Positibismoa eta historizismoa
Comte eta positibismoa
Hiru aldien legeaComteren ustez, erreakzio eta iraultzaren jarrerak, garai hartako Europan lehian ari zirenak, hasierako bi aldiak ziren, giza espirituaren bilakaera historikoaren ikuspegitik, eta biak garaitu beharrekoak ziren hirugarren aldia etor zedin: aldi positiboa.
- Aldi teologikoa: bai mundua bera, bai ordena politikoa ere, Jainkoak sortuak dira; azalpen horri esker, gizakia gai zen mundua errealitate bateratu bat bezala ulertzeko.
- Aldi metafisikoa: naturaz gaindiko izakien ordez, bestelako indarrak azaltzen dira (izaki abstraktuak, ezkutuko indarrak, gauzen ezaugarriak).
- Aldi positiboa: gertaerak aztertu egiten dira, eta beraiek dira arrazoibidearen oinarria. Jakintza positiboa erabilgarria, benetakoa, zehatza eta lagungarria da, bere funtsa gertaerak baitira.
Comteren ustez, hiru aldien hurrenkera goian azaldutakoa da, aldaezina berez, eta gizakiak nahitaez aurkituko zituen bide horretan bere benetako arazoen konponbideak.
Zientzien sailkapena
Hauxe da zientzien artean ezartzen zuen hierarkia:
- Matematika.
- Astronomia.
- Fisikaren alorretako zientziak.
- Kimika.
- Biologia.
Aipatutako zientziei soziologia gehitu behar zaie, hots, gizarte alorreko gertaeren eta fenomenoen azterketa.
Positibismoa eta erlijioa
Comteren iritziz, jakintza positiboa ez da nahikoa gizartearen egonkortasuna eta antolakuntza ziurtatzeko, berarekin batera beharrezkoa baita gizarte-sentimendu multzo bat, gizakien arteko elkartze espirituala bideratuko lukeena: erlijioa da osagai hori, maitasun, ordena eta aurrerapenetan oinarritzen den erlijio positibo bat, altruismoa Comteren hitzetan.
Dilthey eta historizismoa
Dilthey-k zioenez, Alemaniako Ilustrazioaren idealak ezin ziren estalita geratu industria-munduaren sendotzeagatik. Haren ustez, Alemaniako historiaren, filosofiaren eta humanismoaren tradizioak izan behar zuen teknika eta ekonomiaren aldaketa-prozesuaren osagarria. Helburu horrekin bereizketa bat planteatzen zuen naturaren eta espirituaren inguruko zientzien artean.
- Naturaren zientziak: legeak ezagutu nahi dituzte; aztergai dituzten fenomenoak ez dira elkarri loturik agertzen, eta kausa-efektu erako erlazioak bilatu behar dira haien artean. Zientzia horiek osotasun ordenatu bat osatzen dute eta hipotesiak sortzen dituzte, geroak egiaztatu edo gezurtatuko dituenak. Betierekoak izan behar dute, errealitate iraunkorrak kontrolatu nahi dituztelako, hots, oso gutxi edo batere aldatzen ez diren egiturak.
Naturaren legeak ezagutzea lagungarria da ekonomiarentzat.
- Espirituaren zientziak: historian eredu diren gizabanakoak eta beren ekintzak ezagutu nahi dituzte. Zientzia horiek, bat eginda, gizakiaren bizitzako alderdi guztiak lotzen dituzte: ideiak, asmoak, sentimenduak, poza eta hausnarketa. Historiarentzat jakingai diren errealitateek gutxi irauten dute. Gehienetan ez ditugu begi-bistan, eta iraganean bilatu behar dira.
Kontzientzia historikoak giza ekintzetan esku hartu nahi du, haien baitatik gizakien asmoak, nahiak eta gogoa gobernatzeko. Espirituaren zientzien eginbeharra ez da historiaren bilakaera igartzea, baizik eta ezberdina, beregain eta sortzaile diren giza ekintzetatik historia bera gauzatzea, moldatzea eta gidatzea.
Hermeneutika
Espirituaren zientzien bidez, gertaera historikoak eta gizakiaren barnetasuna lotuta agertzen dira. Azken hori errealitate ikusezina da, eskuragarria ulermenaren bitartez. Gizakiaren barnetasuna bere bizitzako fenomenoek osatuta dago, eta bera ulertzeko, lehenbizi zentzua eman behar zaio, lehengo gizakien ekintzez jabetzearen bitartez.
Horixe da hermeneutikaren eginbeharra: iraganeko bizitzaren zentzuaz eta nahiaz jabetzen den neurrian, oraingo bizitzari laguntzen dio.
Beraz, hermeneutika erabat praktikoa da.
Gottlieb Daimler, bere lehenengo modeloetako batean. Alemania, 1891.
Auguste Comte
Comte-ren Politika positiboaren sistema lanaren azala. Paris, 1851.
Auguste Comte filosofo frantziarra (1798- 1857). Saint Simon kondearen idazkaria izan zen. Hamasei urterekin, Eskola Politeknikoan sartu zen, Frantziako elitearen ikastegian, alegian. Itzal handia izan zuen XIX. mendeko pentsaeran, eta bere lanaren miresleetako bat John Stuart Mill izan zen. Comteren lan nagusiak: Filosofia positiboaren ikastaroa eta Katixima positiboa. .
Wilhelm Dilthey
Dilthey-ren Espirituaren zientzietarako sarrera lanaren azala. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.
Wilhelm Dilthey
(1833-1911), filosofo alemaniarrak ideien historia aztertu zuen; unibertsitateko irakasle, buru-belarri ekin zion irakaskuntzari bere bizitza osoan. Bere ikerlanen bitartez bizitzaren filosofia bat osatu nahi zuen, industria, teknika eta zientziaren aurrerakuntza etengabearen frenesian. Ondokoak dira bere libururik aipagarrienak:
Munduaren gaineko ikuspegien teoria eta Espirituaren zientzietarako sarrera
.
