FILOSOFIA

Xabier Zubiri

Xabier Zubiri

Xabier Zubiri, gure garaiko pentsalari berezienetakoa da. Husserl eta Heidegger-en jarraitzailea izan zen. Filosofia klasikoaren gai gehientsuenak jorratu zituen.

Gaztetan bere lanetan eragin handia izan zuten filosofoak jarraitu zituen

Xabier Zubiri, Donostian jaio zen, 1898. urtean, eta Santa Maria ikastetxean ikasi ondoren (1905-1915), filosofia eta teologia ikasketak hasi zituen Madrileko Apaizgaitegian. Han bere filosofiako prestakuntzarako oinarrizko eraginak izan zituen. Ortega y Gasset-ek Zubiri Europako pentsamenduko joera nagusienetako batera eraman zuen, eta , bereziki, Husserl-en fenomenologiara.

Doktoretza lortu eta apaiztu egin zen

1920. eta 1921. urteen artean, Zubirik Lovainako Unibertsitate Katolikoan ikasi zuen. 1920ko maiatzaren 20an, Ortegak zuzenduta, Madrilgo Unibertsitate Zentralean Ensayo de una teora fenomenlogica del juicio izeneko filosofiako doktoretza-tesia aurkeztu zuen. 1920. urteko azaroan teologiako doktoretza lortu zuen Erroman. 1921. urtean Iruñean apaiztu zen.

Bere ikasketak zabaldu eta garaiko jende garrantzitsua ezagutu zuen

1926an, oposizio bidez lortu zuen Zubirik Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Filosofiaren eta Letren Historiako katedra. Xabier Zubiriren gelakideak, besteak beste, Ortega y Gasset, Adolfo Bonilla San Martin, Manuel B. Cossio, Julian Besteiro eta Manuel Garcia Morente izan ziren. 1929an, Friburgo Brisgoviakora joan zen bere ikasketak zabaltzeko.

Sekularizazioa lortu eta ezkondu egin zen

1930. urtean, Zubiri Berlinen izan zen eta, besteren artean, Albert Einstein ezagutu zuen. Garai horretan, zientziaren aurrerapenek filosofian sorrarazten dituzten ondorioak ikertzen jardun zuen. Aurrerapen horiei aurre egiteko Husserlek eta Heideggerrek hasitako bidea jarraitzea beharrezkoa zela uste zuen. 1931. urtean, Zubiri berriz itzuli zen Madrilera bere katedrara. Urteotan, bere etorkizuneko ibilbide filosofikoa ulertzeko giltza bihurtu ziren lanak burutu zituen. 1935. urtetik aurrera, Zubiri Erromara joan zen sekularizazioa lortzeko asmoz. 1936ko martxoan Carmen Castro Madinabeitiarekin, Amrico Castroren alabarekin, ezkondu zen. Garai horretan, Zubirik ekialdeko hizkuntzak ikertu zituen.

Zubiri emaztearekin Zubiriko herrian

Bere pentsamoldearen erradikalizazio-garaia

Madrilgo apezpikuak jarritako trabak zirela medio, ezin izan zen berriz itzuli lanera hiri horretan eta Bartzelonara joan behar izan zuen. Hala ere, garaiko askatasun-falta zela eta, unibertsitatea utzi behar izan zuen eta eszedentzia eskatu zuen 1942an. Etorkizunean ez zen berriro itzuli unibertsitatera. Madrilera itzuli zen eta ikastaro pribatuak eman zituen. 1944an, Naturaleza, Historia, Dios obraren lehenengo argitaraldia prestatu zuen. Lan hau Zubiriren garrantzitsuenetakoa da. 1946an Amerikako Estatu Batuetara joan zen eta Princetongo unibertsitatean hitzaldia eman zuen. 1947. urtean, Zubirik zuzenduriko Ikerketa eta Argitaratze Elkartea sortu zen. Elkarte horretan bere pentsamendua azaldu eta eztabaidatuko zuen, besteak beste, Pedro Lain Entralgo eta Jose Lopez Aranguren ikasleekin. 1953an bere ibilbidearen aintzatespenaren hasiera izango zen Xabier Zubiriri omenaldia argitaratu zuten. 1944. urtetik aurrera Zubiriren pentsamoldea, Heideggerrek idatzitako Izakiaren ulermena obran oinarrituta, erradikalizatu egin zen. 1962. urtean Sobre la esencia argitaratu zen.

Aintzatespenen garaiaren hasiera

Zubiriri argitaratu zioten hurrengo liburua, Cinco lecciones de filosofia izan zen eta aurrekoa baino entzutetsuagoa egin zen. 1970. urtean Xabier Zubiriri omenaldia obraren bigarren zatia argitaratu zuten. 1971. urtean, Xabier Zubiri Mintegia sortu zen, batez ere, bere jarraitzaileek Zubiriren pentsamoldeaz eztabaidatzeko. 1973an ikastaroa eman zuen Erromako Unibertsitate Gregoriarrean. 1974an, bere ikasle batzuk partaide zirela, Realitas lanaren argitalpena hasi zen.

Realitas

Realitasen bigaren liburukia

1979. urtean Alemaniako Errepublika Federalak Merituaren Gurutze Handia eman zion eta 1980. urtean Deustuko Unibertsitateak emandako honoris causa doktoretza lortu zuen. 1982an, Severo Ochoarekin batera, Ramon y Cajal ikerketa-saria jaso zuen.

Bere behin betiko lana argitaratu zuen garaia

1980. urtean, La inteligencia sintiente lanaren Inteligencia y realidad izeneko lehenengo alea argitaratu zen, 1982. urtean Inteligencia y logos, eta 1983. urtean hirugarrena eta azkena, Inteligencia y razn. Lanokin, Zubiriren pentsamoldea argi gelditu zen. Lan horretan zientzia-gaietatik gai artistikoetara bitarteko gaiak jorratu zituen.

Azken lana amaitu gabe hil zen

1983. urtean gaixo zegoela, bukatuko ez zuen liburu berria prestatzen hasi zen Zubiri, El hombre y el dios izenekoa hain zuzen. Irailaren 21ean Madrilen zendu zen. Hala ere, Zubiriren ikasle eta jarraitzaileek Zubiriren hainbat lan gehiago argitaratu zituzten.

Xavier Zubiri Fundazioa

Xavier Zubiri Fundazioa 1989ko apirilaren 17an eratu zen. Horren aurretik Fundazio zabalago baten barruan egon zen. Zubiriren beraren borondatez, pentsalariaren filosofia-ondarearen gordetzailea da. Zubiriren emazte eta Américo Castro historialari handiaren alaba Carmen Castrok utzitako Américo Castroren eskubideak ere jarauntsi ditu Fundazioak.