Hegel (II)
Logika tradizionala eta hegeliar logika
Logika arrazoiketaren egitura eta printzipioez arduratzen den diziplina da. Hegelentzat, aldiz, logikak pentsamendua aztertzen du. Baina, bere ustez, ez dagoenez pentsamendutik independente den errealitate objektiborik, pentsamendua errealitate objektiboa baita, logika errealitateaz arduratu behar da. Baina, errealitate hau azken errealitatea da bere forma huts-garbian, gizakien buruetan, edo izaki finituetan, edo mundu naturalean hartzen dituen forma abstraktuetatik aldendua. Azken zentzu honetan, hegeliar logika logika tradizionalarekin ahaidetzen da.
Metodo dialektikoa
Dialektika historia, errealitatea eta ezaguera adierazteko eta ulertzeko modua da; aurkakoen arteko gatazka azaltzen duen prozesua da eta hiru momentutan antolatzen da: tesi, antitesi eta sintesia.
Horrela, historia hiru momentu hauen segida izango litzateke honako hauetan adierazirik:
- Gizarte grekoa, gizabanako-gizarte harmoniagatik (tesia).
- Banakako kontzientziaren sorrera Sokratesekin eta Erreformara arte (antitesia).
- Frantses Iraultzaren osteko garaia, harmonia eta banakako kontzientzia berriro elkartzen direlarik (sintesia).
Prozesu hau espirituan ematen da, bere helburua askatasunerako garapena delarik. Metodo dialektikoa ezagueran aplikatzearen emaitza, prozesu baten azalpena da, bertan honako hauek bereizten direlarik:
- Izatea, agertzen zaiguna, gainetik emana legez dago (tesia).
- Esentzia: kanpotik agerikoa denaren eta sakonago eta funtsezkoagoa denaren arteko antitesi bat dakar.
- Ideia absolutua: izatearen eta pentsatzearen arteko gatazka gainditzen da (sintesia).
Etika eta politika
Espirituak ere bere adierazpen dialektikoa du hiru momentutan: espiritu subjektiboa, espiritu objektiboa eta espiritu absolutua. Espiritu objektiboak espiritu subjektiboaren produkzioak hartzen ditu; hauen artean, etika eta politika.
Hegelek moraltasun eta etikotasun arteko bereizketa egiten du.
- Moraltasuna, bere ekintzen printzipio legez inolako kanpoko aginpiderik ezagutzen ez duen ongiaren nahimen subjektiboa da.
- Etikotasuna ongiaren errealizazio eta determinazio zehatza da instituzio sozial eta politikoen multzoaren barruan: familia, gizarte zibila eta Estatua.
Gizarte zibila
Gizabanakoaren eta Estatuaren arteko erdiko fasea da; Estatuaren hasierako fasetzat ere hartzen da.
Gizarte zibilak gizarte-beharrak betetzeko bidea ematen du eta gizarte-estamentuez osatuta dago:
- Nekazariak.
- Industrialariak.
- Funtzionarioak.
- Aukera askeko profesionalak.
Estamentu hauetako bakoitzean, gizabanakoak, lan-modu batera mugatzeko beharraren berri jakinik, esker ona eta duintasuna lor dezake gizarte zibileko kide legez.
Estatua
Estatuak Hegelen filosofia moral eta politikoan duen garrantzia bi puntutan bermatzen da:
- Estatuak espiritu objektiboaren adierazpenik hoberena osatzen du.
- Estatua askatasunaren benetako bermatzaile legez eratzen da.
Instantzia nagusia
Estatua, instantzia nagusi eta subirano legez, segurtasun eta egonkortasun soziala lortzeko, justiziaren benetako zentzuari bide emateko, eta gizakiak, bere beharrik premiazkoenak konpontzeko asmoz, ondare ekonomikoan parte hartzeko aukera izateko, arduraduna da.
Hegel, Estatua gizabanakoen borondate askearen produktu legez ulertzen duten ikuskera kontraktualista eta liberalengatik aldentzen da. Hegelentzat, Estatuaren partaide izatea ez da herritarrak hartzen duen erabakia. Berak nahi edo nahi ez, erabaki edo ez, gizabanakoaren egia Estatuaren partaide izateak mantentzen du; gizakia den oro, dio Hegelek, Estatuari zor dio.
Askatasunaren esparrua
Hegelek Estatua askatasunaren errealizazio eraginkorraren esparrutzat hartzen du. Askatasun subjektibo eta askatasun objektiboaren arteko kontrajartzea gainditzen deneko eremua.
Estatuak ez dio mugarik jartzen askatasunari, baizik eta bi zentzutan posible egiten du:
- Estatuak askatasun subjektibo handia ematen die pertsonei, gizartea antolatzeko beste edozein era historikok baino gehiago.
- Estatuaren kide diren instituzioek beren nahiak adierazteko eta kanporatzeko aukera ematen diete gizabanakoei, batzuen eta besteen arteko istiluak gerta ez daitezen.
Estatuak ere herritarrak politikoki eta afektiboki batzen dituen ideia adierazten du:
- Ikuspuntu politikotik, beren interes partikular eta askeak interes unibertsalekin bateratzeko aukera ematen dielako.
- Ikuspuntu afektibotik, Estatuak abertzaletasun-sentimendu bat irakasten duelako; eta desintegrazioa eragozten duen, osotasunaren partaide izatearen eta nortasunaren sentimendua sortzen duelako, Atenasko gizartean gertatu zen bezala.
Hegelen ikuskera historikoa
Hegelentzat, egiaren nozioak historiarekiko paraleloa den bidea jarraitzen du eta beraz, bilakaera du. Arrazoi honengatik iraganeko gertaerak ez dira gaur eguneko ikuskera baten arabera epaitu behar, anakronismotan jausteko arriskua dagoelako.
Familia Hegelen arabera
Etikotasunaren esparru naturala da. Familian gizakiak afektu eta konfiantza loturen bidez elkartuta daude. Familiaren baitan gizabanako izaten da ez norberagatik, baizik eta talde bateko kide izateagatik. Gizabanakoa ez da balio absolutu eta bereizitzat hartzen, ondasun mugatuetako komunitate baten partaidetzat baino.
