FILOSOFIA

Errealismo politikoa eta utopia

Errenazimentuko eremu moralean eta politikoan, Makiavelok, Morok eta Montaignek orainaldiaren esperientzia dramatikoaren balantze kritikoa egin eta pentsamenduaren era berriak sortu zituzten: politikaren errealitate errukigabea, utopiaren amets morala, dogmatismoaren aurreko askatasunaren bila zihoan banakoaren analisia eta behaketa.

Europako gizartea

XV. eta XVI. mendeen artean, Europako gizarteak harrigarrizko bilakaera izan zuen, hiru gertaera garrantzitsu hauek sortua:

  • Mundu Berriaren aurkikunde geografikoak.
  • Estatu nazionalak (Frantzia, Espainia, Ingalaterra) agertzea, zabalera handikoak eta burujabe bakar baten esku boterea uzten zutenak.
  • Erreforma protestantea, mendebaldeko kristauteria eta gizarte zibila banatzen zituena.

XV. eta XVI. mendeen arteko Estatuaren eta giza-antolaketaren hiru kontzepziorik garrantzitsuenak ondoko hauek ziren:

  • Makiavelori lotutako errealismo politikoa: etika kristaua eta politikoa banatzea proposatu zuen.
  • Utopismoa: Tomás Morori zegokiona, printzipio arrazionaletatik eta erlijiosoetatik gizartea erro-errotik aldatzea proposatzen zuen.
  • Eszeptizismoa: Montaignek defendatua, arrazoi dogmatikoa eta balore absolutuak kritikatzen zituen.

Makiavelo. Politikaren kontzepzio enpirikoa

Florentziako errepublikaren idazkaria izan zen, Médici-ak itzuli ziren arte, bizitza publikotik bota egin zutenak. Erretiroan, Makiavelok (1469-1527) Printzea idatzi zuen, Estatuaren jatorri eta mantentzearen deskripzio errealista eta egiatia ematen zuen tratatu politikoa. Horren helburua Italiaren eta Florentziaren porrot politiko-militarraren arrazoiak azaltzea zen, baita birsortze politikoa egiteko bidea ematea ere. Makiavelo hil egin ondoren argitaratu zen liburua, eta Clemente VIII. Aita Santuak kondenatu egin zuen. Makiaveloren kontzepzio politikoa puntu hauetan oinarritzen zen

  • Platonek eta Aristotelesek proposatutako ereduei eta teoria abstraktuei uko egitea.
  • Erromaren historiaren legatu politikoa berreskuratzea eta eguneratzea.
  • Errealitatearen ikerketa enpirikoa egitea, ilusiorik edo engainurik gabe.
  • Gizakiaren kontzepzio pesimista: gizakia handinahikeria, pasio eta desio asegaitzengatik jarduten da.
  • Politika eta etika banaturik egotea.
  • Estatuaren arrazoia: bizikidetasuna bermatzeko, herriaren segurtatzeak eta zaintzeak lehentasun osoa zuten.

Bizikidetasuna segurtatzea eta zaintzea lortzen zen puntu hauei esker:

  • Zuhurtasun politikoa: etorkizuneko egoerak aurreikusteko gaitasuna, aukera-zentzua eta patuaren joan-etorrien aurrean beharra onartzea eskatzen zituena.
  • Birtutea: printzearen indarra, azkartasuna eta ausardia, ustelkeriarik gabeko estatuko ordena ezartzeko.
  • Armada: segurtasunak biztanleek osatutako armadak bermatua izan behar du.

Tomás Moro. Beste gizarte bat

Legelaria, Estatu-gizona eta Rotterdam-eko Erasmo-ren laguna, Tomás Mororen (1480-1535) obrarik garrantzitsuenak, Utopia (1516an argitaratuta), Humanismo kristauaren eskakizunak eta epikureismo eta estoizismoarenak lotzen zituen. Utopia (inon ere ez ) liburuak gizarte garaikidea, Ingalaterrakoa bereziki, kritikatzen zuen.

  • Biztanleriaren talde askoren pobretasuna salatu zuen.
  • Gudek sortzen zituzten boterearen batasuna eta estatuaren espantsionismoa zentsuratu zituen.

Morok proposatutako antolaketa sozialaren eta politikoaren eredua, aurkitutako gizarte aborigenetan oinarritzen zen, eta ondoko ezaugarri hauek zituen:

  • Gizarte zuzen, anaikor, berdintzaile eta jasanbera da.
  • Dirurik eta jabetza pribaturik gabekoa.
  • Lana derrigorrezkoa guztiontzat.
  • Karguak hautatuak.
  • Heziketa unibertsala.

Tomas Mororen familia, Rowland Lockey, 1593.

Montaigneren kontserbadorismoa

Montaigne-k (1533-1592) ikuspuntu berri bat ordezkatu zuen Errenazimenduan. Saiakerak liburuan gogoeta askean eta subjektiboan oinarritutako generoa sortu zuen. Humanismotik abiatuta, antzinako eszeptizismoaren eragina (Pirrón eta Sexto Empírico) hartu zuen, gizakiaren jakintza mugatzeko eta balore moral absolutuak dituen sistemak kritikatzeko. Tradizio erlijiosoari lotura ez dogmatikoaren alde zegoen, baita berritasunetatik urrundutako kontserbadorismoaren ere.

Montaigneren erlatibismo kulturala eraso bikoitz honetan ikus zitekeen:

  • Etnozentrismoari egindakoan.
  • Antropozentrismoari egindakoan.

Animaliaren gaitasuna eta bikaintasuna defendatzen zituen bitartean, gizakiaren eta bere duintasunaren irudi bat eman zuen bi urrats hauen bidez:

  • Jokaera publikoak kontzientzia unibertsalak sortutako ohituraren menpe egon behar zuen.
  • Barruko bizitzak aurreiritzirik gabeko berezko nortasuna osatzen zuen.

Gizakiaren duintasuna, beraz, ohituraren menpe egotean eta arrazoiaren judizio kritikoa mantentzean zetzan, berezko ni askearen sortzeko nahian.

Erlijioa Makiaveloren iritziz

Makiaveloren aburuz, erlijioa botere politikoaren tresna zen, zentzumen erlijiosoa gizalegezko balio-talde bihurtu zuena. Erlijioa ona edo txarra izango zen, erabilgarria edo egokia zen neurrian. Estatuak edo printzeak hautsi ahal zuen, egoera politikoak behar zuen bakoitzean.

 

Montaigneren hiztegia

Etnozentrismoa:
nork bere arrazaren edo herriaren nagusitasunean sinestea.

Antropozentrismoa:
gizakia sorkuntzaren gaineko nagusitasunean sinestea.