FILOSOFIA

Hegel (I)

Hegel da pentsalari idealistetatik setatsuena eta burutsuena. Bere filosofi-proiektu handiak honako bi helburu hauek ditu: bere aurretik doazen sorkuntzak sistematizatzea, eta ezaguera eta giza-izaeraren dimentsio guztiak ulertzea posible egiten duen aparatu kontzeptual berria sortzea. Hegelen filosofiaren harrera erabakigarria izango da XIX. mende osoaren bilakaera ulertzeko.

Hegelen obraren gai nagusiak

  • Espiritua: etengabeko garapenean dagoen subjektuaren adierazpen eta ahalmenen multzoa, forma desberdinak hartzen dituena.
  • Dialektika: errealitatea eta ezaguera egituratzen dituen printzipioa. Aurkaritza-, bitartekotza- eta gainditze-erlazioak adierazten ditu, hauetatik gero osotasuna jazotzen delarik.
  • Historia: "arrazoiaren zuhurtasuna"-ri loturik dagoen prozesua da eta gizakien askatasunak Estatuan behin betiko burutu arte igarotzen dituen aldi desberdinak adierazten ditu.
  • Kristautasuna: hausnarketa-gai izan zen bere gaztaroko liburuetan. Erlijio kristauaren edukia benetako filosofiaren edukiarekin bat datorrela uste du.

Hegel gaztearen filosofia

Hegelek Espirituaren fenomenologia baino lehen idatzitako obra gehiena kristautasunari buruzko gogoeta zen, azken hau aldatzeko asmoarekin. Erlijio kristauaren helburua hau da: gizakiak bere izaeraren kontzientzia har dezala, kanpoko mundua izaki espiritual legez asetzen duen zerbait bihurtzeko.

Kristautasunaren aldiak, Hegelen arabera, hauek dira:

  • Sorreran kristautasunak positiboa eta kulturalki bateratzailea den irtenbidea eskaintzen du, eskola helenistikoen proposamenen aurrean.
  • Kristau-elkartea Eliza bihurtzeak aldaketa bat jasaten du, germaniarrek kristautasunarekin harremana dutenean.
  • Herri germaniarrek, maitasun-gai eta sineskizuneko errealitate ikusezina interpretatzeko, askatasun-printzipioan oinarritutako kristautasuna hartzen dute.
  • Herri germaniarren eta kristautasunaren sintesian espiritua aurkitzen da, honek ,era berean, bere baitan Jaungoikoa aurkitzen duelarik.

Espirituaren fenomenologia

Espiritua hautemangarria denaren eta kanpokoa denaren gaineko boterea da, ideala denari buruzko zentzua eratzea posible egiten duena. Gizakiak, espiritu legez, munduaz dakiena eta mundua izatea nahiko zuenaren arteko tentsioak ditu, izadiaren mundua eta mundu idealaren artekoak. Bereizketa hau da Hegelek Espiritu finitu deitzen duena.

Espirituak erabateko kontzientzia edo «ezaguera absolutu» batean bukatzen duten kontzientzia-forma desberdinak hartzen ditu, espirituaren autokontzientzia legez deskriba daitekeena. Espirituak idealaren eta errealitatearen arteko erabateko aurkaritza legezko kontzientzia hartzen ez duenean, horren emaitza kontzientzia dohakabe bat da.

Kontzientzia dohakabea

  • Kontzientzia dohakabeak mundu materialetik independentea, betierekoa eta espirituala izateko helburua du. Era berean, mundu fisiko eta hautemangarriaren partetzat ezagutzen da, oinazeak sortzen dizkiolarik. Honek gizabanakoa banatzen du, aurrez aurre ipintzen du bere buruarekin eta ona den oro Jaungoikoaren lana dela sinestarazi egiten dio.
  • Kontzientzia dohakabe batek ez du ulertzen Jaungoikoaren gaitasun espiritualak berez gizabanakoaren beraren gaitasunak direla.
  • Kontzientzia dohakabea, bere izaera bere eskueran ez dagoen leku batean proiektatzen duen eta benetako mundua mundu miserable bihurtzen duen kontzientzia alienatua da.

Ugazaba eta morroia

Hegelek kontzientzia dohakabearen forma desberdinak deskribatzen ditu honako figura hauetan adieraziak:

  • Estoikoa.
  • Monjea.
  • Arima ederra.
  • Herritar adeitsua.
  • Ugazaba.
  • Morroia.

Ugazaba-morroi erlazioan badago banakako bi kontzientziaren elementuen arteko bereizketa: nia antzematea eta askatasuna.

Banaketa ematen da ugazabak bere nortasuna eta askatasuna berarengan bakarrik antzematen dituenean, eta morroiak ugazabarengan bakarrik antzematen dituenean. Era honetan, bata eta bestea elkarrengan antzemateko benetako aukerari eta autokontzientziaren benetako garapenari uko egiten diote, egoera penagarri batean lur jota gelditzen direlarik.

Egoera hau gainditzea lortzen da morroia, lanak bere buruaren elementu bateratzaile gisa hartzen duen balioari esker, bere autokontzientziaz gero eta kontzienteagoa izatea egiten dion prozesuaren bidez.

Ondorioak

  • Espirituak bere burua behin betiko eta azken errealitate legez ezagutzen duenean, eta inorena eta kontrakoa zitzaion guztia bere zati dela ulertzen duenean, tentsio eta gatazkaz beteriko prozesu dialektikoak bere amaiera jotzen du. Bukaera hau ezaguera absolutua da.
  • Bukaera hau bat dator askatasun-egoerarekin, jada espiritua ez dutelako kanpoko indarrek kontrolatzen, eta munduari, antolatzeko asmoarekin, bere arrazionaltasun-printzipioa ezartzeko gai delako.
  • Espiritua azken errealitatea delako, autokontzientzia askatasun bihurtzen dela azaldu eta gero, garapen historikoaren, espirituaren eta arrazoiaren legeak lege berak direla ulertzen dugu, honek honako hau esatera eramaten duelarik: "Benetakoa den guztia arrazionala da eta arrazionala den guztia benetakoa da".
  • Askatasuna lortzen da errealitatea ezagutzen dugunean eta beraren aurka egiteari uzten diogunean.

Georg Wilhelm Friedrich Hegel

Georg Wilhelm Friedrich Hegel (1770-1831). Sttugarten jaio zen. Tubingako Seminarioan egon zen bitartean, Schelling eta Holderlin poetarekin batera, askatasunari dedikatutako zuhaitz bat landatu zuen, Frantses Iraultza zela eta. Filosofi irakasle izan zen Jena, Heidelberg eta Berlineko unibertsitateetan eta 1831 urteko kolera-izurrian hil zen.

Bera hil ondoren lagun talde batek bere obrak batu zituen hamazortzi liburukitan; gaur hogeita sei dira. Nabarmenenak eta eragin handiena dutenak hauek dira: Espirituaren fenomenologia, Logikaren zientzia, Filosofi zientzien entziklopedia eta Zuzenbidearen Filosofi-printzipioak.