EUSKARA

XIX. mendeko euskalariak

Aizkibel Epelde, Jose Frantzisko

Idazle, hiztegigile eta lexikografoa (Azkoitia, 1798- Toledo, 1865). Granada de Egako dukearen idazkari zela Europan zehar ibili zen. Raimundo Diosdado jesuitak euskararen ortografi erreformari ekin ziezaion bultzatu zuen. Hiztegiaren oinarri izango ziren Silvain Pouvreau-ren bi glosategi kopiatu zituen. Euskal liburuak bildu zituen eta berauen deskribapenekin liburu bat argitaratu zuen: De la bibliografía y literatura bascongada y de sus dialectos (1833). Euskara-gaztelania hiztegia amaituta zegoenean Humboldten obrak aztertzeari ekin zion. Historiako Akademiak argitaratutako Garibairen errefrauak aztertu eta iruzkinak egiteaz arduratu zen baina ez zuen arrakasta handirik izan, Garibairen euskalkia ez baitzuen ongi ezagutzen. Diccionario Basco-Español titulado Euskeratik Erdarara biurtzeko Iztegia argitaratu zuen (1885).

Aizkibelen hiztegia

Abbadia, Antoine Thompson

Zientzialari eta euskaltzale zuberotarra (Dublin, 1810 - Paris, 1897). Aita Ürrüstoikoa zuen, eta ama, berriz, irlandarra. Parisen Fisika eta Geografiako ikasketak egin zituen. Ikasketen ondoren munduan zehar geografi eta astronomi ikerketak egin zituen: lurraren magnetismoa aztertu Brasilen (1835), Niloren sorrera ikertu Etiopian (1836-48) eta eguzki-eklipse osoa ikusi eta aztertu Norvegian (1851). Euskal Herrira itzulita (1853), Abbadia gaztelua bilakatu zen laborategi bat eraikiarazi zuen Hendaian, non behategi astronomiko bat eratu zuen. Bertan bizi izan zen, aurreko bidaietako materialak aztertu eta argitara ematen, batez ere, Afrikako espediziotik ekarritako oharrak. Zientzia-gaietan titulu eta izendapen asko jaso zituen (Frantziako Elkarte Geografikoaren domina, San Gregorioren Ordenako zaldun, Frantziako Ohorezko Legioko kide, 1867az geroztik Frantziako Zientzia Akademiako kide eta gero lehendakaria eta Institutuko kidea). Zientzialari izateaz gain, euskaltzale ere izan zen; aitarengandik euskara eta euskaltzaletasuna jaso zituen. Agustin Xahorekin euskal gramatika bat egin zuen (Études grammaticales sur la langue basque, 1836). Frantsesez idatzi arren, euskarari buruzko lanak egin zituen; Le Dictionnaire de Chaho (1854), Lettres sur lorthographe basque (1854), Travaux récents sur la langue basque (1859), Sur la carte de la langue basque (1868), Le basque et le Berbère (1873), Lettre sur la préservation de la langue basque (1895-96); euskaraz idatziriko lan bakarra Zuberoatikaco gutun bat (1864) da. Euskararen alde idaztearekin batera, hizkuntzaren teknikaren eta euskal obren azterketa egin zuen. Gazteengan euskara sustatzeko, euskaraz hobekien egiten zuten haurrentzat sariak ematen zituen. Hala ere, euskararen alde eginiko lanik garrantzitsuena Euskal Festen edo Euskal Lore-Jokoen antolatzea da; herri-kulturaren esparru guztiak hartzen zituzten, baina olerkia eta euskara ziren oinarri. Urruñan antolatu zuen lehena 1853an; hamar urtez Urruñan antolatu, eta gero, 1864-76 bitartean, Saran; gero, urtero, lekuz aldatu zuten. Abbadia idazle baino areago euskal kultur mugimenduaren sortzaile eta sustatzaile izan zen; berak sortu zuen zazpiak bat mezua.

Abbadia gaztelua

Abbadia gaztelua Hendaian

Xaho, Agustin

Idazle, kazetari eta hizkuntzalaria (Atharratze, 1810 - Baiona, 1858). Ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen, eta erromantikoen aroa bizi izan zuen. Liburu oso ospetsu eta polemikoak idatzi zituen euskaraz zein frantsesez: Azti-beguia (1834); Voyage en Navarre pendant linsurrection des basques (1830-35); A. Abbadiarekin Études grammaticales sur la langue euskarienne (1836); Histoire primitive des Euskariens-Basques (1847); Lelo ou la Navarre il y a 500 ans (1848). Baionan Ariel egunkari errepublikanoa sortu zuen eta 1848ko altxamenduko buru izan zen; bere egunkariari Le Republicain de Vasconie ipini zion izena. Departamenduko Kontseilu Nagusiko kidea izan zen (1849-51). Euskal Herri osoan zabaldu zen berak sorturikoAitor mito historiko-politikoa. Kantutegi bat eta lau hizkuntzatako (euskara, frantsesa, gaztelania eta latina) hiztegia utzi zituen.

xaho

Agustin Xaho (1810-1858)

Abbadiaren etorrera Etiopiatik

1848. urtearen bukaeran, Antoine Abbadia Etiopiatik itzuli zen han hamalau urte eman eta gero. Bizitzan aldaketa handia zuen hura; aberatsa zenez, ez zuen bizitzeko lanik egin behar, baina zeregin asko zituen: antzinako harremanak berritu, familiako negozio baztertu samartuei berriro heldu, emaztea bilatu, familiako zenbait arazo konpondu, Afrikatik ekarritako material zientifikoa aztertu eta gogokoen zituen jardueretan murgildu, bereziki behaketa astronomikoak egiten eta ikasten. Zorionez kontserbatzen da trukatu zuen korrespondentzia ugaria.

 

Abbadiari buruzko kongresua

1997ko irailaren 24tik 27ra Antoine Abbadiari buruz egin zen kongresuan emandako hitzaldiez osatutako liburuaren azala duzu beheko hau. Bertan klik eginda hitzaldiok eskura ditzakezu.

 

Lore-jokoak

Lehenengo Lore-jokoak Frantziako Tolosan egin ziren poesia proventzala bultzatzeko (1324). Luis XIV.ak “Akademia” titulua eman zienetik (1649), urtero egin izan dira. Katalunian XIV -XVI. m. bitartean antolatu ziren, baina XIX. m.an berpiztu eta Iberiar penintsula osora hedatu ziren. Lehen euskal Lore-jokoak Antoine Abbadiak antolatu zituen Urruñan (1853). Lehiaketara aurkeztutakoen artean obrarik onena festa-giroan hautatzen zen, eta, sari garrantzitsuak izaten zirenez, lan asko aurkezten ziren. Lore-joko hauetan plazaratu ahal izan zituzten, besteak beste, Larraldek Chorinoa Kayolan eta Elizanburuk Apexa eta lorea. Hamar urtez Urruñan antolatu ziren Lore-jokoak, 1864-76 bitartean Saran eta gero urtero lekuz aldatu ziren. Hegoaldean ospatutako lehenak Elizondokoak izan ziren (1879). Donostiako Lore-jokoak Jose Manterolaren ekimenez antolatu ziren (1882); literatur lehiaketaz aparte, musika- eta pintura-lehiaketak ere antolatzen ziren. Lore-jokoek ia mende erdia iraun zuten eta lehenago hila eta baztertua zegoen euskaltzaletasuna pizten lagundu zuten. Bertsolaritzatik olerkaritzarako bidea zabaldu zuten, eta literaturaren aitzakian, Pirinioetako bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak estuagotu ziren.

 

Zazpiak bat

Euskal Herriko zazpi probintzien batasun-nahia adierazten duen lema, A. Abbadiak sortua.