izan zituen; Alemaniako hezkuntza-ministro izendatu zuten eta haren ekimenez sortu zen Berlingo Unibertsitatea. Filologia, poesia eta hizkuntzalaritzan ere aski trebea zela erakutsi zuen. Hizkuntza eta dialekto asko ikasi zituen, euskara barne. Bi bidaia egin zituen Euskal Herrira (1799 eta 1801ean); berebiziko arreta piztu zion euskarak eta hizkuntza gertutik ezagutu nahi izan zuen. Mogel, Astarloa eta Elhuyar anaiak ezagutu ahal izan zituen, haien zenbait ideia bere eginez. Euskal iberismoaren aldeko azaldu zen: euskara Iberia zaharreko hizkuntza zela eta, horrenbestez, Europako hizkuntzarik zaharrena. Humboldt izan zen euskararen berri zehatzak Europako kultur giroetan zabaltzen lehena. Giza hizkuntzen egitura desberdinaz (1836).
Karl Wilhelm von Humboldt (1767-1835)
Hitz klabe batzuk
Apologista
Euskara hizkuntza aberats, kultu eta zabala dela aldarrikatuz apologia egin zuten euskal idazleei esaten zaie. M. Larramendi izan zen lan horietan aritutakoen artean sutsuena eta ezagunena, eta berak urratutako bideari beste askok ekin zioten.
Neologismo
Hizkuntza bateko hitz edo unitate lexikal berria, delako hizkuntzaren legeei jarraituz berriki sortua edo beste hizkuntza batetik mailegatua.
Gramatika konparatzailea
Hizkuntza desberdinetako edo hizkuntza baten bilakaerako aldi desberdinetako osagai eta egitura linguistikoak konparatzen dituen hizkuntzalaritzaren adarra.
