EUSKARA

XX. mendeko euskalariak (IV)

Trask, Larry

Hizkuntzalaria (AEB,1944- Ingalaterra, 2004). Kimikako ikasketak egin ondoren, Turkian izan zen irakasle, baina 1970eko hamarkadan Ingalaterrara aldatu zen eta han hizkuntzalaritza-arloa lantzen hasi zen. Euskara ikasi eta euskarari buruzko doktorego-tesia egin zuen Londresko Unibertsitatean. Westminsterko Unibertsitatean lanean jardun ondoren, Liverpoolgo Sussexeko Unibertsitatera joan zen. 2002an euskaltzain ohorezko izendatu zuten. Euskararen aurre-historia eta historia landu zituen eta baita joskerari buruzko hainbat puntu ere. Historical Linguistics eta The History of Basque liburuak idatzi zituen.

Larry Trask

Larry Trask

Kintana, Xabier

Idazlea (Bilbo, 1946). Hizkuntzalari, poliglota, euskal kulturaren hainbat alor jorratu ditu; kazetari, kritikari, ikertzaile, itzultzaile eta irakaslea izan da. Liburu asko idatzi ditu: Beste izakia; ... eta jentilen espiritua datorke (1968); Linguistika orain arte (1970); Batasunaren kutxa (1970); Ukronia (1971); Behin batean (1972),Obier Belzuntzeko (1976), etab. Halaber, garrantzi eta eragin handia izan duen Euskal Hiztegi Modernoa (1977) eta Sukalde eta ostalaritzarako Hiztegia (1984) hiztegiak, irakurgaiak, testuliburuak eta euskara irakasteko metodoak prestatu ditu, eta Kafka, Marx, Engels, Lenin, Defoe eta Benjamin Tuterakoaren obrak euskaratu ditu. Euskaltzain osoa da 1993az geroztik.

Xabier Kintana

Xabier Kintana

Sarasola Errazkin, Ibon

Ingeniari, idazle eta lexikografoa (Donostia, 1946). Lur argitaletxearen sortzaile eta bultzatzailea izan zen (1969-73). Literaturari buruzko lanak (Euskal Literaturaren historia,1971), poesi lanak (Poemagintza, 1969), narrazio bat (Jon eta Ane zigarro bat erretzen, 1977), saiakerak (Euskara batuaren ajeak, 1997) eta itzulpenak egin ditu. Lexikografian ere lan garrantzitsuak ditu: Bere Euskal Hiztegia izenekoa lantzeaz gain Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia obra erraldoiaren arduraduna da Koldo Mitxelena hil zenetik. Euskaltzain osoa da (1988).

Ibon Sarasola

Ibon Sarasola

Goenaga Mendizabal, Patxi

Hizkuntzalaria (Azpeitia, 1948). Irakasle-lanetan jardun du Deustuan eta ondoren EHUn 1976tik aurrera. Filologian doktoratu zen 1984an eta 1991n katedra lortu zuen. Filologi Fakultateko dekanoa izan da.Gramatika eta sintaxia dira gehien landu dituen gaiak. Haren lanik ezagunena Gramatika bideetan da (1978). Euskaltzain urgazle hautatu zuten 1979an eta euskaltzain osoa da 1995az geroztik.

Patxi Goenaga

Patxi Goenaga

Oihartzabal, Beñat

Hizkuntzalari lapurtarra(Paris, 1949). Nanterreko Unibertsitatean zuzenbidea eta hizkuntzalaritza ikasi zituen. Étude descriptive de constructions complexes en basque tesiarekin Paris VII Unibertsitatean doktore-titulua jaso zuen (1987). Paueko Unibertsitateko irakasle da Baionan. Euskarari eta euskal literaturari buruzko lanak idatzi ditu (Deux pastoraliers du XIXe siècle; Ba- baiezko aurrizkia; Behako bat ezezko esaldiari; Zuberoako herri teatroa). 1984an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1991n euskaltzain oso.

Beñat Oihartzabal

Beñat Oihartzabal

Salaburu, Pello

Hizkuntzalari eta irakaslea (Arizkun, 1952). EHUko irakasle katedraduna da. EHUko errektore izan zen (1995-2000). Euskaltzain osoa da 1984tik. Hizkuntzalaritzako liburuak idatzi ditu, bakarrik eta elkarlanean (Ikaslearen Esku-Gramatika, 1984; Hizkuntz teoria eta Baztango euskalkia,I eta II, 1984; Sintaxi arazoak, 1987).

Pello Salaburu

Pello Salaburu

Eguzkitza Bilbao, Andolin

Filologo eta idazlea (Santurtzi, 1953-2004). Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoa ikasi ondoren, Koloniako Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak, eta Iowako Unibertsitatean eta Los Angelesko UCLAn burutu, Filologia Erromanikoan doktoretza ateraz.EHUn irakasle izatearekin batera, Euskaltzaindiaren Gramatika-batzordean jardun zen. Hizkuntzalaritzako ikerlanekin batera hainbat obra idatzi zituen: Lehen Orenean (1979) nobela, Orhiko mendirantz urratsez urrats (1986) poema liburua, Urkidian zehar (1987) nobela, Mila urte igaro eta, ura bere bidean (1993) poema-bilduma eta Herioaren itzalpeetan(1998). Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari hautatu zuten 1997an. 2001ean euskaltzain oso izendatu zuten, L. Villasanteren lekua betetzeko.

Andolin Eguzkitza

Azkarate Villar, Miren

Hizkuntzalaria (Donostia, 1955). Euskal lexikologian aditua.1992an euskaltzain oso izendatu zuten -lehen emakumea titulu horrekin-, Jose Migel Barandiaranek utzitako aulkia hartzeko. Euskaltzaindiko Jagon saileko buru da. Hainbat urtetan EUTGko irakasle izan ondoren, egun EHUko irakaslea da.Hainbat artikulu eta lan argitaratu du (Hitz elkartuak euskaraz, 1990). 1996-97 urteetan EHUko Euskararako Errektoreorde izan zen eta 2001ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu izendatu zuten.

Miren Azkarate

Miren Azkarate

Oñederra Olaizola, Miren Lourdes

Idazlea eta hizkuntzalaria (Donostia, 1958 ). Euskalaria da eta EHUko irakaslea; euskal fonetika ikertu du bereziki, eta Euskaltzaindiko Fonetika batzordekoa da. Zenbait aldizkaritan argitaratu ditu literatur lan laburrak. Eta sugeak esan zion (1999) bere lehen nobelarekin arrakasta handia lortu zuen: lehen urtean sari ugari lortu zuen, horien artean Euskadi saria (2000).

Lurdes Oñederra

Lurdes Oñederra

Uriagereka, Juan

Hizkuntzalaria (Bilbo,1959). Deustuko unibertsitatean ikasi zuen Filologia anglo-germanikoa eta AEBetako Connecticuten burutu ikasketak doktoretzarekin. Hor bertan eta Marylandeko unibertsitatean irakasle jardun ondoren, 2001ean EHUra aldatu zen. Hizkuntzalaritza teorikoaren alorrean kontu handiko ikerlanak argitaratu ditu aldizkari berezituetan.Euskal sintaxiaren azterketekin batera, egitura sintaktikoaren eta ezagutzaren arteko harremana landu du bereziki Rhyme and Reason (1998) liburuan. Euskadi Ikerkuntza saria eman zioten 2001ean.

Juan Uriagereka

Juan Uriagereka

Londresko Institute of Basque Studies

Londresko Institute of Basque Studies-en barnean bada talde bat hizkuntzalaritza-arloko ikerketak egiten dituena. Lantalde horretako kideak euskarari buruzko ikerketa egiten ari dira, linguistika aplikatuaren, linguistika kognitiboaren eta ekolinguistikaren ikuspegitik. Nazioarteko linguistikako biltzarretan sarritan izaten dira, partehartzaile aktiboak gisa, eta euskal gramatikako hainbat liburu eta linguistika kognitiboko artikuluak idatzi dituzte.

 

Euskara Illinois-eko Unibertsitatean, Urbana-Champaign-en

José Ignacio Hualde irakaslea espainieraren eta euskararen fonologia ikertzen ari da. Zenbait liburu argitaratu ditu, hala nola: Basque Phonology 1991, The Basque Dialect of Lekeitio, 1994, eta Euskararen azentuerak , 1997. Lankide izan da Generative Studies in Basque Linguistics, 1993, eta Towards a History of the Basque Language, 1995, lanetan. Gaur egun espainierazko eta euskarazko intonazio-ereduak ikertzen ari da.

 

Ikertzaile-belaunaldi berriak

Euskal Herriko unibertsitateak gazteak dira. Ez dute oraindik astirik izan fruitu asko emateko, baina aipagarria da dagoeneko badela maila oneko hainbat ikertzaile euskara-arloan. Adibidez, Adolfo Arejita eta Rosa Miren Pagola Deustuko Unibertsitatean, Henrike Knörr, Itziar Laka, Gotzon Aurrekoetxea, Koldo Zuazo EHUn, Patxi Salaberri Nafarroako Unibertsitate Publikoan, etab.