FILOSOFIA

Schopenhauer

Arthur Schopenhauer-ek batzen ditu XVIII. mendeko mundu ilustratua eta XIX. mendean azaleratzen hasia den mundua. Hala ere, etsipena da bi mundu horiek elkartzen dituen jarrera, azken batean mundu burgesaren ideia handiak (Estatua, filosofia idealista eta aberastasun materiala) porrotaren erakusgarria baino ez direlako. Porrotaren aurrean, eta kristau ikuspegia filosofia hutsa bihurturik, Schopenhauer-ek gizabanakoaren patua hartzen du ardatz gisa.

Mundua irudikapen gisa

Schopenhauer-ek Kanten filosofiaren muina hartu zuen abiapuntutzat: mundua esperientziaren bidez eskuratzen dugu, sentimenen eta adimenaren bidez, alegia. Kategoriak noraino iritsi, hantxe dugu muga, beti errealitatea inguratuz.

Schopenhauer-entzat baliagarria da bi eremuren arteko bereizketa: fenomenoen esparrua batetik, eta errealitatearen beraren esparrua bestetik. Esperientziaren fenomenoak eskuragarri agertzen zaizkio gizakiari, erlazioen bidez eratutako irudikapenen bidez:

  • Kausazko erlazioak.
  • Denborazko erlazioak.
  • Espazio-erlazioak.
  • Erlazio logikoak.

Erlazio mota horiek guztiak arrazoibide nahikoaren printzipioaren araberakoak dira. Beraz, mundua ez da subjektu ezagutzaileak egiten duen irudikapena baizik.

Arrazoibide nahikoaren printzipioa: gure irudikapen guztiak erlaziozkoak baino ez dira, eta erlazioak esperientziaren aurrekoak dira, ez dute loturarik berarekin.

Nahimena

Gizakiak mundutik eratorri duen irudikapena azaleko irudi hutsa da, eta hortik haratago badago barne errealitate bat ere: munduaren berezko errealitatea. Alde biko errealitate honi lotuta, gizakiak ere bi modutan irudikatzen du bere burua: objektu bat bezala eta, aldi berean, , indarra edo nahia duen izaki bat bezala. Adierazpen-nahia gorputzaren mugimenduetan zein pentsamenduetan ageri da.

Honakoak dira nahiaren ezaugarriak:

  • Subjektuaren nahimena eta fenomeno guztien atzean dagoen nahimena berbera dira.
  • Mundu organikoa da nahimenaren adierazpidea.
  • Nahimenak ez du funtsik: haren ondoren ez dago kausarik edo arrazoirik, bera baita azken errealitate bat.
  • Nahimena itsua da: ez dauka helbururik edo betekizunik, existentzia bera ez bada.

Estetika

Schopenhauer-ek artearen ezarpena proposatzen du, eramangarriagoa egiten baitu bizitza. Nahigabeak arintzearren, gizakiak proportzio ederreko mundu bat osatu du (arkitektura, poesia, musika), bizi-nahia benetako mundutik bananduz. Arte gailenak tragedia eta musika dira.

  • Tragedia da giza bizitzaren benetako irudia; bizitza antzeztuz, gizakiak nahigabea, bidegabea eta gaizkiaren garaipena ezagutzen ditu.
  • Arte-forma guztien artetik, musika da gehien hurbiltzen dena gauzetako barne-barneko errealitatera. Izan ere, musika ez da ideia baten adierazpidea edo nahiaren gauzatze soila; musika nahimen hutsa da, gauzen barne-barneko izaera bera.

Etika

Schopenhauer-en moralak etika kristaua eta antzinako hinduen filosofia ditu oinarri. Lege edo aukeratze librean oinarrituz, moralezko betebeharren justifikazioaren hipotesiei uko egiten die. Aitzitik, giza jokaeraren oinarrian nahimena, izaera eta egonkorragoak diren arrazoiak daude.

  • Norberekeria: bizi-nahiaren adierazpiderik nabarmenena da; giza harreman guztietan ageri da; norberaren nahiak dira bere helburua; ekintzarako pizgarria da eta amoraltzat jo behar da.
  • Maltzurkeria: gaiztakeriarako joera da, bertutearen kontrakoa; bera da oinarria moralitaterik ezarentzat; gizakiaren berezko ezaugarria da, ezezaguna beste izaki guztiengan.
  • Errukia: moralaren benetako oinarria. Bakoitzak bere burua iruditzen du besteen nahigabeekin. Horrela, errukia norberekeria moteltzeko eta hurkoaren ongizatea areagotzeko tresna da. Lehenengo urratsa da salbaziorako bidean eta norberaren fenomenoez haratago begiratzean datza. Berari esker, "Mayaren Errezela" zeharkatu daiteke, eta nor bere azpian dagoen errealitatera eta gauza guztiak bateratzen dituen nahimenera iritsi daiteke.

Schopenhauer eta budismoa

Bere burua ateotzat jotzen bazuen ere, Schopenhauer-ek begirune osoa erakusten zien kristautasunari eta budismoari, baina neurri berean gaitzesten zituen judaismoa eta islama. Esan bezala, Schopenhauer-en filosofia eta budismoa bat datoz zenbait arlotan:

  • Behatzaileak parte hartzen du modu zuzenean fenomenoen eta esperientziaren esparruan..
  • Kanpoko mundua aldakorra eta igarokorra da, irudi-multzo bat da.
  • Gauzen barne-errealitatea, azken buruko azken errealitatea, ezin da kontzeptuen edo kategorien bidez eskuratu; hortaz, ez dago ezer esaterik berari buruz.
  • Azken izaera bakarra da izaki bizidun guztientzat; beraz, izaki bizidun bati kalte egiten badiogu, denon izate betierekoari egiten diogu.
  • Zorionaren gakoa ez dago kanpoko munduarekiko loturan, harengandik aldentzean baizik. Horrek grina eta nahiak bazter uztea eta aszetismoari heltzea eskatzen du.

Arthur Schopenhauer

Arthur Schopenhauer
(1788- 1860). Alemanian jaio zen, Danzig-en. Aita merkatari arrakastatsua zuen, eta ama nobelagilea. Frantzian, Ingalaterran eta Suitzan ibili zen, eta medikuntza ikasketak egin zituen. Hinduismoa eta budismoa ezagutu zituen, eta bere burua ateotzat aitortu zuen mendebaldeko lehenengo filosofoa izan zen. Ondokoak dira bere lanik garrantzitsuenak: Mundua borondate eta errepresentazio gisa, Naturaren borondateari buruz eta Etikaren bi arazo nagusiak.

 

Artearen instituzioa


Schopenhauer-en ustez, artearen instituzioa aringarri bat da gizakiarentzat, jasangarriago egiten baitio errealitatea; mundu atsegin eta engainagarri bat azaltzen dio aurrean, eta modu berean erakusten dio alferrik ari dela halabeharraren kontra, arrazoimenak bizitzaren patua jakin dezakeelako, ez ordea, aldatu.