EUSKARA

Euskaltzaindia

Euskaltzaindia-1928

Euskaltzaindiko kideak 1928an

Euskaltzaindiaren sortzea

Eusko Pizkundearen garaian (1876-1936) sortu zen Euskaltzaindia, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala. Euskara goreneko kultur baliotzat harturik, babestu eta sustatu nahi zen unean, Oñatin Eusko Ikasketen Batzarra egiten ari zirenean, hain zuzen.

XIX. mendean eta XX.eko lehen hamarkadetan jada zenbait euskaltzalek eta herritarren elkartek halako erakunde baten beharra adierazi zuten, haien artean, Ulibarrik, 1832an, edo Abadiak eta Duvoisinek, 1862an. Atzerriko (Bonaparte, Van Eys, etab.) eta herriko ikertzaileen (Kanpion, Azkue, etab.) eta elkarte euskaltzaleen laguntzarekin, Herrialde Historikoetako Herri Erakundeek Akademiaren Hizkuntza Erakundea sortu zuten.

Lehen asmoa 1918an Bizkaiko Aldundian jaio arren, 1919ko urrian hiru aldundiek lehenengo Arautegia onartu zuten eta Euskaltzaindia juridikoki eratu zen. Urtebete geroago, Akademiaren buletin ofiziala izango zen Euskera aldizkaria sortu zuten.

Euskaltzaindiaren hasierako Arautegiak (1920) zehazten zuenez, bere xedeak hizkuntza lantzea eta zaintzea dira. Xede hauetako bakoitzari sail bat dagokio; Iker eta Jagon dira sailon izenak

Barne-eraketa

Lehenik, Gobernu-Zuzendaritza dago, bere Euskaltzainburuarekin, Buruorde, Idazkari eta Diruzainarekin. Zuzendaritzakide dira, halaber, Ikersailburua eta Jagonsailburua. Eta Arautegiaren arabera, 24 dira euskaltzain osoak, urgazle taldeak mugatu gabeko kopurua du. Euskaltzain osoek hitza eta boza dute euskaltzain berriak hautatzean eta Erakundearen gobernuan. Euskaltzain urgazleek lan-batzordeetan har dezakete parte.

Erakundearen osoko bilkurak hilabetero egiten dira, gutxienez. Euskararen lurralde osoa dauka bere barrutitzat, Bilbon du bere egoitza nagusia, eta Baiona, Donostia, Iruñea eta Gasteizen ordezkaritzak ditu.

Historia

Gerra Zibilaren aurreko urteetan (1919-1936), Euskaltzaindiak literatur euskara batu bat sortzea erabaki zuen. Garai honetan, Azkueren ikaslanek (Morfología vasca, 1923-1934) eta hiztunei egindako inkestek euskararen ezagutze sakona ekarri zuten.

1936an eta ondoko urteetan geldialdia egon zen, 50.eko hamarkada hasieran, Azkuek lanari berriz heldu zion arte. Arautegia berritu egin zen (1954), eta euskaltzain oso berriak hautatu ziren.

Hurrengo hamarkadak (1956-1968) lan-molde berriak ekarri zituen: belaunaldi gaztea, ikastolen bidez euskara irakaskuntzara sartzea, euskarazko prentsa indarberritzea, euskarazko alfabetatzea, etab.

Hala ere, hizkuntzaren adierazpen idatziak ugaltzea eskatzen zuen gizarteak eta horri erantzuteko bildu zen, hain zuzen, Arantzazuko Batzarra (1968). Bilkura honetan hizkuntza idatziaren batasunerako arau sistematikoagoak eskaini ziren. Arau akademiko hauek eztabaidak ekarri zituzten arren (1968-1976), onarpen soziala izan zuten irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazioan.

Arantzazuko Batzarra

Arantzazuko Biltzarrean parte hartu zuten kideak

Akademiaren Euskaltzainburuak izan dira R. M. Azkue (1919-1951), I. M. Etxaide (1952-1962), J. M. Lojendio (1963-1964), M. Lekuona (1967-1970), L. Villasante (1970-1988), J. Haritschelhar (1989-2004) eta A. Urrutia (2005- ).

Gaur egun Euskaltzaindiak barne-antolamendu konplexuagoa eta lankide-talde zabalago batekin lan egiten du, beti ere euskararen modernotzean laguntzen ahaleginduz eta hizkuntzaren ezagutza osoagoa bilatuz.

Oraingo lan-egitasmoak

Euskaltzaindiaren egite akademikoak zenbait egitasmotan zehazten dira. Hauetako bakoitzari dagokion zuzendaritza ematen zaio, erakundezkoa eta teknikoa. Erakundezkoa euskaltzain osoen esku dago eta talde teknikoa, euskaltzainek nahiz espezialistek osatzen dute.

Sei lan-batzorde bereizten dira. Lexikografia batzordeak, Euskal Hiztegia (deskribatzailea, euskal hitz-ondarea, biltzen du) eta Hiztegi Batua (arauemailea) ditu ardurapean.

Orotariko Euskal Hiztegia

Orotariko Euskal Hiztegiaren liburuki bat Euskaltzaindiaren ikurrarekin

Gramatika batzordeak, Euskaltzaindiaren Gramatika Akademikoa burutzen du. Hizkuntza-atlasaren batzordeak, 145 herritan osatu du bere inkesta dialektologikoa. Onomastika batzordeak, agiri historikoen bilketa eta landa-lana egiten du, euskarak duen izen-normalizazioari laguntzeko asmoz. Literatura batzordeak, herri literaturako langaiak bildu eta literatura idatzi jasoa ikertzen du; Literatura Hiztegia abian du. Azkenik, Hizkuntza mintzatuaren azpibatzordea ikerlan fonologikoez eta hizkuntza mintzatuak gaurko gizartean dituen arazoez arduratzen da.

Hizkuntz Atlasa

Hizkuntz Atlasa egiteko bilduriko grabazioen Antologia

Gainera, batzordeetan sortu eta osoko bilkuretan onartzen diren proposamenak, arau akademiko bihurtzen dira. Bestalde, Akademia kudeatzeko hainbat bilera eta jardunaldi antolatzen ditu Euskaltzaindiak.

Gerraostea (1950-1968)

F. Krutwig

Federiko Krutwig

1936ko gerrak izugarrizko kaltea egin zien euskal kulturari eta euskarari. Hutsetik eta neke handiz ekin behar izan zitzaion gauza askori. Euskararen batasunari dagokionez ere beste hainbeste esan daiteke. Federiko Krutwig-ek jarri zuen berriz mahai gainean auzia, Kanpionek eta Bruzainek baztertu zuten bideetako bat proposatuz: lapurtera klasikoa bultzatu nahi zuen, hauxe zelako literatur tradizio aberatsena zuen euskalkia.

1964an Baionan euskal idazle batzuek egin zuten bilkura batean urrats konkretuak egiten hasteko erabaki batzuk hartu zituzten eta bigarren bilkura bat Ermuan egin zuten

 

Arantzazuko Biltzarra (1968)

K. Mitxelena

Koldo Mitxelena

1968an, Euskaltzaindiaren sorreraren 50. urteurrena zela eta, Gabriel Arestik oraindik ebatzi gabe zegoen euskara batuaren auziari irtenbidea bilatzeko jardunaldi batzuk egiteko eskea egin zuen. Aintzakotzat hartu zuten proposamena eta batzorde bat izendatu, Koldo Mitxelena buru zela. Honek txosten bat idatzi eta Arantzazuko Biltzarrean aurkeztu zuen. Erdiko euskalkietan oinarritzea proposatu zuen eta lanak mailakatzea azaleko gauzetatik hasiz eta korapilatsuagoetaranzko bidea apurka eginez: ortografia lehenbizi, hiztegia gero eta morfologia eta sintaxia ondoren.