FILOSOFIA

Iraultza kosmologikoa. Koperniko, Bruno eta Kepler

1543an argitaratu zen Kopernikoren obra, Lurraren heliozentrismoa eta mugimendua ezartzen zituena, tradiziozko jakintza alde batean utzita. Bi mila urtetan indarrean egon zen unibertsoaren ikuspegi aristoteliko-ptolemaikoaren ordez, hierarkiarik gabeko unibertso irekia eta mugagabeko ideia modernoa agertu zen.

Kopernikoren erreforma

Nicolas Koperniko (1473-1543) astronomo poloniarrak Eguzkiaren inguruko planeten mugimenduan oinarritutako sistema ordenatua eta koherentea ezarri zuen, Ptolomeroren sistemaren ordez. Horretaz gain, zientzia modernoak hasi zuen iraultza astronomikoaren burua izan zen. Berak egindako unibertsoaren estrukturaren deskripzioak hiru helburu hauek zituen:

  • Planeten mugimendua azaltzea, mugimendu zirkularraren uniformetasunaren printzipioa errespetatuz, zentrua kontuan hartuta.
  • Planeten posizioak berregiteko gai diren eredu geometrikoak eskaintzea.
  • Astronomia matematikoaren eta izadi-filosofiaren arteko banaketa historikoa gainditzea.

Horretarako, Koperniko bi printzipio berritatik abiatu zen:

  • Heliozentrismoa: Lurra, lehen unibertsoaren erdian zegoena, orain, Eguzki mugigaitzaren inguruan biratzen zuen astrotzat (besteak bezala) hartzen da.
  • Lurraren mugimendua: Unibertsoan egondako mugimendu guztien zergatia Lurraren mugimendua da. Lurra hiru mugimendu ditu: egunerokoa (ardatzaren inguruan), urterokoa (Eguzkiaren inguruan) eta deklinaziokoa (ardatzaren mugimendua).

Lurraren eta planeten mugimenduaren azalpen geometrikoa De revolutionibus (1530) liburuan idatzi zuen Kopernikok; horretan, arrazionaltasun geometrikoaren terminoak erabiliz, Jainkoak unibertsoa antolatu zuen ordena sistematizaturik geratu zen.

Bi eragozpen izan zituen Kopernikok:

  • Objekzio teologikoa.
  • Objekzio fisikoa.

Lehenengoari erantzuteko, egokieraren teoria (Jainkoa egokitzen zaio gizakiaren salbazioarekin zerikusirik ez duenari) erabili zuen; bigarrenari zegokionez, Lurraren mugimendu zirkularra naturala zela esan zuen, esfera guztiak euren kabuz zirkularki mugitzen zirelako printzipio geometrikoan oinarrituz.

Giordano Brunoren araberako unibertsoa

Unibertsoa eterez beteriko espazio batek banatutako eguzki- edo planeta-sistema mugagabeen errepikatze batek (synodus ex mundis) osaturik zegoen. Izarrek edo eguzkiek elkarren beharra zuten, oreka-egitura bat osatuz. Planetek Eguzkiaren argia eta beroa behar zituzten, haren inguruan errotazioan eta translazioan mugitzeko. Planetek emandako hezetasuna behar zuten izarrek edo eguzkiek berotasuna birsortzeko. Planeta-sistemaren adierazpide horrek izaera bitalista zeukan, astroak eta mugimenduan dauden gorputzak izaki bizidun bihurtu baitzituen barne mugimendu-printzipio batekin.

Brunoren iritziz, unibertsoa mugagabea, homogeneoa eta beharrezkoa da:

  • Mugagabea: horren kanpoko mugarik ez zegoelako.
  • Beharrezkoa: Jainkoaren aldaezintasuna, ontasuna eta potentzia zirela eta.
  • Homogeneoa: unibertso osoaren materia bera zen, baina dibertsifikatuta. Eguzkia bezalako izarretan sua zen nagusi; planetetan, aitzitik, ura eta lurra.

Kepleren legeak

Gaitasun matematikoari esker, Keplerek Kopernikoren iraultza astronomikoa osotu zuen, astronomiari hondar geozentrikoak kenduz. Berak esandako hiru legeak jopuntua ziren pentsaera zientifikoaren historian, eta hitzaren zentzu hertsian modernotzat har zitezkeen. Hizkera matematikoaz azalduak, zehatzak eta egiaztagarriak ziren, eta banakako fenomenoak zuzentzen zituzten erlazio unibertsalak kontuan hartzen zituzten. Kepleren legeak honako hauek ziren:

  • Lehenengo legea: planetek egiten dituzten Eguzkiaren inguruko ibilbideak eliptikoak dira; elipse horren foku batean dago Eguzkia.
  • Bigarren legea: planetaren erradio bektoreak azalera berdinak denbora berdinetan aienatzen ditu.
  • Hirugarren legea: edozein bi planetaren bira-periodoen karratuak eta Eguzkirako batezbesteko distantzien kuboak proportzionalak dira.

Kepleren bigarren legearen aurkezpen grafikoa; A1 eta A2 berdinak dira; horrenbestez, planetak denbora bera behar izango du P1tik P2ra eta P3tik P4ra joateko.

Nicolás Copérnico

Nicolas Koperniko (1473-1543) panorama filosofikoa eta zientifikoa iraultzatu zituen bere aurkikuntzekin. Aurkikunde askok, gaur egun, oraindik baliagarriak dira.

 

Johannes Kepler

Wallensteineko dukearen astronomo, teologo, irakasle eta astrologoa izan zen. Berak (1571-1630) egindako aurkikunde nagusiak planeten inguruko hiru legeak eta geometriaren jarraitutasun-printzipioa izan ziren. Bere sistema, Brunorena ez bezala, Kopernikoren mundu mugatuari zegokion: izar finkoen esferak setiatutako Eguzkiaren inguruan mugitzen ziren planeta-talde mugatua.

 

Giordano Bruno

Giordano Bruno (1548-1600) ez zen astronomoa izan, baizik eta filosofoa eta poeta errenazentista, pentsamendu magikoak oso eraginda. Kopernikoren kausarekin konprometitua, Cusako Nicolás-en Kristoren bitartekotza kontzeptuaren eta zeruko berritasunekin erlazioa zuten kontzepzio kristau eskatologikoen aurka jarri zen. Unibertso mugagabetik eta munduetatik (1584) liburuan azaldutako unibertsoaren kontzepzioak Ofizio Santuaren biktima bihurtu zuen, eta sutzarrean hiltzeko kondenatua izan zen. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.