Ilustrazio frantsesa (I)
Aurrekariak: La Enciclopedia
Entziklopedia zenbait intelektualek egindako lanaren emaitza da. Giza jakinduria guztia lan handi bakarrean biltzea zen intelektual horien helburua. Hogeita hamabost liburukiz osatutako lana da, irudi eta adibide grafiko ugariz hornitua.
1751. urtean ekin zioten Entziklopedia argitaratzeari eta 1780. urtean amaitu zuten. Garaiko pentsalari frantses nagusiek hartu zuten parte, Diderot eta D'Alemberten zuzendaritzapean. Entziklopedia erredaktatzen aritu zirenek gizartearen berrikuntza eta garapenaren gidari bilakatzea zuten helburu.
Bigarren liburukia kaleratu zutenean Entziklopedia argitaratzea galarazi zuten, izaera liberala zuelako. Lanaren gainerako atalak isilpean egin eta banatu zituzten.
Hauek dira Entziklopediak biltzen dituen atalak:- Atariko hitzaldia, zientziaren teoriari eta Berpizkundetik abiatuta giza espirituaren garapenaren historiari eskainia.
- Zientziei buruzko atal bat, matematika, geometria eta ezagupen filosofikoak jasotzen zituena.
- Arteen eta ofizioen atal bat; lanari eta erabilgarritasunari, ahaleginari eta eroapenari gorazarre egin zioten sail horretan.
1751ko Entziklopedia liburuaren portada.
Voltaire
Ilustrazioko filosofo garrantzitsuenaren lanen artean asko dira aipagarriak, Eskutitz ingelesak, Candido eta Hiztegi filosofikoa besteak beste. Historiaren ikuspuntutik Voltaire izan zen Ilustrazioaren aitzindaria Frantzian. 1734. urtea izan zen abiapuntua, urte horretan argitaratu baitzituen Eskutitz ingelesak, Auzitegiek berehala gaitzetsi zituzten eskutitz horiek, erlijio, gizarte eta politika arloetako lasaikeria sustatzen zutela eta. Eskutitz horietan gizarte ingelesarekiko interesa erakutsi zuen Voltairek, herrialde horren bizimoduagatik batez ere, frantsesa baino askoz aurreratuagotzat baitzeukan.
Erlijioaren, politikaren eta merkataritzaren inguruko gaiak landu zituen lan horretan eta Voltairek argi adierazi zuen zientzia, egiaren ezagutza, espiritu libre eta tolerantearen oinarria dela. Voltaireren iritziz gizarte osoan ezarri behar zen zientzia. Eztabaida metafisiko oro gainditzea proposatu zuen, ideia sinpleenetatik abiatuta aurrera egiteko.
Pentsamendu filosofikoa
Oro har, ondoko hauek dira Voltaireren pentsamoldearen oinarriak:
- Eszeptizismo sakona; zientzia espekulatzailearen gaiak gaitzetsi zituen batez ere. Ildo horretan, Voltaireren filosofiak jardun intelektual hutsari baino, gizartea hobetzeko ezagupen berriak praktikan jartzeari eman zion garrantzia.
- Zientzia teorikoaren aurrean, Esperimentazioaren nagusitasuna berretsi zuen. Bereziki nabarmendu zituen Arrazionalismoaren garaiko eztabaida matematiko eta geometrikoak.
- Garapenaren erabilgarritasuna aitortu zuen, bai eta gizartearen ongizatea lortzeko teknikaren garrantzia ere, alderdi materialetan ez ezik, baita beharrizan espiritualetan ere.
Pentsamendu politikoa
Voltairek politikaren eremuan egin zituen ekarpen garrantzitsuenetako batzuk. Guztiz beharrezko irizten zion beste hainbat gauzen artean herriaren askatasuna eta ongizatea bermatuko zituen gizartearen erreforma sakonari.
Ildo horretan, Voltaireek mirespena zion gizarte ingelesari. Izan ere, Frantziako Absolutismo nagusiaren aurrean, Ingalaterran sistema parlamentarioa zegoen indarrean garai hartan.
Ondoko hauek dira Voltairek egindako proposamen garrantzitsuenak:- Erregearen boterea mugatuko duen sistema parlamentarioa eraikitzea.
- Zerga-sistema arrazionala ezartzea, herritarrak porrotera eramango ez dituena.
- Askatasun ekonomikoa eta lanaren balioa aitortzea.
Voltaire
D'’Alembert
D’Alembert (1717-1783),
frantses filosofoa, Ilustrazioko ordezkarien artean gailendu zena. Entziklopediaren argitaratzaileetako bat izan zen eta berak idatzi zituen atariko Hitzak. Bere filosofia eta zientzia-lanen artean aipagarriak dira Dinamikari buruzko tratatua eta Ekinozioei buruzko ikerketak.
François Marie Arouet, Voltaire
François Marie Arouet, Voltaire (1694-1778), saiogile, dramaturgo, historialari eta filosofoa. Lockeren lanaren eragin handia jaso zuen, bai eta pentsamendu liberal ingelesarena ere. Tolerantziaren, deismoaren eta dogmatismoarekiko kritikaren defendatzaile sutsua izan zen. Erbesteratuta eta kartzelan egon zen bere pentsamoldearengatik.
