Ilustrazio frantsesa (II)
Rousseauren pentsamenduaren oinarriak
Jean-Jacques Rousseauren planteamendu filosofiko berria aurreko garaietatik jasotako kultura-tradizioarekiko hausturatik abiatzen da. Ildo horretan, aipagarriak dira ondorengo alderdiak:
- Tradiziozko zientzia kritikatu zuen, eta garaiko gizartearen gaitzak sustatzen zituela leporatu. Rousseauren arabera, Descartes-engandik jasotako metodo zientifikoa ez zen aski mundua azaldu eta munduko arazoak konpontzeko.
- Harrotasuna eta handikeria gaitzetsi zituen. Rousseauren ustez, guztientzako ongia ez, ospe eta loria propioa lortzea baino ez zen pentsalari, artista eta zientzialari gehienen nahia.
- Antzinako munduaren idealizazioa. Rousseauk antzinako herrialdeen bertute xume eta doiak miretsi zituen, hala nola, Errepublika garaiko Erroma, Pertsia eta Esparta ezaugarritzen zituen abertzaletasuna eta zintzotasuna.
Gizakia Rousseauren lanean
Rousseauk gizakiaren berezko ontasuna aitortu zuen, egoera naturalean dagoenean. Egoera natural hori ideala da, eta gizakiak, basati eta askea izanik, modu on eta bihozberan jarduten du orduan. Lehia, lan banaketa eta jabetza pribatua ezaugarri dituen gizarteak bihurtzen du gizakia oldarkor eta insolidario.
Laburbilduz, ondoko hauek dira Rousseauk gizartearen gainean dituen usteak:
- Gizakiaren berezko espiritua suntsitzen du, gizakia berez onbera baita.
- Gizarteko lehiakortasunak arazoak areagotzen dituzten desberdintasun garrantzitsuak eragiten ditu.
Rousseaurentzat hezkuntza da irtenbidea, zibilizazioaren gaitzei aurre egiteko sendabidea. Hortaz, hezkuntzaren helburuak txarkeria erauzi eta sentimendu onak garatzea behar du izan. Hezitzailearen lana eta gizartearen urruntasuna funtsezkoak dira gizakia prestatzeko fase horretan.
Kontratu soziala
Kontratu soziala da seguru aski Rousseauren lanik ezagunena. Lan horretan Estatuak antolatzeko modu ideala azaltzen du, gizakiaren zoriona ziurtatzeko jatorrizko xalotasunera itzulita. Gizaki guztien artean ezarritako «hitzarmena» da giltza, eta horri esker modu askean elkartzen dira.
Gizarte-hitzarmen horrek elkarbizitza bideratzeko guztiek bete behar duten legea ziurtatzen du, bai eta askatasunen sistema bateratua mantentzea ere. Komunitate politikoa eratzea da prozesu horren emaitza, eta gizakiak transformazio bikoitza jasango du prozesu horretan:
- Hiritar bihurtuko da (bizimodu politikoan parte hartuko du).
- Legeei men egingo die.
Rousseauk hiru askatasun-mota bereizi zituen.
- Berezko askatasuna: askonahiak, nahierak eta interesak gidatutako gizarte-hitzarmenean sartu aurretik gizakiak duen askatasuna.
- Askatasun zibila: Kontratu sozialaren bitartez norberak egindako ekarpenetik sortutako Estatuak emandako askatasuna. Askatasun zibilak Estatu horrek berak emandako legea du arau.
- Askatasun morala: Estatua osatzetik sortutako legea borondatez betetzeko xedapena da. Askatasun honen arabera egokiago da hitzarmenarekin bat etortzea norberaren nahiari eta interes berekoi eta apetatsuei jarraitzea baino.
Rousseauren helburua askatasuna (autogobernu gisa) eta nahi orokorra elkartzea da.
Aitzitik, nahi orokorra eta guztien nahia bereizi behar dira. Nahi orokorra hitzarmenaren ondoriozko taldeak ordezkatutako nahia da, guztien ongiari baino begiratzen ez diona. Guztien nahia, ordea, norbanako guztien nahien batasuna da, guztien ongiaren kontrakoa gehienetan. Ideal horren azpian dagoen antolamendu politikoa demokrazia da, hitzarmenaren eta legeen balore sakratua sustatzen dituen erlijio zibilak indartuta.
Diderot
Bizitza betea eta materiala zen Dideroti gehien interesatzen zitzaion fenomenoa, haren historian, belaunaldian, iraupenean eta suntsipenean zegoena.
Filosofia esperimentala zientzia demokratiko bat garatzeko benetako alorra zen, gauza zehatzak behatu eta horiekin esperimentatzea baino ez duelako behar, eta gizaki guztiengan zehatza dena lantzeko jakin-mina dagoelako. Gogoeta egiteko modu horrek, matematikek ez bezala, herritarrengana hurbiltzen du filosofia eta espiritu ireki, ikusnahi eta ausartarekin indartu egiten da.
Presondegiko Epaitegia 1792ko iraileko sarraskiaren garaian, Lesueurren olioa.
Jean-Jacques Rousseau
Jean-Jacques Rousseau (1712-1778), Genevan jaio zen filosofo, saiogile eta frantses politikaria. Kalbinismoak eta Plutarkoren lanek eraginda, frantses ilustrazioko filosofo gailenena izan zen Voltaire-rekin batera. Artikulu ugari idatzi zituen La Entziklopediarako, Erromantizismoaren zenbait alderdi sustatzen dituen ikuspegi filosofiko ilustratuaren barnean. Hauek dira filosofoaren lanik garrantzitsuenak: Kontratu soziala, Emilio eta Gizakien arteko desberdintasunaren jatorria.
Denis Diderot
Denis Diderot (1713- 1784), saiogile, filosofo eta La Enciclopedia-ko argitaratzailea. Locke eta Condillac-en eragina izan zuen bere filosofian. Enpirismoa, materialismoa eta espekulazio metafisikoekiko kontrakotasuna ditu ezaugarri. Hil aurretik argitaratu zituen lanen artean daude: Merituari eta bertuteari buruzko saioa, Idazki filosofikoak eta Naturaren interpretazioaz.
