FILOSOFIA

Aristoteles. Jakitearen grina

Platonen idealismoaren aurrean, Aristotelesek ingurukoari begiratzen dio, ideiak eta materia bereizi gabe azaldu nahi baitu mundua. Izan ere, bere ustez gauzen izatearen ezaugarri nagusia, hain zuzen, izateari uzten diotela da, etengabe aldatzen baitira. Berarekin batera filosofia jakinduriaren arlo guztietara hedatzen da, eta bere ideiek eta pentsamenduek, beste inorenek baino eragin handiagoa izan dute pentsamenduaren historia osoan.

Obra itzela

Aristoteles Estagiran jaio zen K.a. 384 urtean, eta 17 urte zituela Atenasera bidali zuten, bertan, Platonen Akademian ikasi zuelarik (3. gaia ikusi). 342 urtean Filipo, Mazedoniako erregeak bere semea, Alejandro Magnoren heziketaz arduratzeko egin zion proposamena onartu zuen. 334 urtean Atenasera itzuli zen, eta Lizeoa sortu zuen. Alejandro hil zenean, 323 urtean, fedegabetasunez epaitua izan zen eta Atenasetik atera behar izan zuen Calcisera joateko. Bertan hil zen 323 urtean.

Aristotelesek idatzitako testu asko iritsi zaigu, batez ere bere ikasleekin eztabaidatzeko hartzen zituen oharrak. Testu hauetan biologia, fisika, politika, poesia, erretorika, antzerkia, logika eta etika bezalako gaiak tratatzen dira, eta bost liburu talde desberdinetan banatu daitezke:

  • Logika edo Organon, pentsamendua erabiltzeko balio duen adimenaren tresna.
  • Natura, animalien mundua eta izarren behaketaren ondorioz sortutakoa.
  • Etika eta politika, hau da, gizakiaren jokaerari buruzkoa, bakarka zein taldeka.
  • Artearen teoria, Poetika eta Erretorikan garatua.
  • Metafisika edo lehenengo filosofia, izateari buruzkoa eta garai desberdinetan idatzitako ohar laburrez osatua.

Aristotelesen bustoa, Palazzo Spada, Erroma

Etika eta politika

Gizakien jokaera aztertzean, Aristotelesek ongia gizakiaren joera naturala dela baieztatzen du. Ongi hori lortzeko, gizaki guztiek lortu nahi duten zoriona edo eudaimonia (ondo bizi) besterik ez dena, gizakiak dagokion funtzioa bete behar du: bere gaitasuna edo bertutea (areté), hau da, pentsatzeko ahalmena edo arrazoitzea.

Zoriona bertutearen bidez bilatze hori, bakarkakoa izan arren, taldearen testuinguruan sartuta dago, norberaren ongia denen ongiarekin bat egin behar baitu, eta beraz, hiriarena (polis). Ondorioz, etika, politikaren eremuan sartzen da.

Etika eta politikaren arteko bateratasun hori azaltzeko, Aristotelesek heziketa proposatzen du hiritar hobeak lortzeko, eta bertuteen teoria bat burutzen du, muturreko jarreren artean erdiko bidea gomendatzen duena.

Logika

Etika eta politikaren azterketari esker deskubritzen du Aristotelesek logosen ("hitza") eta komunikazioaren garrantzia, eta hortik abiatuko da bere deskubrimendu handietako bat: logika.

Hizkuntza, organon edo ikertzeko tresna bezala hartuta, egia ateratzen laguntzen duten "formak" lortzeko balio du. Horrela, mundua "esateko" erabiltzen ditugun proposizioekin mundua formalki antolatzen dugu.

Kontzeptu batzuek osatzen dute Aristotelesen logika:

  • Kategoriak, edo errealitatearen forma orokorragoak. Hamar kategoria aristotelikoek gauzak zehazten dituzte eta horrez gain, subjektu bati predikatu bat egokitzeko balio dute.
  • Silogismoa, proposizio ezberdinak bateratzean konklusioaren beharra demostratzeko prozedura. Silogismoa hiru perpausek osatzen dute, haietako bi premisak eta hirugarrena haietatik ateratzen den konklusioa. Aristotelesek logika formalaren oinarriak ezartzen ditu, kontzeptuak hizkiez ordezkatzean.
    • Premisak: Gizaki guztiak hilkorrak dira. A=B Sokrates gizakia da. Sokrates gizakia da.
    • Konklusioa: Sokrates hilkorra da. C=B
    • Indukzioa, edo banakako proposizioetatik abiatuta, ezaguera forma orokor edo unibertsaletara iristen den demostrazioa.

Metafisika

Parmenidesek nabarmenki ordezkatzen duen tradizio filosofikoa jarraituz (1. gaia ikusi), Aristotelesek izatearen interpretazio berria garatzen du, horretarako, izan aditza esateko zentzu edo modu ezberdinak aztertuz, eta bere esanahi guztiak printzipio bati dagozkiola baieztatuz: sustantzia.

Lehenengo filosofian edo izatearen filosofian, Aristotelesek kontzeptu batzuk ezartzen ditu:

  • Sustantzia eta akzidentea. Sustantzia, berez existitzen dena da, bakarka. Akzidenteak, berriz, sustantzia lagundu eta mugatzen dute.
  • Materia eta forma. Materia, gauzak eginda dauden hori da, forma, berriz, bereizten dituena. Aristotelesek, materiak "informatua" izateko daukan "desioa" planteatzen du.
  • Ahalmena eta ekintza. Forma, materiaren gaitasuna edo ahalmena bideragarri egiten duen ekintza edo energia antzeko zerbait da. Gauzek beren baitan gordetzen dituzte beren eginkizunak, haziak zuhaitza gordetzen duen moduan.
  • Denbora. Ahalezkotik errealerako pausuak mugimendua eskatzen du, eta honek, halaber, prozesu jarrai batean denbora pasatzea eskatzen du.
  • Motore mugiezina. Denbora eta mugimendu jarraituen teoriak motore mugiezina dagoela pentsarazten dio Aristotelesi, denborari lotuta ez dagoen eta ahalmenetik ekintzara pasatu behar ez duen motore bat. Ekintza edo pentsamendu hutsa da, perfekzioa bilatzen duten gauza guztien helburua. Motore horrek unibertsoa mugitzen du, ez zuzeneko kontaktuaz, amodiozko erlazioaz baizik.

Ongirako joera

"Arte eta jakinduria guztiek, hala nola egiten dugun eta aukeratzen dugun guztiak, ongira jotzen omen du; horregatik esan da (arrazoi osoz) ongia gauza guztien helburua dela."

Etika nikomakea.

 

Erregimen politikoak

Aristotelesek erregimen politikoak aztertu zituen, aristokrazia, oligarkia, demokrazia eta tiraniaren arteko diferentziak seinalatuz. Erregimenik egokiena, bakoitzaren onena bilduta lortuko litzateke: demokraziaren askatasuna, oligarkiak aberastasuna sortzeko duen gaitasuna, eta aristokraziaren onenen bikaintasuna

 

Aristotelesen ikasleak

Aristotelesen ikasleak peripatetikoak izenaz ezagutzen ditugu (peripateinetik, "paseatu"), Lizeoko lorategietan paseatzen ibiltzen zirelako filosofatzen zuten bitartean.
Aipagarrienak dira:

Teofrasto (K.a. 372-287), Lizeoa zuzendu zuena maisua hil zenean.

Rodaseko Eudemo, etika, matematika eta astronomiaz interesatu zena.

Tarentoko Aristoxeno, K.a. 343 urtean inguru Lizeora sartu zena.

Lampsakoko Estraton (K.a. 340-369), Lizeoko zuzendaria Teofrasto hil eta gero.

Ceosko Ariston, Aristotelesen dotrina hedatu zuena.