Platon eta Ideien Teoria
Filosofoa eta bere obra
Platon K.a. 427 urtean jaio zen Atenasko familia batean. Bere gaztaroan, Atenas eta Espartaren arteko Peloponesoko gerraren hondamendiak bizi zituen, Atenasko nagusitasunaren bukaera suposatu zuena. Hogei urte zituela Sokrates ezagutu zuen eta berrogei zituela Atenasen Akademia sortu zuen, gazteriaren formazio politiko eta intelektualeko lehenengo zentroa izan zena. 347an hil zen.
Literatur gaitasun handiko idazlea zen eta bere obrak dialogo modura egituratuta daude, pertsonai ezberdinek iritziak azaltzen dituztenak, jarduera intelektual etengabean. Dialogo hauen artean azpimarratzekoak dira: Apologia, Criton, Gorgias, Cratilo, Fedon, Banketea, Errepublika, Fedro, Timeo eta Legeak.
Atenasko eskola, Rafaelen freskoa Vatikanoko Pinakotekan. Erdian, Platon eta Aristoteles.
Materia eta ideia
Errepublikan, Platonek justiziaren eta bidezko gizartearen esanahiez galdetzen dio bere buruari, eta galdera hauei erantzuteko ezagupenaren teoria bitxia sortzen du, koba-zuloaren mito ezagunaz irudikatua, eta horren arabera bi dira errealitatearen mailak:
- Irudien maila (phainomena), itzalena, zentzumenek nabaritzen dutena. Materiaren mundua da, etengabeko aldaketak jasaten dituzten gauza inperfektuez osatua.
- Ideien mundua, argiarena, ezagupenaren bidetik iristen dena. Modu egoki, ezin hobe eta unibertsalen mundua da.
Ideien mundu abstraktua hitzen bitartez adierazten da, horregatik Platon asko interesatzen da hizkuntzaren aberastasuna deskubritzeaz eta hitzak eta kontzeptuen esanahiak definitzeaz.
Baina ideiak ez dira bakarrik hitzen esanahi ezberdinak ordenatzeko balio duten kontzeptu orokorrak, baizik eta mundu errealaren oinarria eta eredua ere.
Arima eta ezaguera
Platonentzat, arima edo psikea, gorputzaren biziaren jatorria da (beraz bereizita dago honetatik) eta hiru indar edo funtziok osatzen dute:
- Ulertzen duena, edo adimena.
- Nahi duena, edo borondatea.
- Sentitzen edo desiratzen duena, beste bien azpitik.
Arima bizitza ematen dion gizaki konkretua baino lehenagotik existitzen da (metenpsicosis), banakoak lehenagotik ezagutu du gero jakingo duena. Horrela, ikastea gogoratzea da, beste garai batean arimak benetako errealitate hori edo ideia perfektuen mundua ezagutu baitu, ongiarekin identifikatzen dena.
Ongiaren ideia ezagueraren objektua da, eta horretatik abiatuta zentzua hartzen dute justiziak, edertasunak, egiak eta beste gauza guztiek. Ideien eta ondorioz ongiaren munduan parte hartuta, gizakiak lortzera jotzen dute, imitazio edo mimetismo prozesu baten bidez.
Hezkuntza eta bertutea
Gizakia ezaguerara bultzatzen duen indarrarekin batera, koba zulotik atera den gizakia, eta ondorioz egiaren jabe denak besteei berak jarraitutako bidea erakusteko beharra sentitzen du. Jakinduriak ez du zentzurik komunikatzeko ez baldin bada, eta elkartasun sentimendu horretatik edo komunikatzeko behar horretatik garatzen du Platonek bere hezkuntzaren teoria edo paideia.
Heziketaren beharrari dagokionez, Platonek galdetzen dio bere buruari ea gizakiak bertutea (areté) ikas dezakeen, hau da, ea bere natura propioa alda dezakeen. Bertutea ikastearen helburua ez da beste gizakiak menperatzea, baizik norbere burua menperatzea, "ezagut ezazu zeure burua", Delfosko Apoloren tenpluan dagoen inskripzioak esaten duena. Beraz, irakaskuntza, hausnarketan oinarritu behar da, gure oroimenean gordeta dagoen onginahia esnatzeko.
Platonen teoria politikoa
Platonek Maitasunaren (eros) eta adiskidetasunaren (philía) teoria garatzen du, gizakia besteekin egia konpartitzera bultzatzen duen indarrari buruzkoa; izan ere, modu honetan betetzen du gizakiak bere ondokoengana jotzeko beharra. Beraz, gizakiak besteekin bizi behar du hirian, behar asko baititu, eta polis horrentzat Platonek justizia egokia ezarriko duen antolamendua definitu nahi du
Proiektu politiko honetan, utopiaren lehenengo adibidea izan daitekeena, Platonek esaten du hiria bidezkoa izan dadin, eta estatuak bere hiritar guztien zoriona lor dezan, eta ez bakarrik klase zehatz batena, hauxe behar da:
- Justiziaren ideia definitu Apologian, Sokratesen zigorrari buruz planteatzen zen moduan.
- Hiritar batzuek indarrez ala engainuaren bidez beren berekoikeria inposatzeko erabiltzen duten Politikaren kontzepzio tiranikoa gainditu.
- Hiritarrak hezi eta batez ere politikoak.
- Heziketa horren bitartez, boterean azkarrenek eta eskuzabalek jardun dezatela lortu.
Platonen bizitzaren
Gaztaroa (K.a. 399 arte): Sokratesen ikasle, demokraziaren garai onenaren bukaera bizitzen du..
Lehenengo bidaiak (398-389): Megara eta Cirenera doa, (bertan Aristipo eta Teodoro matematikoa ezagutzen du); hizkuntza eta bere esanahiez interesatzen da.
Siziliarako bidaia (388-385): Siracusan Dionen adiskide egiten da, eta Atenasera itzultzean Akademia sortzen du; hizkuntzari buruzko ikerketarekin jarraitzen du baina politika gehiago interesatzen zaio.
Helduaroa (385-370): Ideien eta Amodioaren Teoria garatzen du, eta bere dialogorik ederrenak idazten ditu, esaterako El banquete eta República.
Azken urteak (369-347): Siracusara bi aldiz joaten da, eta bertan Errepublikaren egoera egokiena bultzatzen saiatzen da; bere ideien teoriaz eztabaidatzen du eta logika, medikuntza eta natur zientzietako problemetaz interesatzen da.
Ezagutzea gogoratzea da
"Natura bere osotasunean erlazionatua dagoenez, eta arimak gauza guztiak ikasita, gauza bakar bat ikasi duenak (jendeak ikasi hitzaz ulertzen duena) beste guztia deskubritu dezake, iaioa baldin bada eta ikertzeaz nekatzen ez bada. Ikertzea eta ikastea, gogoratzea besterik ez da eta.
Menon
.
Erregimen politikoak
Aristokrazia: erregimenik egokiena da, gizonik onenek, ikasiek eta eskuzabalenek agintzen dutelako Estatuan.
Timokrazia: militarrak dira nagusi, beheko klaseak menperatzen dituztenak.
Oligarkia: aurrekoaren forma usteldua, aberatsen gobernua da, gauza guztien gainetik beren etekinak bilatzen dituztenak.
Demokrazia: pobreen garaipena da, erregimen askeen eta ederrena da.
Tirania: demokrazia hondatuaren ondorioa askatasun gehiegiren ondorioz.
