EUSKARA

XIX. mendeko euskalariak (II)

Bonaparte Bleschamp, Luis Luziano, printzea

Euskaltzale eta hizkuntzalari ingelesa (Thorngrowe, Ingalaterra, 1813 - Fano, Italia,1891), Napoleon I.aren iloba. Ingalaterran jaio zen aita han preso zuen garaian; Waterlooko batailaz geroztik (1815) familiarekin batera Eliz Estatuetan bizi izan zen. Hainbat arlotan ikasketak egiteaz gain, Europa osoan, Amerikan eta Euskal Herrian ibili zen mineralogia, kimika eta hizkuntzalaritzako ezagutzak zabaldu eta sakontzeko asmoz.

Hizkuntzalaritzari buruzko lehen liburuan, euskarari eman zion lehentasuna (1847). Politika-munduan ere jardun zuen, lehengusu Luis Bonaparte Frantziako enperadoreak bultzatuta (1848). Batzar Legegilean Korsikako senatari izan zen (1852);orduan, lehengusuak printze egin zuen.

Londresen Abbadiarekin izandako harremanetan jaso zituen euskarari buruzko lehen berriak, eta orduan ekin zion euskarari buruzko ikerketari. Euskal Herritik at euskarak izan duen ikertzaile eta sustatzaile garrantzitsuenetakoa izan zen. Euskararen ikerketa interes zientifiko hutsez hasi zuen, baina gero Euskal Herriarekiko interesa ere piztu zitzaion.

1856-69 bitartean bost bidaia egin zituen Euskal Herrira eta laguntzaile-sare bat antolatu zuen (P. Duvoisin, Frai Jose Antonio Uriarte, Klaudio Otaegi, Emmanuel Intxauspe, M.Salaberri, Bruno Etxenike, Jose Antonio Azpiazu, Joan Eloi Udabe aita, Mariano Mendigatxa, Prudentzio Hualde, Jose Samper aita, Ibarnegarai abadea, Pedro Jose Minondo, Martin Elizondo, etab.), Biblia euskalkietara itzuli eta argitaratu ahal izateko.

Honako beste lan hauek ere burutu zituen:Canticum trium puerorum in septem praecipuas Vasconiae linguae dialectos versum (1858), Langue basque et langue finnoise (1862), Curiosidades eúskaras (1866), Le petit catéchisme espagnol du P. Astete, traduit en trois dialectes basques: I. Aezcoan, par P.J. Minondo. II. Salazarais, par P. J. Samper. III. Roncalais, par P.Hualde. Verifié et modifié sur les lieux mêmes par L.L. Bonaparte (1869), Le verbe Basque en tableaux (1869), Ètudes sur les trois dialectes basques des vallés dAezcoa, de Salazar et de Roncal (1872), etab.

Euskal dialektologiaren lehen ikerketa zientifikoa egin zuen; berak mugatu zituen lehenbizikoz euskalkiak (8 euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, Hegoaldeko goi-nafarrera, Iparraldeko goi-nafarrera, Ekialdeko behe-nafarrera, Mendebaldeko behe-nafarrera eta zuberera). Euskalkiak eta euskararen hedapena mapan kokatuz Deux Cartes des sept Provinces Basques (1869) egin zuen. Ingelesaren dialektoei buruz aspaldi hasitako ikerketari ekin zion berriro (1883). Hil ondoren, euskal gaiei buruzko haren eskuizkribuak R.M. Azkuek erosi zituen; egun Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako aldundietan daude.

Euskalkien mapa

Bonapartek egin zuen euskalkien mapa

Harriet, Maurice

(Haltsu, 1814-1904). Apaiztu aurretik eta ondoren irakasle-lanetan jardun zuen, bere anaia Fabienekin sortutako Institution Saint-Leon ikastetxean lehenik eta Baionako apaizgaitegian ondoren. Madrilgo San Luis de los Franceseseko erretorea izan zen 1854-78 bitartean; bertan Euskal Herriko zenbait unibertsitario ezagutu zuen, eta horrela euskalkiak landu ahal izan zituen. Haraneder idazlearen Testament Berria argitara eman zuen (1855). Haltsura erretiratu eta euskal hiztegia prestatzeari ekin zion (1878). Lan eskerga egin zuen; 3.536 orrialde zituen prestatuak, baina ez zen inoiz argitaratzera ausartu.

Van Eys, Willen Jan

Hizkuntzalari eta euskaltzale holandarra (Amsterdam, 1825-San Remo, 1914). Euskal Herrian bitan baino ez zen izan eta euskararen berri liburuen bidez izan zuen batez ere. Bi lan nagusi idatzi zituen: Dictionnaire basque-français (1873) eta Grammaire comparée des dialectes basques (1879).

Schuchardt, Hugo

Hizkuntzalari eta euskaltzale alemaniarra (Gotha, 1842 - Graz, 1927). Erromanista zen eta, hizkuntza erromanikoez gain, erromanikoak ez diren hizkuntzek dituzten latinaren hondarrak aztertu zituen (albaniera, hizkuntza zeltikoak, hungariera). Bide horretatik iritsi zen euskarara.

1887an Saran egon zen eta urtetan euskararen azterketan aritu zen. 1893an euskal aditzari buruzko lan bat argitaratu zuen, Baskische Studien I., ordu arteko euskal linguistikaren mugarria. Linschmann-ekin batera, Leizarragaren Itun Berria berrargitaratu zuen (1900) eta ondorengo urteetan euskarari buruzko beste lan asko argitaratu zituen alemanieraz.

Euskararen jatorriaz arduraturik, Kaukasoko hizkuntzak, hizkuntza semitikoak eta berberea eta beste hainbat ikertu zituen. Euskaltzain ohorezkoa eta beste 25 akademiatako kidea, eta lau unibertsitatetako honoris causa doktorea izan zen.

Hugo Schuchardt

Hugo Schuchardt

Schuchardt-ek flamenkoa ere ikertu zuen

Hugo Schuchardt filologo klasikoa zen eta hainbat hizkuntzari buruzko ikerketak egin zituen. Hizkuntzak ez ezik foklorea ere interesatzen zitzaion. 1879an zazpi hilabete egin zituenean Andaluzian, hango intelektualekin harremanetan, flamenkoarekiko eta espainieraren Andaluziako dialektoarekiko interesa piztu zitzaion.

Die Cantes Flamencos izeneko obra idatzi zuen. Honek bi atal ditu: lehenbiziko kapituluetan kantuen ezaugarri nagusiak aztertzen ditu: poesia, musika, hizkera eta metrika. Bigarren atalean Andaluziako dialektoaren ezaugarriak eta bereziki fonetika aztertzen ditu. 1990ean espainierara itzulita argitaratu zen lan hau.