XX. mendeko euskalariak (II)
- TEST: Egia edo gezurra?
- LINK: Kanpo loturak (3)
- BIBLIO: Bibliografia (72)
Uhlenbeck, Christianus Cornelius
Hizkuntzalari eta euskaltzale nederlandarra (Voorburg, Haga ondoan, 1866 - Lugano, Suitza,1950). Unibertsitateko gramatika konparatzaileko irakasleak behin eta berriz euskararen aipamena egiten zuela eta, euskararekiko jakinmina sortu zitzaion. Hizkuntza indoeuroparrak eta Ipar Amerikako indiarrenak sakonki aztertu zituen eta, Europako zenbait unibertsitatetan irakasle jardun ondoren, 1888az gero euskararen inguruko ikerketak egin zituen. Nederlanderaz idatzitako lanak gaztelaniara edo frantsesera itzuli ondoren, RIEV eta Eusko-Jakintza aldizkarietan argitaratu zituen (Características de la gramática vasca; La lengua vasca y la lingüística general). Azterketa orokorraz gain, bateko, euskal fonetika eta eratorpena ikertzen jardun zuen eta, besteko, euskararen eta hizkuntza indoeuroparren, Ipar Afrikakoen edo Kaukasokoen arteko loturak aztertzen. Euskaltzain ohorezko izendatu zuten 1919an.
Christianus Cornelius Uhlenbeck
Bruzain, Pierre
Euskaltzale eta hizkuntzalaria (Hazparne, 1869 - Ortese, Biarno, 1920). Lehen ikasketak Larresoron, Akizen eta Bordelen, eta medikuntzako ikasketak Parisen egin zituen. Hazparnera itzuli eta bertako alkate hautatu zuten. Baionako Eskualduna aldizkariko kolaboratzaile izan zen. Sortu berria zen Euskaltzaindiko euskaltzain oso izan zen (1919-20). Euskararen etorkizunari eta batasunari buruzko ardura handia zuen; batzarkideen artean egin zen azterketa-lanean Arturo Kanpionek eta berak egin zutena izan zen interesgarriena. Txosten hau Euskera aldizkarian argitaratu zen (1920).
Eleizalde Breñosa, Luis
Idazle eta hizkuntzalaria (Bergara, 1878 - Bilbo, 1923). Zientzietako ikasketak egin zituen eta Bizkaiko Aldundiko irakaskuntza-ikuskaria izan zen. Sabino Aranaren jarraitzailea eta EAJko kidea izan zen. Aldizkari askotan kolaboratu zuen, "Iturrain", "Azkain" eta"Axe" izengoitiak erabiliz, eta Euzkadi egunkariko zuzendaria izan zen (1912). Oñatin izandako Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan parte hartu zuen (1918). Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat eta 1918az geroztik euskaltzain osoa izan zen. Razas, lengua y nación vascas, 1911; Morfología de la conjugación vasca sintética, 1913; Metodología para la restauración del euzkera, 1918 eta Euskal-zenbakistia eta Euskeraz irakurtzeko irakaspidea liburuak idatzi zituen. Bestalde, Landibar nobela gaztelaniaz, olerkiak (Uda Berriyaren Agertzean, 1894) eta euskarazko itzulpenak (Gurutze deunaren bidea; Halidon Murua) ere ondu zituen.
Luis Eleizalde
Altube Lertxundi, Sebero
Idazle eta filologoa (Arrasate, 1879 - Gernika, 1963). Euskaltzain oso izan zen, Txomin Agirrek utzitako aulkian (1920-63). Gernikako Orfeoiaren zuzendari eta arma-fabrika bateko gerente izan zen. Gerra-garaian Argentinara eta Pauera erbesteratu zen eta 1958an itzuli zen; garai hartakoa da La fonction de la douleur liburu filosofikoa (1957). Lan nagusiak euskarari eskainitakoak dira (1920-36): Euskeraren joskera dala ta; Izkuntza-jakintzia ta euskeriaren bizitzia; Euskal itz berrijak. Eurok eraltzeko, erderok zatara lagun egin bear deuskuen; Batasunaren bidean; Erderismos; El acento vasco en la prosa y en el verso; La vida del euskera; Observaciones al trabajo de Morfología Vasca de D.R. M. de Azkue; Barriro euskeraren bizitzari buruz; Literatur euskara; Laztantxu eta Betargi eta La unificación del euskera literario idatzi zituen. Haren idazkiek ahozko euskara dute oinarri eta neologismo edo hitz berrien aurka agertu zen.
Sebero Altube
Etxaide, Inazio Maria
Idazle eta ingeniaria (Donostia, 1884-1962). Gipuzkoako telefono-sareko zuzendaria izan zen; Espainiako lehenengo telefono-zerbitzu automatikoa jarri zuen. Banco de San Sebastián bankuko eta beste hainbat enpresatako kontseilaria izan zen. Telefoniari buruzko lanak, euskararen gramatika, jatorri eta historiari buruzkoak eta zenbait olerki-bilduma argitaratu zituen. Euskaltzain osoa izan zen 1942az geroztik eta euskaltzainburua 1952-62 bitartean.
Inazio Maria Etxaide
Lacombe, Georges
Idazle, hizkuntzalari eta euskaltzale frantsesa (Ortese, 1879 - Paris, 1947). Familia euskaldun batean sortu zen. Sorbonan filosofia ikasi zuen. Julio Urkijorekin batera RIEV aldizkaria sortu zuen (1907) eta bertako idazkaria izan zen urtetan. Euskal aldizkarietako kolaboratzaile izan zen. Eusko Ikaskuntzako III. Biltzarrean parte hartu zuen (1922) eta Eskualzaleen Biltzarra erakundeko buru izan zen. Euskararen eta euskal literaturaren inguruan 150 liburutik gora eta artikulu ugari idatzi zituen. Euskal idazle klasikoei buruzko datu biografiko eta bibliografikoak bildu zituen. Frantziako zenbait elkartetako kide eta 1921az geroztik euskaltzain osoa izan zen.
Gavel, Henri
Euskal hizkuntzalaria, sortzez frantsesa (Saint-Pol-Sur-Ternoise, Pas-de-Calais,1880 - Angelu, 1959). Hizkuntza erromanikoak ikasi eta batik bat gaztelania eta gaskoia landu bazituen ere, euskarari buruzko azterketak ere egin zituen: Eléments de phonetique basque eta Grammaire basque. Erdi Aroko poesiari buruzko azterketa kritiko bat ere egin zuen: Berterretsen Khantoria. Musika erlijiosoari buruzko lanak ere prestatu zituen, oso gustuko gaia baitzuen. Eusko Ikaskuntzako kide, euskaltzain ohorezko (1933az geroztik) eta hainbat kultur elkartetako kidea izan zen.
Lafon, Mathieu René
Euskal hizkuntzalaria, jatorriz frantsesa (Mérignac, Gironda, 1899- Arcachon, 1974). Parisko Sorbona unibertsitatean Filosofia ikasi zuen (1917). Alençon, Paue eta Bordelen egon zen irakasle (1921-37). Paueko lizeoan zegoela euskara ikasteari ekin zion. Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan mobilizatua izan zen. Preso egon zen 1940-41 bitartean; kartzelan zeuden euskaldunekin hitz eginez euskara ikasi eta euskalkiak landu zituen. Euskal aditzari buruzko doktorego-tesia defendatu zuen Sorbonan (1944). Bordeleko Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturaren katedra lortu zuen (1949); hogeita bat urtez bertako irakaslea izan zen. Euskarari buruzko, eta, bereziki, euskal aditzari buruzko ikerlan ugari egin zituen. Poliglota zen; hizkuntza kaukasoarrak ikasi eta sailkatu ondoren, euskararekin alderatu eta, kidetasun anitz aurkiturik, jatorri bera zutela ondorioztatu zuen. Tbilisiko Unibertsitateko honoris causa doktore izendatu zuten. Euskaltzain osoa izan zen 1949az geroztik.
Lafitte Ithurralde, Piarres
Idazle eta euskaltzalea (Luhuso, 1901- Baiona, 1985). Beloke eta Baionan ikasi, apaiztu eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen (1928). Uztaritzeko apaizgaitegiko irakaslea izan zen eta hainbat aldizkaritako kolaboratzailea izateaz gain, emakumearen eskubideak aldarrikatu eta babesteko, Le Carillon aldizkaria sortu zuen. Aintzina hilabetekaria (1934) eta Herria astekaria (1944) ere sortu eta zuzendu zituen. Euskal nazionalismoarekin harreman estuak izan zituen Aitzolen eskutik. Baionako ohorezko kalonje izendatu zuten (1961). Euskaltzale sutsua eta idazle oparoa izan zen; aldizkarietako kazetari lanez gain, ipuin, saiakera, antzerki eta poesiak idatzi zituen: Egiazko argia (1927), Julien Heguy Apheza (1930), Eskualdunen Loretegia (1545-1800) (1931), Les études basques à travers les siècles (1932), Ithurralden Kantuak (1932), Euskal Herriaren Alde (1933), Murthuts eta bertze (1945), Orratza komedia (1955), Mende huntako Euskaldun idazleen pentsabideak (1974), eta obra nagusia duen Grammaire basque gramatika-liburua (1944). Iparraldeko Atlas Linguistikoa lantzen ari zela hil zen. Euskaltzain osoa egin zuten 1949an eta EHUko honoris causa doktore1982an.

Piarres Laffitte
Mokoroa Mujika, Justo Maria
Idazlea (Tolosa, 1901 - Bilbo, 1990). Apaiztu eta kalonje egon zen Iratxe eta Zaragozan. Eskolapioen Ordenaren probintziako idazkaria izan zen (1933-36). Garaiko hainbat euskal aldizkaritan eman zituen argitara bere olerkiak eta herri batentzat hizkuntzak duen garrantziaz diharduen Genio y Lengua liburua idatzi zuen (1935). Liburu honek eragin handia izan zuen hasierako ETA mugimenduan eta garaiko gazte abertzaleengan. Gerra-garaian Txilera joan zen; han, Gure baratzeko loreak bilduma argitaratu zuen. Euskararen batasunaz kezkatuta, De vida o muerte (1956), Batasunari batzuk agurka eta beste batzuk aurka (1968) eta Lengua Vasca de hoy y de mañana (1971) liburuak idatzi zituen. Arturo Kanpionen Erraondo-ko azken Danbolinteroa (1958) euskaratu zuen eta Diccionario Retana de Autoridades del Euskera lanean parte hartu zuen. Herri-literaturan oinarritutako milaka esaera jator biltzen dituen Ortik eta emendik (1990) izan zen haren azken lana. Euskaltzain urgazlea eta 1979az geroztik euskaltzain ohorezkoa izan zen.

Justo Maria Mokoroa
Sebero Altube musikaria ere izan zen
Haurtzaroan hasi zen Sebero Altube solfeoa ikasten, Arrasaten, bertako organojolearekin, eta huraxe zuen gairik maiteenetako bat. Musika-tresna bat baino gehiago jotzen bazekien, bereziki dultzaina, gitarra eta biolina. Bere anaia batek, beste lagun batek eta hirurek herriz herri ibili zen dultzaina-banda bat osatu zuten.
Hamabost urte zituela Arrasateko Musika-Bandan jotzen hasi zen eta 21ekin zuzendari izendatu zuten.
Hurrengo urtean Gernikako Bandaren zuzendari izateko oposizioak irabazi eta hara aldatu zen. Handik urtebetera, zuzendaritza horretan ari zela, Gernikako Abesbatza sortu eta Musika-Akademiari bultzada handia eman zion.
1916 arte izan zen Gernikako Bandaren zuzendari.
Eleizalderen iritizak euskal eskolaz
Eusko Ikaskuntzaren Lehen Batzarra egin zenean 1918an Eleizaldek "El problema de la enseñanza en el País Vasco" izeneko hitzaldi bat egin zuen.
Euskaldunen kontzientzia astintzea zen hitzaldi haren helburua. Ikusten baitzuen Eleizaldek Euskal Herrian ez zirela hartu behar bezalako arretaz hezkuntza eta kultura, eta horrek atzerapena besterik ez zuela ekarri.
Euskarazko eskola propioak sortzea proposatzen zuen eta gogor kritikatzen zituen Estatuko agintariek ezartzen zituzten metodo pedagogikoak, bereziki euskara baztertu eta erdara erabiltzera behartzen zutelako.
Euskaraz irakatsi ahal izateko, euskarazko ikasliburuak sortu beharra ere azpimarratu zuen eta lortu zuen 1921ean auzoetako eskoletarako euskarazko ikasliburuak argitaratzea. Ez ordea Estatuko agintarien eta nazionalismoaren aurkako prentsaren eraso bortitzak eta liburu haiek erabiltzeko debekua nozitu gabe. Debekatu ez ezik liburu haiek erre eta gaztelerazkoak erabiltzera behartu zituzten.
Eleizalde bera ikasliburuen egile izan zen
Mokoroaren Genio y Lengua
Mokoroaren Genio y Lengua
Espainiako Gerra Zibila piztu baino lehentxoago argitaratu zuen Mokoroak liburu hau. Hain zuzen horregatixe ez zuen batere zabalkunderik izan garai hartan eta gerraondoan ere isilka eta ezkutuan pasa zen eskuz esku gehienbat.
Lan horretan Mokoroak nazio baten nortasunean hizkuntzak beste edozein ezaugarriren gainetik duen garrantzia azpimarratzen du.
Bidebatez gaitzetsi egiten ditu hizkuntza arma gisa edo ikur soil gisa erabiltzea, herri-hizkera baztertu eta bide garbizalea bultzatzea.
Erabiltzen zuen euskara ederra goraipatzeko, berriz, onena Koldo Mitxelenak esan zuena gogoratzea izango da: «Hizkuntz eredu bikaina darabil. Bera irakurri ondoren, ezer ez dakidala uste dut. Ikasle izateko jaio ginenok doktrina geure eskuko dugu Mokoroaren obran, helburu hori erdiestea zaila izanik ere»
