«« Itzuli
XIX. mendea arteko euskalariak
Larramendi erreginaren aitor-entzule
Felipe IV.a, Espainiako erregea, hil zenean 1665ean, bere seme Karlos II.ak lau urte besterik ez zituen eta gaixobera zen. Hau, asko zainduta, aurrera irten zen, baina, ahula izateaz gain, buruz oso motza zen. Bederatzi urterekin ez zekien irakurtzen eta idazten. Hala ere, bilatu zioten andregaia: Maria Luisa Orleans-ekoa, Frantziako Luis XIV.aren iloba. Biak 17na urte zituztela ezkondu ziren. Haurrik ez zutela eta, erregearen ezintasunari errua bota beharrean, erreginak ezin zuela haurrik izan esan zen. Hainbat erremedio edo erremedio izeneko harrarazi zizkioten honi, baina, haurdun geratu ordez, gaixotu eta hil egin zen, 27 urte zituela, pozoituta, itxura denez. Laster bilatu zioten beste emazte bat: Maria Ana Neuburg-ekoa, nahiz eta jakin errege harekin haurrak izatea ezinezkoa izango zuela.Gortean mundu guztia, erregearen ama eta emazte berria barne, zebilen hurrengo erregegairen baten aldeko konspirazioan. Frantziako Felipe eta Austriako Karlos ziren erregegaiok. Erreginak, gainera, bere posizioari eusteko, gezurrezko haurdunaldien berri ematen zuen. Egoera hartan, Toledoko Portocarrero kardinala erregea sorgindua zegoela zabaltzen hasi zen. Erregeak berak ere sinetsi zuen hori zela seme-alabarik ez izateko arrazoia eta onartu zuen azpijokoan ari ziren taldeetako batek ekarri zuen konjuratzaile baten eskuetan jartzea. Honek, sendatzeko, egunero pinterdi bat olio bedeinkatu baraurik hartzeko agindu zion. Erregea, ordea, erremedio horrekin gehiago gaixotu zen.Beste azpikari-talde batek bigarren konjuratzaile bat ekartzeko bideak egin zituen. Azkenerako, Maria Anak talde banatakoak ziren bere aitor-entzulea eta kaputxino bat kartzelarazi eta Inkisizioaren eskuetan jarri zituen. 1700. urteko urriaren 11an Karlos II.ak, oso gaixorik zegoela, Frantziako Felipe izendatu zuen ondorengo. Handik hiru astera hil egin zen Karlos II.a. Alarguna Baionara etorri zen erbesteratuta eta bertan bizi izan zen. Egonaldi horretan aitor-entzule izendatu zuen aita Larramendi, baina hau, gortean jasan behar izan zituen azpijokoek gogaiturik, Loiolara erretiratu zen bizi izatera 1733an. Erreginak estimatzen zuen, ordea, Larramendi eta 200 dukateko pentsio bat izendatu zion, erregina bera bizi zen arteraino.
Maria Ana Neuburg-ekoa. Luca Giordano (1693)
