Miguel Unamuno
- TEST: Egia edo gezurra?
- GURUTZEGRAMA
- LINK: Kanpo loturak (4)
- BIBLIO: Bibliografia (21)
Miguel Unamuno Bilbon jaio zen 1864an. Gaztetan euskaraz ikasi zuen eta hainbat artikulu argitaratu zituen Euskalerria aldizkarian. Jaioterrian batxilergoa ikasi ondoren, Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera. Hemeretzi urterekin lizentziatu zen eta urtebete geroago doktoretza lortu zuen Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca tesiarekin.
Bilbora itzuli zen institutuan latineko irakasle izateko. Bizkaiko Diputazioko euskarako katedrarako aurkeztu zen Sabino Arana eta Resurreccion Maria Azkuerekin batera, baina ez zuen postua lortu. Aldi batean katedratarako prestatzen aritu zen, baina ez zuen bere helburua lortu, harik eta, Italian eta Frantzian ibili ondoren, 1891ean Salamancako Unibertsitatean grekoko katedra lortu zuen arte. Garai honetan ideologia sozialistaren aldeko azaldu zen eta langileen Bilboko prentsan idatzi izan zuen.

Unamuno Salamancako Unibertsitateko errektore
1900. urtean Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten. Grekoko katedradun izateaz aparte, Latinaren eta Gaztelaniaren Filologia Konparatuko katedraren arduradun ere bazen. 1902an gobernuaren hezkuntza-gaietako aholkulari izendatu zuten eta 1914an errektore-kargua utzi zuen. Espainiako beste intelektual batzuekin batera Austria eta Italiako gerra-frontera bisitaldi bat egin zuen 1917an Italiako gobernuak gonbidatuta. Handik itzuli zenean Salamancako zinegotzi hautatua irten zen.
Primo de Riveraren diktadurak Fuerteventurara bidali zuen Unamuno
1921etik 1923ra Letra-Fakultateko errektoreorde eta dekano izan zen. Primo de Riveraren diktaduraren aurkako azaldu zen idatzi eta hitzalditan eta, horregatik, Fuerteventurako uhartera desterratu zuten.
Unamuno Fuerteventurako erbestealdian
Han hilabete batzuk bizi izan ondoren itsasontziz Frantziara ihes egin zuen. Parisen urtebete eta gehiago bizi izan zen eta gero Hendaian finkatu zen 1930ean Primo de Riveraren diktadura amaitu zen arte.
Honoris causa doktore izendatu zuten Oxforden eta Grenoblen eta Salamancan, berriz, bizitza osorako errektore
Grekoko katedra beste bati emana ziotenez, berari Espainieraren Historiakoa eman zioten. Errepublika sortu eta berehala Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten, Salamancatik Gorteetako diputatu irten zen eta Hezkuntza-Kontseiluko lehendakari izendatu zuten. 1934an jubilatu zenean, Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten bizitza osorako eta katedra bati bere izena jarri zioten. Grenoble eta Oxfordeko Unibertsitateek honoris causa doktore izendatu zuten.
Gerra garaian, bizitza osorako errektoretza kendu zioten frankistek zein errepublikarrek
Gerra hasi eta laster Errepublikak bizitza osorako errektore izendatzen zuen agindua baliogabetu egin zuen, baina Altxamendua gidatzen zuen Burgosko Defentsa-Juntak izendapena berretsi egin zion, handik hilabetera berriz kenduko bazion ere.
Bere semearen heriotzak gogor astindu zuen
Gaztarotik azaldu zuen gertaeren izaera existentziala azpimarratzeko joera. Bere semearen heriotzak bortizki astindu zuen eta pentsakera aldatzera bultzatu. Kristautasunera itzultzea esan nahi zuen aldaketa hark, baina ez fedearen oinarriak froga daitezkeela onartuz, heriotzaz haraindi bizitzeko egarriak eragindako garrasi baten antzera planteatuz baizik. Bere baitan gordinki bizi izan zituen adimenaren eta emozioaren edo sinesmenaren eta arrazoiaren arteko gatazkak. Berak zioenez, gizakiak berez duen hilezkortasun-gosea zapuztu egiten du etengabe arrazoiak eta fedeak bakarrik ase dezake. Tirabira honek etengabeko agonia bihurtzen du bizitza. Olerkari eta antzerkigile ona izan bazen ere, ezagunagoa da nobelagile eta saiakera-idazle bezala. Bere filosofiaren gailurra Del sentimiento tragico de la vida en los hombres y en los pueblos obran eskaini zuen.
Millan Astray-rekin izandako liskarra
1936. urteko urriaren 12an Hispanitatearen Eguna ospatzeko ekitaldia egin zuten Salamancako ospakizun-aretoan. Millan Astray metrailetaz armatutako legionario talde batek babestuta sartu zen. Hainbat hizlari "anti-Espainiari" buruzko topikoak ari zen esaten Unamunok, isilean, apunteak hartzen zituen bitartean. Orduan, Unamuno haserre zutitu zen eta gerraren aurkako hitzaldia hasi zen botatzen: "Kristautasunaren defentsarako nazioarteko gerraz hitz egin da hemen; nik ere beste batzuetan egin dut, baina ez, gurea gizalegearen kontrako gerra baino ez da (...) Irabaztea ez da sinestaraztea (...) Kataluinarrez eta euskaldunez "anti-Espainia" bezala hitz egin duzue (...) Hemen dago apezpikua, kataluniarra, ezagutu nahi ez duzuen kristau-ikasbidea irakasteko, eta nik, euskalduna naizen honek, bizitza osoa daramat zuek ez dakizuen espainiera irakasten..."
Millán Astray jenerala
Une horretan, Millan Astray-k hitz egiteko baimena garrasika eskatu zuen eta hau adierazi zuen: "Katalunia eta Euskal Herria nazioaren gorputzean dauden bi minbizi dira!" Orduan, Millan Astray isildu eta tente jarri zen Espainiaren aldeko garrasi artean. Ondoren, jendeak isildu eta Unamunorengana zuzendu zituen begiradak eta Millan Astray-ren hitzak heriotzaren aldekoak iruditu zitzaizkiola esan ostean, ondorengoa adierazi zuen: " (...) Millan jenerala elbarritu bat da (...) Cervantes ere elbarritua zen (...) Min ematen dit Millan jeneralak masa-psikologia diktatzea. Cervantesen handitasun espiritualik ez duen elbarri bat (...) bere inguruan elbarritu kopurua handitzen den heinean lasaitzen da. Orduan, Millanek, haserre, honakoa esan zuen: "Inteligentzia hil dadila". Ondoren, Unamunok aurreko argudioekin erantzun zion eta Millanek Unamunori Francoren emaztearen besoa heltzeko eskatu zion, eta horrela Unamunorekin izandako eztabaida ezbeharrik izan gabe amaitzea lortu zuen.
Unamuno, Arana eta Azkue lehiakide Euskal Katedrarako
1888an Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, Bilboko Institutuko Euskal Katedrarako deialdia egin zen. Garai hartan Resurreccion Maria Azkue Salamancan zegoen ikasten, laster abedetzekotan, Sabino Aranak, artean ez zekien euskaraz eta Unamuno, berriz, ordurako Filosofia eta Letretan doktore zen. Beste batzuen artean hirurak aurkeztu ziren lehiaketara. Unamunok eta Aranak eskaria soilik aurkeztu zuten, baina Azkuek prestatuak zituen ikasmaterial batzuk ere aurkeztu zituen eskariarekin batera. Epaimahaiak tituluen gainetik Azkue jatorrizko euskalduna izatea eta materialak aurkeztu izana balioetsi zituen eta berari eman zioten kargua
Euskal idazle onek hobe dute espainieraz idatzi
Unamunok 1901ean Arriagan egindako hitzaldi batean horixe zioen:
Euskaraz idazten duten idazle onei gaztelaniaz idaztera pasa daitezen gomendatuko nieke. Uste dut eman diezaiekedan aholkurik onena dela. Hau da, erantzun atsegingarriagoa jasoko dutela uste dut, garapenerako aukera gehiago hizkuntza askoz aberatsago, malguago, literarioagoan (...) Baina bego, euskaraz idatzi nahi dutela? Hainbeste idazle txar baitago euskaraz idazten duenik, hobe dela espainieraz egitea.
