FILOSOFIA

Kant (II)

Kantek, sentipenezko errealitatearen ezagutza ahalbidetzen duten baldintzak aztertu eta gero, bere ikerketa eremua filosofia praktikoaren eta gogoeta estetikoaren eremura zabaldu zuen. Gizakiaren bizitza arrazionalaren beste bi arloak dira eta arrazoimenaren eraikin handiari buru ematen diote.

Borondatea

Ekintza baten balio morala determinatzeko garaian, Kantek adierazten du erabakigarria ez dela bilatzen den helburua edo lortzen diren emaitzak, ekintza bakoitzaren atzean dagoen arrazoia baizik, eta berau borondateak zehaztua da.

Moral aldetik ekintza bat zentzu estuan ona da, borondateak, jokatzeko arrazoi moduan, jokatu behar den bezala jokatzeko betebeharra bakarrik onartzen duenean. Hau da, arrazoimena printzipio unibertsalen moduan determinatuta dagoenean. Eta ez da, edo neurri batean ez behintzat, arrazoimenaren kanpoko osagaiek determinatzen dutenean, adibidez: sentimenduak, joerak edo beste eragile kontingente batzuk.

Inperatiboak

Agindu moralak inperatiboen moduan datoz emanak; inperatiboak hipotetikoak edo kategorikoak izan daitezke.

  • Inperatibo hipotetikoek helburu bat lortzen laguntzen duten neurrian onak diren ekintzak gauzatzeko balio dute.
  • Inperatibo kategorikoak baldintzarik gabeak dira eta ekintza bat bere baitan preskribitzen dute. Gizakiek, arrazionalak diren neurrian, ezinbestean bete behar dituzte.

Inperatibo kategorikoen agindu moralek gizakiaren autonomiari eta duintasunari errespetua izatea exijitzen dute, eta askatasuna da azken batean balore morala duten ekintzak posible izatea bideratzen duen baldintza.

Bi formulazio nagusiak honako hauek dira:

  • Norberak jokatu behar du, bere ekintzak determinatzeko aukeratuko duen printzipioa lege unibertsal bihur dadin.
  • Norberak jokatu behar du, beti eta uneoro, gizakia -nork bere buruarekin zein beste edozein pertsonarekin- helburu moduan hartzeko, eta sekula ez bitarteko hutsa balitz bezala.
 

Arrazoimen hutsaren kritika lanaren azala, 1794. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Zoriona

Xede unibertsala bada ere, zoriona ezin da bihurtu ekintza moralen printzipio determinagarri. Gizaki guztiek ez dute zoriona modu berean ulertzen.

Zoriona noiz iritsiko zain egoteko modu bakarra egin behar den guztia egin izana da. Giza desioen (zoriona) eta lege moralaren (beharra, egin beharrekoa) artean bakeak egiteak edo errekontziliatzeak Jaungoikoagan dauka, bere bermerik onena ez ezik, baita bere adierazpiderik onena ere.

Politika

Kanten kontzepzio politikoa Frantses Iraultzaren idealekin konprometiturik dago eta Rousseau-ren filosofiaren eragina dauka.

Rousseauri jarraiki, autoritate politikoa borondate orokorrean eta kontratu sozialaren ideia arautzailean oinarritzen dela dio. Estatuak hiritar guztien askatasuna, berdintasuna eta duintasuna bermatu behar ditu. Denen askatasunarekin bateragarriak ez diren ekintzak gerta ez daitezen hertsadura erabiltzea moral aldetik onargarria da askatasunaren beraren aurkako eragozpenak baztertzeko.

Beste kontraktualista batzuek bezala, Kant, helburua lortzeko helburupean, Estatu demokratiko eta liberal baten ezaugarriak beste guztiei hedatzearen aldekoa da.

Horretarako baina, jarraian aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

  • Estatu guztiek oinarrizko eskubideak bermatuko dituen konstituzio errepublikanoa edukitzea.
  • Estatu konfederatu batean oinarritutako batasun baketsua ekartzea.
  • Munduko hiritartasun mugatuko eskubidea onartua izatea.

Estetika

Kantek idatzi zuen Judizioaren kritika izeneko liburuan judizio estetikoaren oinarriak ezarri zituen, judizio zientifiko eta moralaren artean ezberdintzeko.

  • Judizio estetikoak edo gustuarenak ez daude oinarrituta esperientzia atseginek edo desatseginek sortarazten dituzten sentsazio indibidualetan bakarrik. Judizio estetikoek sen onean oinarrituta dagoen balio unibertsalerako asmoa biltzen dute beren baitan: zer edo zer ederra dela jabetzeko gaitasuna, ikuste hutsarekin interes gabeko asetasuna lortuta, helburuaren formari dagokio. "Edertasuna objektu baten helburuaren forma bat da, berez edertasuna bera helburu izan gabe nabaritzen den neurrian".

    Kantek edertasunak sortarazten duen plazer estetikoa sublimetasunarekin osatzen du: mugagabea den ze bati dagokio, gure gaitasun guztiak gainditzen ditu eta osotasunaren ideiarekin batera doa.

  • Judizioaren kritika lanaren bigarren zatian, judizio estetikoaren eta judizio teologikoaren arteko harremanaz aritzen da. Helburuaren ideia edertasuna modu honetara definitzeko balio du: objektu eder batek ez du berez helburu bat, helburua da subjektuak objektu horretan proiektatzen duena. Helburu subjektiboa da, eta, hori dela medio, Kantek dio helbururik gabeko helburua dela. Baina bada beste helburu objektibo bat, naturari dagokiona, naturan eze ez baita alferrekoa edota mekanismo natural itsu bati lotua.

Helburuaren ideia hau beharrezkoa da fisikako legeak osatzeko, eta arautzaile den ideia honek naturaren interpretazioa judizioaren bidez egiteko gure ahaleginak indartzeko balio du.

Arrazoimen praktikoa

Kantek arrazoimenaren bi erabileraren artean bereizten du: erabilera teorikoa eta erabilera praktikoa. Bietan lehena Arrazoimen hutsaren kritika izeneko lanaren ikergai nagusia izan zen, eta, bertan ondorioztatzen zenez, arrazoimen mota honen helburua ezagutza teorikoaren a priori-zko printzipioak ekartzea da. Kantek arrazoimenaren erabilera praktikoa etikaz jarduten duten bi liburutan aztertzen du: Arrazoimen praktikoaren kritika eta Ohituren Metafisikaren oinarritzea..

Arrazoimenaren erabilera praktikoak helburu moduan borondatea determinatuko duten printzipioak ezartzea da. Arrazoimena praktikotzat jotzerakoan, Kantek frogatu egin nahi du ekintzak ezin direla bulkaden, desioen edo joeren bidez gidaturik egon. Izaki arrazional guztientzat baliagarriak diren printzipio edo lege orokorren bidez egon behar dute gidaturik.

 

Iraultzaren kontzepzioa arrazoimen kritikoan

Kantek tesietatik (gizakiaz, gizartearen kontratuzko kontzeptuaz, desberdintasunei aurre egoteko beharraz eta botere gehiegikeriaz) ondorengo mugimendu iraultzaileen oinarriak sortu ziren. Ildo honetatik, Kanten lanak haren garaiko proposamenik aurreratuenak ekarri zituela eta gaur egun ere indarrean daudela baieztatu daiteke.