EUSKARA

XX. mendeko euskalariak (III)

Yrizar, Pedro

Idazlea (Azkoitia, 1910, 2004). Industri Ingeniaritzan eta Geografian doktorea zen. L.L. Bonaparteren bizitza eta obran oinarritutako lanak eta euskalkiei eta, batez ere, euskal aditzari buruzko azterketak eta bildumak ondu zituen (Los dialectos y variedades del vascuence, 1973; Contribución a la dialectología de la lengua vasca, 1981; Morfologia del verbo auxiliar, 1992). RSBAPeko kidea, euskaltzain urgazlea eta euskaltzain ohorezkoa izan zen.

P. Yrizar

Mitxelena Elissalt, Koldo

Hizkuntzalaria (Errenteria, 1915-87). Filosofia eta Letretan doktore, Salamancako Unibertsitateko hizkuntza indoeuroparreko katedradun, EHUko errektoreorde eta irakasle izan zen. SFVJU mintegiko zuzendari, Bordeleko eta Bartzelonako unibertsitateetako honoris causa doktore (1983), EHUko irakasle emeritu eta hainbat erakundetako kide izan zen. Hizkuntzalaritzan espezializatutako aldizkarietan parte hartu zuen. Euzko Gudarostean gudari ibilia, preso hartu eta heriotza-zigorra eman zioten. Kartzelan hasi zen hizkuntzak ikasten eta idazten. Euskarari buruz informazio gehien zuen hizkuntzalaria zen. Heriotza-zigorra konmutaturik, kalera irten eta erresistentzian jardun zuen, eta bigarrenez izan zen atxilotua. Gaztelaniaz idatzi zituen bere obra zientifiko gehienak: Historia de la Literatura Vasca (1960), Fonética Histórica Vasca (1961) eta Sobre el pasado de la lengua vasca (1964). Euskaraz idatzitako lanen artean literatur kritika nagusitu zen; bere Idazlan hautatuak (1972) bilduma, euskal literatura ezagutzeko obra garrantzitsua da. Lan itzela egin zuen euskara hizkuntza moderno eta edozein beharretara moldatzeko moduko bilaka zedin. Berari zor zaio, nagusiki, euskara batuak aitzina egin ahal izana. Orotariko Euskal Hiztegia lan baliotsuari hasiera eman zion, baina bukatu aurretik hil zen. Euskaltzain osoa izan zen (1952-87).

Villasante Kortabitarte, Luis

Idazle eta gramatikalaria (Gernika, 1920 - Oñati, 2000). Frantziskotarra, 1945ean apaiztu zen. Teologiako doktoretza egin ondoren, Oñatiko Arantzazun izan zen irakasle urte askotan. Erlijiozko gaiez idatzitako artikulu eta liburu ugariren artean nabarmentzekoena Kristau fedearen sustraiak izeneko lau liburuko bilduma izan zuen: Jainkoa (1962), Jesukristo (1969), Eliza (1984) eta Kristau fedea (1986). Prosazko Euskal literaturaren aztertzaile, Historia de la Literatura Vasca liburua argitaratu zuen 1961ean, eta bereziki Axularren Gero obra sakon aztertu eta ezagutzera eman zuen: gaztelaniazko itzulpena eta horren guztiaren edizio kritikoa egiteaz gain (1976), Axular-en Hiztegia obra mardula landu zuen (1973). Euskalaritzan azpimarratzekoa da haren "Luis de Eleizalde" izeneko liburu-sorta, gaztelaniaz idatzia, non euskal gramatikaren eta lexikografiaren hainbat kapitulu aztertu baitzuen, euskararen batasunari begira (1970-1986 urteetan). Euskaltzain osoa 1951z geroztik, Euskaltzaindiko lehendakaria izan zen 1970-88 bitartean; kargu horretatik, gidaritza instituzional trebe eta emankorra eskaini zuen euskararen batasun-bidean; "Euskara batuaren gurasoa" izena eman izan diote.

L. Villasante

Txillardegi (Jose Luis Alvarez Enparantza)

Ingeniari, idazle, hizkuntzalari, soziolinguista eta politikaria (Donostia, 1929). Txillardegi, Igara,Usako eta Larresoro izengoitiak erabili ditu. Ikasle garaian espetxeratu egin zuten abertzaletasuna zabaltzeagatik. Ekin ikasle-taldearen sorreran esku hartu zuen eta, EAJrekin hautsi ondoren, Ekin-ekoek talde guztiz independentea sortu zuten: ETA. 1960an, 339 euskal apaizek izenpeturiko gutuna zela eta, bigarren aldiz atxilotu zuten. Hizkuntzalaritzan lizentziatu zen 1961ean. 1967an utzi zuen ETA eta, geroago, ESB alderdiaren sorreran parte hartu zuen. 1962-76 bitartean Frantzian eta ondoren Belgikan bizi izan zen. Hasieratik Herri Batasunako kidea, HBko senatari ere izan da. Gaur egun Aralar alderdiko kide da. Euskararen alor gehienak jorratu ditu eta lan ugari argitaratu du: Sustrai bila (1970), Euskara batua zertan den (1973), Euskal gramatika (1978), Fonologiaren matematikuntza (1978), Euskal Fonologia (1980), Euskal azentuaz (1984), Elebidun gizarteen azterketa matematikoa (1984). Saiakera-lanak ere idatzi ditu: Huntaz eta hartaz (1965) eta Hizkuntza eta pentsakera (1972). Euskara batuaren sustatzaile eta bultzatzaile nagusietakoa izan zen hasieratik. EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazlea da. Gerra Zibilaren ondoren euskal literatura berritu eta modernizatu duten idazle nagusietakoa da Txillardegi. Bere lana funtsezkoa izan da euskal eleberri modernoaren sorreran. Ordu arteko ohitura-nobelarekin hautsiz, Europako mugimendu existentzialistarekin lotu zuen euskal literatura. Gorabehera etengabean murgilduta, istorioan zehar bilakatuz dabiltzan eta zalantza, barne-korapilo eta larriminez osaturiko pertsonaia konplexuen bidez adierazi zuen kontakizuna; lehen pertsonan mintzo dira protagonistak eta beren historiaren kontalari bihurtzen dira. Hiru nobela funtsezkotan ageri da aldaketa hori: Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Peru Leartzako (1959) eta Elsa Scheelen (1969). Literaturaren teknika berriak sartzeaz gainera,oso hizkera aberatsa eta gihartsua lortu zuen. Geroztik, Haizeaz bestaldetik (1979), Exkixu (1988), Antigua 1900 (1992) eta Euskal Herria helburu (1994) lanak idatzi ditu.

Txillardegi

Rijk, Rudolf de

Hizkuntzalari holandarra (Amsterdam, 1937 - 2003). 1959az geroztik Leidengo Unibertsitateko euskara-irakaslea izan zen, Linguistika Konparatuaren sailean. Euskarari buruzko lan asko egin zituen (Partitive Assignement in Basque, 1972; Studies in Basque Syntax: Relative Clauses, 1972; Beknopte Guipuzkoaans-Nederlandse Woordenlijst, 1977). Euskaltzain urgazle (1965) eta gero euskaltzain ohorezko izendatu zuten (1991).

Ridolf De Rijk

Mujika Urdangarin, Luis Mari

Idazle eta filologoa (Lizartza, 1939). Askotariko liburuak idatzi ditu: poesia (Bide-giroak, 1963; Zortziko Hautsiak,1978, Euskal lirika tradizionala, 1985), itzulpenak, euskarari buruzkoak (Hiztegi teknikoa, 1977; Origen y desarrollo de la unificación euskérica, 1978; Historia de la Literatura euskérica, 1979; Latina eta erromanikoaren eragina euskeran, 1982; Euskal toponimiazko materialeak, 1989-91) eta nobela (Loitzu herrian uda partean, 1996; Bidean ihes..., 1996). Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan zen eta, gaur egun, EHUkoa da. Euskaltzain urgazlea da.

L.M. Mujika

Luis Mari Mujika

Pedro de Yrizar, ingeniaria eta euskalaria

Pedro de Yrizar-ek Madrilgo Ogasun Ministerioan ingeniari gisa lan egin zuen eta baita Banco de España-ko billete eta zigiluen sailean ere. Gainera Ekonomia irakasten zuen Madrilgo Unibertsitatearen Industri Ingeniarien Eskolan. Madrilen biziz egin zituen, bada, euskarari buruzko ikerketak. Aditza eta dialektologia ziren bere gai kuttunak. Euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu zuen. Erdaraz ere idatzi zuen zientzi eta teknologi gaiez Juan de la Cierva Patronatuaren Ciencia aplicada eta Racionalización aldizkarietan.

 

Luis Villasante Gernikan zen bonbardaketakoan

Luis Villasante Gernikako Errenteria auzokoa zen. Gerra hasi zenean latin-ikasketak bukatu berriak zituen Arantzazun eta nobizio-aldia hastera zihoan. Gerra zela eta jaioterrira itzuli behar izan zuen. Anaiordekoa, fabrika bateko langilea zena, gerrara joan zen Errepublikaren aldekoekin eta Luisek ordezkatu zuen bere lanpostuan. Gernikako bonbardaketa bere aitarekin batera zegoela bizi izan zuen babesleku batean ezkutaturik. Onik irten ziren estutasun hartatik, baina etxerik gabe geratu ziren.