Kant (I)
Arrazoimena eta bere interes nagusiak
Kanten helburu nagusia giza egoeraren ezaugarri bereizgarria, arrazoimena, aztertzea da, eta, era berean, arrazoimenak bizitzako alor guztietan betetzen duen funtzioa. Alor horiek guztiak Kantek arrazoimenaren interes nagusiak izena eman zien. Interes horiek hiru galderatan laburbiltzen dira:
- Zer ezagutu dezaket? Naturaren ezagutza zientifikoa ahalbidetzen duten printzipioei buruzkoa da galdera hau.
- Zer egin behar dut? Gizakia izaki arrazional den heinean egiten dituen ekintzak determinatzen dituzten printzipioei eta baldintzei buruz egiten du galde.
- Zer espero dezaket? Gure egitekoa bete dugunean espero izatea baimentzen zaigun horri buruzkoa da galdera hau.
Ondoren, Kantek esaldi edo galdera bakar batean laburtu zituen aurreko hiru galdera horiek: Zer da gizakia? Kanten ustez, gizakia izaki arrazionala, morala eta itxaropenez betea da.
Arrazoimen teorikoa
Kantek ezagutzarako arrazoimenaren ahalbideari buruz egin zuen ikerketa arrazionalismoaren eta enpirismoaren arteko urruntasunak. Urruntze horri biraketa kopernikarra esaten zaio: objektuen ezaugarriak behatzailearen izaerak determinatzen ditu.
Ezagutzaren bi iturriak honako hauek dira:
- Sentikortasuna: bere bidez emanak zaizkigu objektuak.
- Ulermena: bere bidez objektuak pentsatuak dira. Ulermenari esker, sentipenezko esperientzia ordenan jarri eta sailka dezakegu, horrela ezagutzaren objektu bihurtzeko.
Arrazoimenak ezagutza eskuratzeko jarraitzen duen prozesua intuizioetan hasten da, ondoren kontzeptuetatik pasatu eta azkenean ideietan amaitzen da.
- Intuizioak: barne edo kanpo sentikortasunaren a priori erako formak dira; sentipenezko errealitatea jasotzeko moduak dira, eta, berau baino lehenagokoak direnez gero, ezagutzea ahalbidetzen dute. Espazioa eta denbora esperientziaren aurreko baldintzak dira, beharrezkoak eta unibertsalak, ez baitago ezer ezagutzerik baldintza horiek gabe.
- Kontzeptuak: ez dira esperientziatik etortzen. Beren jatorria ulermena da eta esperientziari aplikatzen zaizkio. Kontzeptuak esperientziatik independenteak dira, baina berauek bakarrik ematen digute aukera esperientziari zentzua emateko, antzematen ditugun objektuekin izaten dituzten harremanez jabetzerakoan. Kontzeptuek edo mailek sentipenezko errealitatea gure ezagutzaren helburu bihurtzeko beharrezkoa den kontzeptu aparatua osatzen dute. Lau kontzeptu edo kategoria nagusiak kantitatea, kalitatea, harremana eta modalitatea dira.
- Ideiak: esperientziatik bakartu ez daitezkeen eta esperientzian bertan aplikaziorik ez duten kontzeptu nagusiak dira. Sentipenezko pertzepziotik urrun dauden nozioak dira. Ideia hauen adibideak arimaren betierekotasuna, Jaungoikoa eta askatasuna dira.
Judizioen sailkapena
Ulermenaren zeregin nagusia intuizioen eta kontzeptuen sintesia eginez judizioak osatzea da. Jatorria, sentikortasuna eta ulermena determinatu eta gero, egiten ditugun judizioen baliagarritasuna zertan datzan aztertu beharra dago.
Kantek bereizketa bikoitza egiten du, eta, azkenean, naturaren ezagutza zein judiziotan oinarritzen den planteatzeko garaian, horiek a priori-zko judizio sintetikoak direla eransten du. Judizioak sailkatzeko garaian, hona hemen Kantek proposatu zuen banaketa:
- A priori-zko judizioak: egiatasuna esperientziatik independentea dutenak dira (Osotasuna zatiak baino handiagoa da).
- A posteriori-zko judizioak: egiatasuna ohiko behaketan oinarrituta dutenak dira (Katua sofan dago).
- Judizio analitikoak: predikatua subjektuan bilduta dutenak dira (Zirkulua biribila da.
- Judizio sintetikoak: predikatua subjektuan bilduta ez dutenak dira (M. Jordan 2,1 metro da).
- A priori-zko judizio sintetikoak: informazioaren mundua eman, baina beren egiatasuna unibertsala eta beharrezkoa dutenak dira. Adibiderik onena kasualitatearen printzipioa da: aldaketa oro kausa eta efektuaren arteko loturaren legearekin bat etorriz gertatu ohi da. Kanten arabera, ez da analitikoa, aldaketaren kontzeptuak ez baitakar berarekin zerbait arrazoimenen batengatik gertatzearen nozioa; eta a priori-zkoa da, proposizio unibertsala eta nahitaez egiazkoa delako, eta giza arrazoimenaren bidez froga daiteke.
Arrazoimen teorikoaren mugak
Ezagutzaren mugak eta berau ahalbidetzen duten baldintzak determinatu eta gero, Kantek beste kontzeptu bati ere heldu zion: eldarnioak edo arrazoimenaren ilusioak. Hauen jatorria, kategoriak sentipenezko esperientziaren eremutik harago ezartzera eramaten duten bulkadak dira.
Fenomenozko errealitatea gainditzen duen edozein saiakerak paralogismoak (inferentzia ez zuzenak), antinomiak (kontradikzioak) eta sofismak ekarriko dizkigu. Eldarnio hauen adibideak ideia transzendentalak dira: arima, mundua eta Jaungoikoa.
Kantek argudiatzen du arrazoimen teorikoaren bidez ezin dela frogatu metafisikaren ohiko ezein printzipio: ez arimaren betierekotasuna, psikologiak defendatzen duen moduan; ez munduaren izaera osotasun gisa, ez Jaungoiko baten izatea, teologiak defendatzen duen moduan. Ideia horiei Kantek funtzio bereizlea ematen die eta erabilera arautzailea dutela adierazten du: ezein objektutan pentsatzeko balio ez badute ere, subjektuaren eta munduaren ikuspegi bateratuagoa izateko aukera ematen digute.
Jainkoari dagokionean, berriz, Kantek argumentu ontologikoa, kosmologikoa eta fisiko-teologikoa kritikatu egiten ditu, baina arrazoimen hutsaren ideal bat dela baieztatzen du. Izan ere, natura izaki adimentsu batek egina balitz bezala irudikatuta, munduan agintzen duten legeen ikerketara iristen gara.Immanuel Kant
Immanuel Kant. 1724. urtean jaio zen Königsberg-en, Prusian, eta sekula ez zen bere sorterritik joan; bertan, unibertsitatean, logika eta metafisika irakasle jardun zuen. Bizitza osoa eman zuen filosofiaren ikerketan eta lanketan eta bere bizitza osoan amerikar eta frantses iraultzen printzipio eta idealen defendatzaile sutsua izan zen. Idatzi zituen libururik garrantzitsuenak bere bizitza filosofikoaren bigarren aldiari dagozkio: Arrazoimen hutsaren kritika, Arrazoi praktikoaren kritika eta Judizioaren kritika izan ziren. 1804. urtean hil zen.
Ezagutzaren osagaiak
Kanten arabera, ezagutza hainbat elementuk osatzen dute:
· Denbora.
· Espazioa.
· Imajinazioa eta kontzeptua.
· Kategoriak (sustantzia, harremana, kausa-efektua).