FILOSOFIA

Humanismotik Erreformara

XV. eta XVI. mendeetan Europako kulturak eta gizarteak eraldaketa erabakitzailea izan zuten humanismoa zabaltzean, horrek kulturaren baldintzak guztiz aldatu baitzituen. Osagai nagusia teologia eta erlijio kristauen Erreforma da. Erasmo eta Luteroren eskutik, Erreforma horrek mendebaldeko kristautasunaren zatiketa ekarri zuen.

Petrarka eta humanismoaren iraultza kulturala

Humanismo hitzak bi gauzari egiten die erreferentzia:

  • Petrarka buru zuen mugimendu kulturalari.
  • Gizakia, Jainkoarekin duen harremanean, bere borondate librea eta bere naturaren gaineko nagusitasuna, ulertzeko modu berriarekin kezkatutako jarrera intelektualari.

Petrarkak (1304 - 1374) Antzinaroan jarri zuen bere arreta eta historiaren aldizkakotze berria sartu zuen, ikuskera kristauaren aurkakoa zena. Bere gogoetak Platon eta San Agustinengan oinarritu ziren eta kultura klasiko paganoa eta kristautasuna bateratzera zuzenduta zeuden.

Filosofia humanista: Cusano, Ficino eta Pomponazzi

  • Cusano izenaz ere ezaguna zen Cusa-ko Nicolás-en (1401-1464) interes filosofikoak, Jainkoa, honek unibertso eta gizakiarekin duen harreman, eta beragana heltzeko prozesuaren funtsezko arazoari buruzkoak dira.

Eskema aristotelikoak Jainkoa unitate eta maximo absolutu gisa ikusteko zituen mugen aurrean, Cusanok Erdi Aroko metodo logikoak eta analogia matematikoak erabili zituen, Jainkoaren eta unibertsoaren izaera azaltzeko. Unibertsoa (maximum contractum) gauza mugatu guztien multzo gisa ikusten da eta ibili ez ezik, Jainkoarengana (maximun absolutum) itzuli ere egiten da. Jainkoaren izaera ezagutezina da. Horregatik, gizakien ezagutza osoa ezjakintasun jakituna da (docta ignorantia).

  • Marsilio Ficinok (1433 - 1499) antzinatekoen teologia (prisca theologia) berreskuratzen jardun zuen bizitza osoan, kristautasunarekin bat zetorrela egiaztatzeko. Ororen jainkotiar kausaraino heltzen zen ezagutza zen, ezaguerak, etika eta errukia batzen zituen sapientia.

Prisca theologia-k erlijioa banakako arimaren jainkotasun eta hilezintasunari lotuta dagoelako egia ezarri zuen arrazoiz. Bere unibertsoaren deskribapenean, eskema tradizionalari eutsi zion: mundu fisikoa mugatua da eta zeruko mundu eta ilargiaren azpiko munduaren bi eskualdeetan hierarkizatuta dago. Errealitateak, aldiz, izatearen bost maila ditu:

  • Jainkoa.
  • Aingeruen adimena.
  • Arima arrazionala.
  • Ezaugarria.
  • Gorputza.

Florentzia, XVII. mendeko grabatu baten arabera.

Jainkoarengandik datorren eta arimak izakiaren edertasunaren aurrean sentitzen duen maitasunaren bidez beragana itzultzen den egitura dinamikoan nahasten dira.

  • Pietro Pomponazzi (1462 - 1525) Errenazimentuko aristotelismoaren adierazgarri nagusia izan zen. Bere ustez, gizakien arima ezin da hilezina izan, ezta gorputzetik bereizitako existentziarik izan ere. Ficinoren aurka, gizakiari helburu natural eskuraezina esleitu beharrean, bere existentzia mugatu eta mundutarraren mailan dagoen beste bat eman behar zaiola adierazi zuen: adimen praktikoaren hobezintasuna. Saria ez dago beste munduan, dohainean berean baizik.

Iparraldeko humanismoa eta Erreforma

Cusano eta Ficinok, esaterako, teologiaren erreformaren aldeko aipamen apalak adierazi zituzten eta krisiaren kontzientzia bazegoela islatzen hasi ziren. Aipamen horiekin bat egin zuten Rotterdameko Erasmok eta Martin Luterok.

  • Rotterdameko Erasmo

    Fraideen bizitza eta teologia eskolastikoaren aurka zegoela, Erasmok (1466 - 1536) benetako kristautasuna ezartzeko helburua hartu zuen. Bere ustez, Kristoren irakaskuntza arrazoiaren legearen (elkarrenganako maitasunaren legea) adierazpen ezinhobea izan zen, lengoaia apalean egina, gainera. Bere ideiak Enchiridion (1504) obran adierazita daude, bertan barneko erlijioa, Jainkoarekiko barne-barneko elkarrizketa eta Kristoren benetako imitazioa defendatzen zituela. Erabat bakezalea, edozein gerra motaren aurka zegoela adierazi zuen, gerra santua barne.

    Pelagio eta Luterok gizakien borondatearen askatasunari buruz zituzten muturreko ikusmoldeen aurrean, Erasmo gizakien askatasuna eta erantzukizuna eta Jainkoaren bidezko esku-hartzea bateratzen dakien irtenbide moderatuaren aldekoa zen. Jainkotiar epaiak eta sariak bakarrik dute zentzua, gizakia librea eta bere ekintzen erantzulea bada.

  • Lutero

    Martin Luterok (1483 - 1546) teologia eskolastikoa baztertu eta Erreformaren abiaburutzat fedearen bidezko justifikazioaren doktrina hartu zuen. Doktrina horren arabera, gizakien obrek ez dute merezimendu handiko baliorik. Gizakiak ezin du berez jainkotiar legea bete eta justu bihurtu. Era berean, ezin du lortu Jainkoak errugabetzea txarto jokatu duenean, ez bere borondatez, ezta obra onak eginez ere. Jainkoaren dohainak eta fedeak baino ez dute lortzen horrelakorik. Fedeak bidegabeko gizakia zuzen izendatzen du. Justizia pasibo hori Jainkoaren eskuzabaltasunaren ekintza da, gizakiarengan dagoen bekatua kontuan hartzeari uko egiten diola.

    Luteroren doktrina politikoa San Agustinen (7. gaia ikusi) bi hiriren ikuspuntuan oinarritu zen. Luterok bi erreinu ezberdindu zituen:

    • Jainkoaren erreinua: santu eta justuen komunitatea, Kristoren agintaritza eta Eskrituren mendean baino ez dagoena
    • Munduaren erreinua: fedegabeen aldi baterako erreinua da, Jainkoak bekatuaren ondoren ezarritako agintaritza sekularraren mendean dagoena, onak gaiztoengandik babesteko.

    Erasmoren bakezaletasunaren aurrean, Luterok kristauak gaitzari aurre egin, armak hartu eta gerra gauzatzeko aukera arrazoitu zuen. Hala ere, gerra hori ez du egingo bere interes propioagatik, hurkoekiko maitasunagatik baizik, onak defendatzeko eta kristauak ez direnek gaitza burutzea saihesteko.

Cusa-ko Nicolás-en

Rotterdameko Erasmo , Alberto Dureroren grabatua.

Martin Lutero , Lucas Cranachen olio-pintura.

«Herrialde guztietan biztanleak daude eta ondorioz, zeruko zein izarretako lekuak ez daude hutsik. Antza, lur hau ez da gauza txikiek hartzen duten bakarra.»

Docta ignorantia II, 11 eta 12.