Orotariko Euskal Hiztegia
- TEST: Egia edo gezurra?
- BIBLIO: Bibliografia (1)
Euskaltzaindiaren lanik garrantzitsuenetako bat da Orotariko Euskal Hiztegia. Hiztegia eta Gramatika dira Akademiak sorreratik (1918) bere buruari ezarri zion lanaren zutabe nagusietako bi. Alabaina, hainbat arrazoirengatik, urte asko joan ziren euskara idatzia nolakoa izan den erakutsiko zuen hiztegi bat egiten hasi aurretik. Zehazki, 1984an eskuratu ahal izan zituen Euskaltzaindiak horrelako lan erraldoia egin ahal izateko baliabideak: lan-talde prestatua, baliabide teknikoak eta diru-laguntzak.
Atzerapen horrek alderdi on bakarra izan du: irizpide eta prozedura aurreratuak erabiliz egin ahal izan dela lana.
Hiztegi-motak
Era askotako hiztegiak daude: elebakarrak eta eleaniztunak, historikoak, etimologikoak, terminologikoak, etab. Dena den, lehen sailkapen handi bat egin beharrez gero bi motatakoak bereiz genitzake: deskribatzaileak eta arauemaileak. Hiztegi deskribatzaile batek hitzak nola erabili izan diren erakusten du eta hiztegi arauemaile batek berriz hitzak nola erabili behar liratekeen adierazten du.
Euskal hiztegi deskribatzailearen falta
Historian zehar hainbat hiztegi egin izan dira deskribatzaileak izateko asmoz. Esate baterako, Silvain Pouvreau-k XVII. mendean egin zuen hiztegi bat, baina argitara eman gabe geratu zen. Berdin gertatu zitzaion XIX. mendean Maurice Harriet-ek egindakoari ere. Larramendirena, 1745ean argitaratua, berriz ezin da esan deskribatzailea denik eta gutxiagorik ere.
Agian benetako hiztegi deskribatzaile bati gehien hurbiltzen zitzaiona Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés (1905) izan zen. Bazituen, ordea, honek ere XX: mendearen erdi aldera Euskaltzaindia gogobetetzen ez zuten ezaugarri batzuk: alde batetik garai horretarako agortua zegoen, bestetik ez zen tradizio idatzian bakarrik oinarritzen eta ezta tradizio idatzi osoan ere. Azkuek herritarren hizkuntza mintzatuari garrantzi handia eman zion eta bestetik zenbait irizpide murriztaile erabiliz hitzak biltzeko garaian. Esate baterako mailegu gordinak, oso erabiliak izan arren, ez zituen sartzen, Sabino Aranaren jarraitzaileek asmatutakoak ere ez, Larramendiren sorkuntzatzat hartzen zituenak ere ez. Horrela, bada, 1950. urteko hamarkadaren bukaeran ez zegoen oraindik euskal hiztegi deskribatzaile egokirik.
Egoera horren aurrean Euskaltzaindiak Koldo Mitxelenari Azkueren hiztegiaren edizio gaurkotu eta osatua egiteko ardura eman zion.
Corpus-linguistika
Horrela deitzen zaio benetako testuak aztertuz hizkuntza ikertzeaz arduratzen den hizkuntzalaritzaren adarrari. Corpusa da erreferentzia gisa hartzen den testu-bilduma. Behin bilduma osatuz gero, hizkuntzalariek burutik burura arakatzen dituzte testuak eta aurkitzen dutena deskribatu egiten dute. Jadanik ez da onartzen hizkuntzalariaren intuizioan oinarrituriko deskribapena eta horregatik corpus handitara jotzen da. Gaur egun, lan hori egiteko, oso baliagarriak dira sistema informatikoak.
Koldo Mitxelenak Euskaltzaindiaren enkargua jaso zuenean ez zegoen baliabiderik horrela lan egiteko, ez Euskal Herrian, ez beste inon. Ingelesari dagokionez tankera honetako lehen lana 1967an Henry Kucera-k eta Nelson Francis-ek argitaratu zuten Computational Analysis of Present-Day American English, milioi bat hitzeko Brown Corpusean oinarritua, izan zen eta corpus-liguistikan oinarrituriko lehen hiztegia, berriz, American Heritage Dictionary (1969).
Nahi eta ezin
Corpus-linguistika artean indarrean egon ez arren, Koldo Mitxelenak garbi ikusi zuen corpus handi bat bildu eta sistematikoki arakatu gabe ez zegoela behar bezalako hiztegia egiterik eta lan izugarri horri bakarrik eta baliabiderik gabe ekin zion. Jakina berehala izugarrizko tamaina hartu zion. Hura ez zen izango Azkueren hiztegi eguneratua, beste hiztegi bat baizik, eta ezin izango zuen berak bakarrik egin lan eskerga zelako. Bestalde bere egoera pertsonala ez zen egokiena lan horretan jarduteko, bizibidez irakaslea baitzen eta garai haietan erakundeek euskara ikertzeko dirurik ez zuten jartzen.
Horrela, bada, lana itota geratu zen kondizio egokien faltagatik.
Azkenean argitasuna
1978tik aurrera Hego Euskal Herrian gauzak aldatzen hasten dira Autonomiaren etorrerarekin. Erakundeek lehen ez bezalako jarrera dute euskal gauzetarako. Euskaltzaindiari laguntzeko borondatea agertzen hasten dira. 1984an Euskaltzaindiak alde batetik eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, bestetik akordio bat sinatu zuten Orotariko Euskal Hiztegia lantzeko.
Bestalde, ordurako, corpus-linguistikak bidea egina zuen eta horrelako lanak egiteko tresna informatikoak eskura zeuden.
Orotariko Euskal Hiztegiaren Corpusa
Hiztegi honen xedea garai eta leku guztietako euskal hitzen ondarea deskribatzea da; ahalik eta osoena izan nahi du. Antzinateko inskripzioetatik hasi, Erdi Aroko testuetatik jarraitu eta inprentaren sorreratik XVIII. mendearen erdiraino argitara emandako guztia hartzen du. Hortik aurrera argitaratutakoaren bolumena gure egunotara hurbildu ahala handituz doanez, corpusa ez zitekeen izan orohartzailea, baina zalantzarik gabe esan daiteke 1970. urtea arteko euskara idatziaren oso erreferentzia osatua dela OEHren corpusa. 6.000.000 hitzek osatutako testuak ditu gutxi gorabehera orotara.
Paperezko emaitza
Corpus informatizatua batez ere hizkuntzalarientzako lanabesa da, eta ez hiztegigintzan dihardutenentzakoa bakarrik. Esate baterako, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordea OEHko corpusa erabiltzen ari da bere lanak ontzeko. Horretaz gain, Euskaltzaindiak paperean ere argitaratzeko asmoa aurrera eramaten ari da. Ez da lan makala: Hiztegiaren 1.liburukia 1987an argitaratu zen, eta 14.a 2002an. Guztira 16 liburuki izango ditu.OEHren edukia
Hiztegiaren sarrerek honako informazio hauek dituzte:
Sarreraburua
>
testuetan agertzen diren hitzen aldaerak eta hiztegigileek aukeratutako forma
edo lema dauzka atal honek.<p>
Euskalkiei buruzko informazioak aldaera bakoitzak azken ehun urtean izan duen hedadura adierazten du.
Adierak, hitzak izan dituen esanahiak dira.
Tradizioa edo hitzaren erabileraren historia.
Adibideak, h.d. corpusean agertu diren pasarteak, sarrerako hitzaren erabilera argitzen dutenak, testuinguruaren bidez.
Forma konposatuak eta esamoldeak
Etimologiari buruzko informazioa
Adibidea
Hona hemen Orotariko Euskal Hiztegian sarrerek duten egitura erakusten duen adibide bat:
aletu sarrera da. Hitzaren aldaerarik ez da ageri sarreraburuan ematen denaz kanpora, testuetan beti horrela agertu delako. Ondoren euskalkiei buruzko informazioa eta lexikografoen aipamenak datoz. Kasu honetan Larramendi, Añibarro, Harriet, Aspiroz, Azkue eta Kandido Izagirre agertzen dira. Hiru adiera bereizten dira: 1. Alez bete. 2. Aleak burutik bereizi 3. Alez hornitu. Hainbat adibidek argitzen dituzte erabilera hauek. Mendiburu, Lizarraga Elkanokoa, Lardizabal, Orixe, Tomas Agirre, etab. dira testuen egileak.
Zuzendariak eta lan-taldea
Koldo Mitxelena
Lan hau burutzea hainbeste amestu zuen gizona eta helburu hori lortzeko giltzarria izan zena, Koldo Mitxelena, 1987an zendu zen, lana egiteko baldintza egokiak jarri eta gutxira. Ez zuen paperezko lehen liburukia ere kaleratzen ikusi. Hura hil ondoren gidaritza Ibon Sarasolak hartu zuen. Bi gizon hauen ondoan lan-talde ongi prestatu bat aritu da lanean Iñaki Segurolaren ardurapean.
